jueves, 5 de mayo de 2011

Oroimen lekuak: Amaiurko Gaztelua.

Nabarralde ha publicado el número 28 de Haria, correspondiente a mayo de 2011, monográfico dedicado a "Lugares de la memoria". Como se explica en sus páginas, los "lugares de memoria" son aquellos sitios, reales o simbólicos, en los que la memoria colectiva se materializa, se visualiza, y que perduran en el tiempo como referentes destacados. La batalla de Orreaga, Gernika, Leire, castillos, euskera, el mar, el bertsolarismo... Entre ellos se encuentra el artículo que he escrito sobre uno de ellos, concretamente, el Castillo de Amaiur.

Amaiurko Gaztelua.

     Amaiur, 2011ko martxoaren 13a. Hamasei hilabete besterik ez 2012ko uztailerako, hau da, Gaztela eta Aragoiko Armada Nafarroako Erresumaren konkista abiatu zutenaren V. mendeurrenerako. Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako ehunka nafar bildu dira Amaiurko Gaztelua zegoen muinoan, duela bostehun urteko nafar menderakaitzak omentzeko asmoz. Bostehun urte pasa ondoren, XXI. mende hasieran, Nafar Herria bizirik dagoela berrestera.
Ez da lehenengoa izan, ezta azkena izango ere. Herri honen oroimenean toki esanguratsua baitu Amaiurrek. Oroimena berreskuratzean, Herriek bere historian izan diren gertaera historikoak gogorarazten dituzte, beti ere gertaera horien alde positiboa goraipatuz eta alde iluna ezkutatuz. Gurea bezalako Herrietan, ordea, mendeetan ikusezin bihurtzeko prozesu luzeak pairatu behar izan dituztenetan, negatiboa den hori bihurtzen da oroimenaren sorrera gune. Horrela gertatu zen 1522ko otsailean Amaiurrek jasandako porrotarekin. Bostehun urte beranduago, Herri honen zati handi batek ordaina exijitzen du iraganeko sufrimendu harengatik eta bere orainean izandako ondorioengatik. Horretarako sortu zen 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimena, benetako mugimendua oroimen bila.
 Egia da, 500 urteko gertaera tamalgarri horiek pairatu zituzten nafarrak, emakumezkoak zein gizonezkoak, hilda daude. Hala ere, esperientzia horiek ezagutzea ikustarazi digute mende hauetan guztietan hari jarraitu batzuk mantendu egin direla, ondorengo belaunaldiek ere pairatu behar izan dituztenak. Horregatik hunkitzen gaitu Amaiurko gazteluaren eremu zaharrak. Bostehun urte hauetan Amaiur asko izan ditugu eta ez ditugu ahaztu nahi. Gure seme-alaba askoren izena ere bada horren lekuko bizia.
Amaiur, 2009ko otsailaren 1a. Bezperan faxistek gazteluaren eremuari eraso egin zioten. Espainiako poliziak ezarritako kontrolei aurre eginez, ehunka nafar bildu ziren, “Herri konkistatu batek ezin duela pozez askatasunaren galera ospatu” aldarrikatuz.
Amaiur kanta izan dugu, ahoan zein bihotzean. Esteban Urkiagak, Lauaxeta, idatzitako “Amayur”i musika jarri dio Benito Lertxundik: “Gaztelu beltz ori” galdu zenetik “Naparruan ezta aberririk”. Exkixu taldearekin ere ozenki gogoratu ditugu Amaiurko lagun haiek: “Izerdi gorriz jantzita, armarriko arranoa, ezpatak gorantza, irrintzi baten zain, ateak eskuan, libre izan nahi”. Eta gertaera haren amaiera tragikoa: “Izerdi gorriz jantzita, armarriko arranoa izerdi gorriz jantzita, jausten da erreinua”.
500 urte latz, gu bezalako beste Herri askorentzat ere, duela 20 urte Amaiur Quetzal Agiriak salatu bezala. Berri Txarrak, Gozategi, Bizarduanak edo Banda Batxoki musika taldeak gogorarazi bezala.
Amaiur, 1982ko urriaren 10a. Udalak berreraiki zuen oroitarria, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko Diputazioen zein Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
XX. mendeko 30. hamarkadan, olerkia (1935), euskal batailoi errepublikarra (1936) eta astekaria (1931-36) ere izan genuen Amaiur. Urte horietan, 1931ko uztailaren 26an, leherrarazi zuten ezezagun batzuek Amaiurren zegoen oroitarria.
Amaiur, 1922. Laugarren mendeurrena zela eta, Arturo Canpionek Juan Iturralde y Suitek abiatutako egitasmoa berrartu zuen eta Gaztelua zegoen toki berean monumentua altxatu zen nafar defendatzaileak omentzeko. Nafarroa Garaiko Diputazioak ordaindu zuen zazpi herrialdeetako armarriak biltzen zituen haitzurdineko 8 metroko zutarria. Bere oinarrian honako leloa irakur zitekeen: “Napar askatasunaren alde Amaiurko etxarrian borroka egin zuten gizonai, betiko argia 1522”.
Beraz, gaur, XXI. mendearen hasieran, oroimen historikoa hedabideetan eta agenda politikoan dagoen arren, ez da batere gauza berria. Haitzurdineko 8 metroko zutarriak garrantzi handiko funtzio soziala betetzen du: biktimen oroimena bizirik mantentzea. Amaiurko monumentuaren kasuan, Nafar Herriaren alde azken unerako borrokatu zirenen oroimena eta, horiekin batera, inbasioa eta konkista gauzatu baino lehen Estatu subiranoa zuen Herri oso batena. Berreskura ditzagun, bada, guk ere, duela 500 urte, 1522ko otsail hartan, inbaditzaileen aurrean amore ez emateagatik berrehun nafar horiek bizi izandako esperientzia ederra bezain gogorra. Horiek guztiak izen abizenekin, horiek guztiak espoliatuak, iheslariak, gatibuak eta, horietako asko, erailak.
Amaiur, 1522ko otsaila. Ordurako nafar independentistek kontrolatzen zuten lurraldea oso murritza zen. Jauregizar, Jaso, Azpilkueta, Ezpeleta, Mauleon, Belzunce, Medranoko Belaz eta beste sendi gutxi batzuek 1521-1522 tarteko neguan euren babespean zituzten lurraldeak honako hauek ziren: Nafarroa Beherea, Donibaneko gotorlekua, Zangozako merinaldeko gune batzuk, Bidasoako bailara eta Hondarribiako plaza.
   10.000 soldadu inguru eraman zituzten Amaiurko gaztelura. Otsailaren 14 hartan, ordea, harresiak defendatuko zituzten ehun lagunak zein inguruetan espainiarren ahalegina zapuzten aritzen ziren beste ehun lagun nafar horiek ez ziren kikildu. Bost egun horietan erakutsitako adoreak eta erresistentziarako gaitasunak aho bete hortz utzi zituzten setiatzaileak. Armada inperialak 16 artilleria pieza erabili zituen, ordurako zaharkitua zegoen gaztelu baten aurka. Aurretik idatzitako gertaera izan zen hura. Azkenean, uztailaren 20an, gaztelua espainiarren esku erori zen. Jarraian, nafar familia leialen etxeak suntsituko zituzten Azpilkuetan, Iruritan, Bertizen eta Zozaian, abuztuaren 12an gazteluaren txanda ailegatu zen arte.
Latza izan zen derrota horrek eragindako errepresioa. Batzuk ihes egitea lortu bazuten ere (Arizalako Juan eta bere semeak, Juan Martinez Sanz eta Juanto Txipia), defendatzaile esanguratsuenak atxilo eraman zuten Iruñera: Medranoko Jaime Belaz eta Luis bere semea, Xabierko Miguel, Azpilkuetako Juan, Azkonako Fernando, Juan Bertiz Gamboa eta Mauleongo Luis eta Victor anaiak. Bizitza errespetatuko zitzaiela hitzartu zuten arren, Belaztarrak espetxean erail zituzten, eta beste batzuen berririk ez dugu izango, Bertizko jauna edo San Martin, esate baterako.
Amaiur Gaztelua erori ondoren, horrela dio garai hartan nafarrei buruz egindako deskripzio batek: “como ovejas sin pastor […] padecieron sus casas y haciendas y parientes, grandes infortunios por la dura gobernación y mal conciencia de Castilla y por falsas acusaciones, unos vivieron en destierro, otros fueron degollados a gran sin razón, otros muy maltratados y atormentados, en especial en tiempo de la gobernación del regidor conde de Miranda, el cual fue destruidor de sus parientes [los agramonteses], todo esto por sostener su lealtad, puesto que los castellanos a todos los que hicieron su parte, llamaban leales y a los que hasta la muerte siguió y siguieron, traidores”.[1]
Amaiur, 1512. Esperientzia traumatiko horiek, hala ere, ez ziren hor eten, ezta abiatu ere, 1512ko uztaila hartan (eta lehenago) hasitako zorigaiztoko liburu beltzaren orrialde batzuk besterik ez. Izan ere, urte hartan, Amaiurren, Frances de Beaumontek garaitu zuen borrokaldia, eta Anton Alguacil jarri zuen gaztelua zuzentzeko. Armada inbaditzailea Nafarroan sartu zenetik, ofizialki, desagertu egin ziren nafar menderakaitzak. Aurreratzean, “frantsesak”, “traidoreak”, “lapurrak” eta “bide-lapurrak” izango ditugu espainiar zein frantziar historiografietan. Ez, ordea, garaiko nafarrentzat, 1521ean, Amaiurko Gaztelu erori baino hilabete batzuk lehenago, Venetziako enbajadore Gaspar de Constantinik Karlos I. enperadoreari idatzi zion bezala. Nafarroan, bi alde izanda ere (agramondarrak eta beaumondarrak), “universalmente, todos los de este reino tienen odio a los españoles y desean su rey natural”.[2]
Oroimen historikoa berreskuratzea diogunean, oraindik itxi gabeko prozesuaz ari gara, mendeetakoa bada ere, gure kasuan bezala. Irekita dago, oraindik odola dario, ordainaren zain dagoen prozesua. Garrantzi handia du, beraz, egia berreskuratzeak eta biktimei lapurtutako duintasuna itzultzeak. Biktima horiek duela bost mendetan bizi, maitatzen eta sufritzen bazuten ere.

[Patxi Abasolo Lopez, "Amaiurko Gaztelua", Haria, 28  zka., 82-85 orr.]




[1] Pedro Esarte, Navarra 1512-1530, Pamiela, 2001, 769 or.
[2] ibídem.

No hay comentarios: