sábado, 22 de enero de 2011

Ezkaba aldizkaria eta Euskara

Argazkia: Patxi Abasolo

  1. Durante el 2010, se han escrito tan sólo 21 artículos en euskera, es total, 31 páginas. Esa producción no llegaría a completar un sólo número de la revista.
  2.   En enero, marzo y octubre no llegó a publicarse nada en euskera.
  3. La portada es bilingüe desde el mes de junio (excepto en noviembre).
  4. En total, la producción en euskera es del 6,28 %. Sin tener en cuenta los reportajes gráficos y los anuncios, pues nos darían un resultado aún más preocupante.

  5. Las euskaldunas, por tanto, tenemos un buen reto por delante, para que la Ezkaba sea en verdad de todas y para todas. Anímate y envía tu crónica en euskera!


2010 urtea joan zaigu eta, horrekin batera, Ezkaba aldizkariaren 10 zenbakiak. Asko eta askotarikoak izan dira bertan argitaratutako elkarrizketak, kronikak, iritzi artikuluak, erreportaje grafikoak, errezetak eta abar. Horiek guztiak interesgarriak, zalantzarik ez. Hutsune handia ere izan dugula onartu behar da, hala ere.

Horiek guztiak interes handiko artikuluak, bai. Azken batean, gure auzoaren isla ezin hobea da Ezkaba aldizkaria. Arrotxapeako termometroa, emakumezko zein gizonezkoen eguneroko bizipenak ezezik, jendarte- zein herri-mugimenduenak ere islatzen baitu. Ez dira asmatutako artikuluak, gure auzoaren errealitatearen ispilua eta oihartzuna baizik.
Hori ez da, hala ere, egi borobila, gure auzokideen laurden bat ikusezin baitugu. Ez soilik Ezkaba aldizkarian, hori ere egia bada, baina horrek ez gaitu barkatzen, nik uste. Hona hemen artikulu honen helburua: auzokide horiek guztiak, euskaldunok, Arrotxapeako herena, ikustaraztea. Eta horiei guztiei dei zehazta luzatzea: Ezkabaren orrialdeek ere zuen eguneroko bizipenak islatzea, euskaraz, ea etorkizun hurbil batean heren bat ere izatera ailegatzen diren.

Euskararen egoera.
Izan ere, azken hamarkadetan Euskal Herri osoan bezala (Behe Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan salbu), Arrotxapean ere egoera soziolinguistikoa nahiko aldatu zaigu. Gero eta gehiago dira hiztun elebidunak. Eta esan behar dugu Nafarroa Garaian benetako miraria badela, ustezko Administrazio Publikoak ezarritako oztopoak aintzat hartuz gero.
Argazkia: Patxi Abasolo
2006ko datuen arabera, Euskal Herrian 16 urte edo gehiago duten biztanleen %25,7  (665.800 lagun) elebiduna da, %15,4 elebidun hartzailea (euskaraz ondo mintzatzen ez badira, ondo ulertzeko gai diren 397.900 pertsona) eta %58,9 erdaldun elebakarra. 1991n baino 137.000 elebidun gehiago daude 2006an.
Nafarroa Garaian ere kopuru hori handituz joan da. 56.400 pertsona (biztanleen %11,1) elebidunak dira, eta beste 38.600 pertsona (%7,6) elebidun hartzaile. Osotara, beraz, %18,7. Ez da kopuru makala, lurralde zabal batean hizkuntza bera ofiziala ere ez dela aintzat hartuta. 1991n baino 16.200 elebidun gehiago daude 2.006an. Elebidunak eta elebidun hartzaileak batuz gero, %18,7 bihurtu dira1991eko %14,1.[1]
Eta badaude beste datu positibo batzuk. Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1992an ikasleen %8 euskaldunak baziren, 2009an % 23,41 izan dira, NUPek berak jakinarazi duen bezala, horien artean Arrotxapeako gazte asko, Patxi Larrainzar-en hasitako ikasketa prozesuari Unibertsitatean segida emateko aukerarik ez badute ere.
Arrotxapean ere, euskaldun gehienok etxea, gertuko komunitatea zein erabilera eremu formalak gehienbat erdaldunak ditugu. Oso garrantzitua da, beraz, elebidun horiei euskara erabili ahal izateko guneak eta aukerak eskaintzea. Honetan ere, Ezkabak bere ekarpena egin behar du.

Ezkaba 2010.
Hona hemen 2010ean argitaratutako euskarazko artikuluen inguruan ateratako ondorio batzuk.
-          21 artikulu idatzi dira euskaraz, 31 orrialde osotara. Beraz, urte osoan ekoiztua ez litzateke gai izango Ezkabako ale bakarra osatzeko.
-          Hiru hilabetetan (urtarrila, martxoa, urria) ez da euskarazko artikulurik idatzi.
-          Maiatza izan da euskarazko orrialde kopuru handiena izan duen hilea, 6,5 hain zuzen.
-          Erdara hutsa da nagusia, hau da, erdarazko artikuluetan ere ez da euskararik, uztailetik 1512-2012 atalean eta urritik Historia atalean izan ezik, Patxi Abasolok sinatuak.
-          Azala ekainetik dugu elebidun, azaroan huts egin bazuen ere.
-          Euskarazko artikuluak, batez ere, zuzenean euskarari lotuak izan dira, hau da, Euskara eta Ezkaba Txiki ataletan argitaratuak. 21 artikulutik 14 Maite Indak eta Edurne Ollok idatziak dira.
-          Erdaraz nagusi den Rotxapeadero atalaren egileak, Bernardo Apestegiak, bere ekarpena egin du, apirileko artikulua euskaraz argitaratu baitzuen.
-          Auzoko eragileei begira, honako hauek dira euskaraz zuzendu direnak: Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Arrotxapeako Euskalgintza Bilgunea. Kanpoko eragileen artean, Gurelur eta Lurra izan dira bakarrak.
-          Osotara, % 6,28 besterik ez da Ezkaba aldizkarian euskaraz idatzitakoa. Erreportaje grafikoak eta iragarkiak aintzat hartuz gero, egoera askoz ere larriago litzatekeela ahaztu gabe.

Beraz, euskaldunok badugu lana, Ezkaba, benetan, auzokide guztion eta guztiontzako aldizkaria izan dadin. Anima gaitezen barrutik zein kanpotik euskaraz bizitzen! Euskaraz ere idatz dezagun!


Testua: Patxi Abasolo Lopez.
[Ezkaba aldizkaria, 181. zka., 2011ko urtarrila]


[1] Eusko Jaurlaritza, IV. Inkesta Soziolinguistikoa, 2006, 139-141; 201-203.

No hay comentarios: