sábado, 9 de abril de 2011

Maitatu, ikasi, ari... Arrotxapea euskalakari!

2011ko Korrika.


Atzo, 19:30etan, Arrotxapeako euskalakariok auzoko karrikak bete genituen. Jendetsa bildu zen KORRIKAri ongi etorria egin eta berarekin batera aurtengo MEZUA zabaltzeko prest. Ea auzoko euskaltzaleok atzo hartutako konpromisoari eusten diogun: Maitatu, ikasi, ari… euskalakari! Tipi-tapa, tipi-tapa… KORRIKA!



Zer da KORRIKA? Zergatik eta Zertarako sortu zen? Lehenik eta behin, AEKri buruz hitz egin behar. Alfabetatzeko eta Euskalduntzeko Koordinakundea da AEK, 60. hamarkadan helduei euskara irakasteko sortutako herri erakundea. Hasiera batean, Euskaltzaindian ibilitako hainbat kidek gau eskoletan klaseak ematen hasi ziren. Euskara pairatzen zuen (eta duen) jazarpenagatik, irakaskuntza eta herri mobilizazioa elkarrekin joan dira beti AEKren jardueran.

Korrika Euskal Herria! Euskal eskolen alde. AEK. 1980.
Korrika Euskal Herria! 1980.
AEK. 1980.


1980tik aurrera, euskal lurradean diren administrazioek AEK ekonomikoki itotzeko estrategiari abiatu zuten, zegozkion diru laguntza guztiak ukatuz. Horren aurrean, AEKk babes soziala lantzeari ekin zion. KORRIKA izan da, zalantzarik ez, helburu horrekin sortutako ekimen arrakastatsuena eta eraginkorrena.

Afari batean sortu omen zen KORRIKAren ideia, antolatzaileek gogoan dutenez: "afariarena anekdota hutsa da. Kontua da Bizkaiko herrialdean indar gehien zuen AEK-k bost miloi pezetako zuloa zuela, eta Euskaltzainditik jasotzen zuen babesa ere galtzear zegoela sumatzen genuela. Arazo hori oinarritzat hartuta, eta Bai Euskarari bezalako kanpaina batek izan zuen arrakasta ikusirik, AEKren aldeko kanpaina bat biribiltzea pentsatu genuen" (Euskal Herria Korrika, AEK, 1997).


Honetan bi bideo labur izango dituzu. Lehenengoan, duela bi urte Eitb-k ekoiztutako "1980-2009: Historia de la Korrika" dokumentalaren laburpena. Bertan azaldu bezala, 29 urte horietan, 30.000 kilometro baino gehiago egin ziren, eta 8 milioi pertsonak parte hartu zuten. Bigarren bideoan, Gose taldeak Korrika 17rako prestatu duen abestia.

video

[http://www.youtube.com  Iraupena: 03:16 min.]

video

[http://www.youtube.com  Iraupena: 04:11 min.]

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Nola, euskaraz bizi denari?
AEK-k eta Korrikak horiei guztiei izena ipini nahi diete Korrika 17rekin: euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, EUSKALAKARIA¹ da:

Euskalakaria da lehenengo hitza euskaraz egiten duen dendaria
Euskaraz sortzen duen artista.
Euskaraz diharduen lantegiko enpresaria.
Euskara sustatzen duen herritarra.
Euskararen aldeko neurriak hartzen dituen herri-ordezkaria.
Euskaraz lan egiten duen kazetaria, kirolaria, iturgina…

Euskalakaria da hitz egin ez baina ulertzen duenari euskaraz egiten diona.
Euskalakaria da ikasten ari dena, eta ikasten ari denarekin mintzo dena.
Euskalakaria da haurrari dakien beste euskara egiten dion gurasoa.

Euskalakaria alaia da.
Euskalakaria baikorra eta ekintzailea da.
Euskalakaria bizizalea da.

Euskalakaria naiz ni.
Euskalakaria haiz hi
Euskalakaria da bera.

Euskalakariak gu gara.
Euskalakaria zara zu.
Euskalakariak zuek zarete.
Euskalakariak haiek dira.

Korrika egiteko, grina eduki, oinez jakin eta abiatu egin behar da. Erortzeko beldurrik gabe. Euskaraz egiteko, maitatu, ikasi eta aritu egin behar da. Hanka sartzeko beldurrik gabe.

Tipi-tapa, tipi-tapa… Euskal Herria euskalduntzeko herritar bakoitzaren egitekoa, garrantzia eta protagonismoa aldarrikatu nahi ditugu.

Tipi-tapa, tipi-tapa…  Bakoitzaren abiapuntua zeinahi dela ere, herritar guztiak euskalakari izango diren Euskal Herria da Korrikaren azken helmuga. Euskal Herri euskalduna da AEKren azken helburua.
Maitatu, ikasi, ari… euskalakari!


¹: 1. iz. / izond. Euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duena. 2. iz. / izond. Euskara erabiltzeko helburuz, euskara maitatuz, euskara ikasi, eta hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Horretarako urratsak ematen dituena.


No hay comentarios: