martes, 28 de diciembre de 2010

Emilio Majuelo, NUPeko Ikerketa Saria.

Txalaparta, 2008.
Emilio Majuelo Gil auzokide eta Historia Garaikideko irakasle titularrak eskuratu zuen aurreko ikasturtean Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetako Ikerketa Saria NUPen. 2007-2008. urteetan zehar egindako ekarpen zientifiko hoberen izendatu dute “La generación del sacrificio: Ricardo Zabalza 1898-1940” izenburua duen liburua.

Majueloren ikerketa lanak, Txalaparta argitaletxeak argitaratua, Ricardo Zabalza buruzagi sindikalaren eta haren lagun eta kideen bizitzaren berri ematen du, haurtzarotik hasi eta 1940eko otsailean erail zuten arte.
-     Ezkaba: Nola bizi zenuen ekarpen zientifiko hoberenari egindako aitortza instituzional hori?
-     Emilio Majuelo: Oso pozik, noski. Alde batetik ez delako batere erraza Unibertsitatea den esparru endogamikoan horrelako saria jasotzea; berez sari honen deialdira liburu hau aurkeztea animatu zidana izan zen epaimahaia osatzen zuten kide guztiak kanpokoak izatea. Are gehiago berme hori, epaimahaiaren erabakitzeko neutraltasuna, behar nuen Nafarroako UGTko pertsona batzuek nire liburuari eta niri bereziki antolatutako boikota ikusita. Unibertsitateak erakunde bezala zuzen jokatzeak poztu nau eta eskertzekoa da. Bestaldetik Unibertsitateak berak instituzio autonomoa, giza miserien gainetik, funtziona dezakeela agerian gelditze horrek ikerlari gazteak bere ikerketa lana ahal eta hobekien egiten saiatzea, horretan jarraitzea, animatuko dituelakoan nago.
-     E. :Zer suposatzen du hori bezalako ikerketa batek? Zenbat urte eman dituzu?
-     E.M.: Liburu honekin urte asko eman dut, hamar urte luze, agian liburu honek tratu berezia merezi zuelako. Oraingo honetan ez nuen presio akademikorik ezta pertsonalik testuari bukaera presaka emateko. Nolabait egin nahi nuen liburua egin arte ez diot itxiera eman.  
-     E.: Zergatik Ricardo Zabalzaren biografia?
-     E.M.: Ricardo Zabalzak merezi zuen ikerketa biografiko sakon bat: Euskalduna (berez Baztangoa zen), etorkina (hamasei urte Argentinan eman zuen), langilea (merkataritza-denda bateko langilea), maisua, kazetaria, sindikalista, politikaria… Argentinako Bahia Blanca hiriko sindikalgintzan oso arduratsua eta ezaguna; gero nekazari txiroen eta jornalarien UGT osatzen zuen FETT sindikatu handiko idazkari orokorra (1934-1940 bitartean); Badajozeko diputatua 1936an (hauteskunde-zerrenda sozialistarekin aurkeztua); Valentziako gobernadore zibila gerra zibilean… Azkenean faxistek fusilatua. Arlo askotan izaniko garrantzia eztabaidaezina dugu nahiz eta orain arte berak biografiarik ez izan.
-     E.: Biografia politikoa baino, protagonistaren bizitza pertsonal eta soziala izan duzu helburu.
-     E.M.: Biografia hau ez da biografia politiko bat. 1930ko hamarkadako politikaz idatzi dut baina bereziki interesatu zaidana errealitatearen beste dimentsio sozialean ematen dena izan da. Nola azal daiteke lider politiko eta sindikal baten jardueraren garrantzia, berari, isiltasunean, edozein unetan laguntza eman dioten pertsonen, lagunen, auzokideen, sindikatuko kideen eta familiakoen bizitza, izenak, haien gorabeherak, azkenean, hauen guztien historia aipatu gabe? Jende xume hauek liderra egin zuten Zabalza eta hau ulertezina egiten zaigu ez bada haren familiaz eta lagunaz zerbait sendo esaten.
-     E.: Nori dago zuzendua?
-     E.M.: Hau bai galdera polita zeren garai hartako jende asko akatu zutenean bazirudien Historia bera bukatuko zela eta garaituei denbora luzean zehar horrela iruditu zitzaien. Gero gauzak ez dira horrela suertatu, historia ez baita inoiz agortzen, eta guk geuk Franco hil baino lehenagotik bizi izan genituen borrokaz betetako garai berriak sortzeak hori frogatzen zuen: historia ez zela bukatuta beste baldintzetan ematen zela baizik. Gaur egungo gazteriaren aurrean ikasi eta bizi izan dugun guztia eskaini dezakegu, esperientzia horien guztien inguruan hausnarketa egin dezagun. Historia porrotaz beteta izaten da baina historia bera ez da agortu eta gazteriak bereziki bere egoeraz hausnarketa sakona egin beharko du, beti egin den bezala. Haientzako dago nire liburua zuzendua eta oso barneraturik izan ditut haien premiak eta itxaropenak idazteari ekin nionean.
-     E.: Zergatik “La generación del sacrificio” izenburua?
-     E.M.: Izenburu honetarako Zabalzak fusilatzeko gauean (1940eko otsailaren 24an) bere emazteari zuzendutako gutun batean aipatzen dion esaldi batez baliatu naiz. Gutun horretan zioen beraien belaunaldia faxismoarengatik suntsiturik izan zela baina etorkizunari begira bere uneko porrota ez zela betirako izanen. Faxistek ezin izango zituzten errepublikarren eta iraultzaileen ideiak behin betirako desagerrarazi.
-     E.: Zer dela eta Erratzuko gazte bat Argentinan?
-     E.M.: Hau oso gauza normala izan da egoera ekonomiko kaxkarra zabaltzen denean. Garai hartan etorkizuna beste kontinentetara joateko aukeratik pasatzen zen, batez ere Hegoamerikara. Famili ugariko seme zaharra izanik Argentinako abentura bizitzera ausartu zen hamabost urte zituelarik (1913an). Han aurreko pentsatzeko moduarekin hautsi eta langile kontzientzia sortuta bere konpromiso sozialari ekin eta eutsi zion hogeita bost urte beranduago fusilatu izan arte.
-     E.: 1929an Iruñera itzuli zen. Nola eragin zion 30. hamarkadaren egoera interesgarri bezain gatazkatsu hark?
-     E.M.: Zabalzak Argentinan lortutako eskarmentuak eta heldutasunak erraztu zioten II. Errepublika aldarrikatuta izan bezain laster bere konpromisoari bide egokia aurkitzen. Bizi zen toki guztietan bere eragin iraunkorra nabaria izan zen: Jaka, Iruñea, Madril, Valentzia…
-     E.: Liburuan Zabalzaren inguruan izandako hutsune informatiboa eta topikoak azpimarratzen dituzu, zeintzuk dira topiko horiek?
-     E.M.: Zabalzaren irudirik topikoena marraztu da bururik gabeko militantea zela. Jornalarien sindikatuko buru izanik 1934ko gizarte gatazka larrienetan parte hartu zuen, UGTko beste buruzagien kontra aritu zen urte hartako nekazaritza greba orokorrean. Greba galdu zen, eta gero berari eta bere erradikaltasunari grebaren porrota leporatu zioten. Baina egoera hura askoz konplexuagoa zen topiko horrek iragartzen duena baino. Zabalza ordea oso bestelakoa zen, ikasle, burutsu, hausnartzeko gaitasun handikoa…
-     E.: Errepublika espainolaren aurkako matxinoen esku bukatu zuen. Honetan ere zoritxarreko  amaiera, ezta?
-     E.M.: Oso egoera nahasian bizi ziren gerraren azken egunak. Jendea alde egin nahian eta ezin. Zabalzak bere nortasun helduaz baliatuz lasaitasuna mantendu zuen, jendea antolatzen, prestatzen, duintasunari eusten baina ez zen Alacant-eko kaitik inolako irteerarik izan. Hor milaka harrapatu izan ziren, horien artean Zabalza; gero tratu txarrak jaso, polizia-etxean ia txikitu, eta gezurraz betetako epaiketa izan eta gero fusilatu zuten.
-     E.: Azken orrialdean gogoan dituzu Zabalzaren ondoan fusilatu zuten gaztea eta gainontzeko biktima anonimo guztiak.
-     E.M.: Paragrafo sakon horietan hau bakarrik esan nahi nuen: historia edo ikerketa historikoak ematen digun ezagutzak garaituen min sakonak hobeto eramateko balio behar izan du, bestela historiaren funtzio soziala ez da existitzen eta hori gabe zertarako historia ikertzea? Ezagutza historikoak asko balio du edozein egoera hobeto ulertzeko; ulermenarekin batera gure minak ez dira desagertuko baina eramangarriagoak bihurtzen dira. Dena den eta kasu honetaz aipatu duzun galdera horri erantzuten, garbi da gerran garaituen artean pertsona baten bizitza ezezaguna den bitartean historialariek ezinbesteko lana egin beharko dute beretaz jakin ahal den guztia bere familiakoei, lagunei, guztiei, eskaintzeko, haien mina hobe eraman dezaten.
-     E.: Noizko Ricardo Zabalzaren biografia politiko-sindikala?
-     E.M: Ogia egiten den bezalako prozesua da hau. Zabalzaren bigarren liburukiaren testua labean sartzeko modukoa daukat baina horretarako oraindik ez du irakite-punturik. Hori bai, zin egiten dizut beste hamar urte ez dudala beharko (“La generación del sacrificio”rekin gertatu zaidan bezala) Zabalzaren biografia politikoaren liburua argitaratzeko.

Testua: Patxi Abasolo Lopez

[Ezkaba aldizkaria, 180 zka., 2010eko abendua]

No hay comentarios: