martes, 28 de junio de 2011

Arrotxapeako Egunkaria/Diario de la Rotxa (5)


  Azken hilabete hauetan hobeki ari naiz Euskal Herria ezagutzen, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenari esker: Algorta, Urruña, Legutio, Oibar... Kilometro gehiegi badira ere, oso abertsa izaten ari da bertako jendearekin patxadaz solasteko aukera izatea. Hori bai, askotan ni bakarrik errepidean, isiltasuna, ilargia eta izarrak bidelagun. Ekainaren 15ean, adibidez, Elorriotik nentorrenean, gaueko 11:00etan, aukera ederra izan nuen ilargiaren eklipsearekin gozatzeko, benetan ederra!
  Berri tristeak ere izan ditugu Arrotxapeako lagunok. Larri ziren bi lagun joan egin zaizkigulako. Tira, bada, triste eta lasaigarria ere, horrekin sufritzeari utzi baitiotelako. Ekainaren 7an Pili Izurak utzi gintuen, Juanito Rübenach-en neska-laguna. Juanitoren semeak, Jon eta German Rübenach ezin izan ziren hurbildu azken agurra ematera. Urrunegi daude, Frantziako zein Espainiako ziega ilunetan. 
Hona hemen Puerto IIIko euskal preso politikoek bidalitako hitzak: “Azken agurraren lurralde laiotzetan ilunetik irten / eta argitasuna urratuko dugu garai berrien bila”.Gure Txoko honetatik ere, besarkada gozo bat Juanito eta Iruntzerentzat.
  Margari Aiestaran ez genuen auzokide, baina bai oso ezaguna hainbat lagunen artean. Margari eta Justo de la Cueva, biak soziologoak, komunistak, Herri honekin oso konprometituak. Ekainaren 19an, igandean, agur xumea bezain hunkigarria egin genion familiak eta lagunok, Otsoportillon (Urbasan)  zorigaiztoko tokia Errepublikaren aldekoentzat.
 Hainbat lagun Arrotxapeatik ere bertaratu ginen, ekitaldiari hasiera eta amaiera eman zien txalapartariak ere bai. Justok hitza hartu eta gogora ekarri zizkigun Margarirekin izandako lehenengo hartuemanak, lehenengo musuak eta besarkadak. Margari, “una traidora a su clase”, bota zuen bere senarrak. Izan ere, Justoren eskutik, jaiotzez zegokion klaseari muzin egin eta langileon klasea besarkatu zuen. Espainian izan zen, Madrilen, frankismoaren urte beltzetan. Eta hortik geroztik, beti ere Marxek zioenari jarraiki, borrokatzen. XIX. mendeko bizardun hark zioen bezala, borrokatzea maitatzea baita. Justoren hitzetan, hona hemen maitasun horren froga: “ez genion begietara elkarri begiratzen, norabide berean baizik, helburu bera baikenuen iparrizar: bestelako mundu justuago, komunismoa, sortzea". Hemendik ere beste besarkada goxo bana Justo, Zuriñe eta Zuzenentzat.
  Ekainaren 23an, Udako Solstizioa, urteko gau politena, nire ustez. Eta nire urtebetzea, 44, beraz, ongi ospatu behar, ezta? Aurten ere Bulebarrera hurbildu gara jauziak egitera suaren gainetik, suak eraman ditzan berekin, urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzala. Ongi pasatu dugu Patxi Larrainzar ikastetxeko gurasoekin batera. Bokatak, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ardo ondu bikaina, suak, Rotxaranga... Portzierto, gure hozkailua beste norbaitek eraman zuen. Bi minutu despistatu eta...ale hop! Hozkailurik ez. En fin!
  Hurrengo egunean, ekainaren 24an, auzoko El Salvador Merkatarien Eguna: jokuak, paellada eta dantzaldia Martzelo Zelaieta kalean. Bai, Martzelo Zelaietaren zati bat aske, Bernardino Tiraputik Lau Haizetara, kotxerik gabe! Egin daiteke!! Arrotxapeako Kirol Taldeko bazkideen eguna ere izan da. Eta gauean To' kan Guay kontzertua Zokoa tabernan, betiko rockarekin gozatzeko aukera ederra.
  Igande honetan, ekainaren 26an, goizeko 8:45ean hamar bat auzokide 16 villavesa hartu eta Getzera abiatu ginen, Nabarraldek antolatutako Noaingo Bataila oroitzeko martxan parte hartzera. Aurten, Ulibarrenaren monumentuan azken bataila handi hartan hildako 5.000 nafarri omendu ondoren, nik neuk izan nuen lehenengo metroak makila eramateko ohorea, 1512-2012 Nafarroa Biziriken izenean.
  Bai, eklipseak eta Solstizioak, laguneei eskainitako agurrak, gaurkoei zein duela mende askotakoei, kontzertuak eta parrandak... denetik gure Arrotxapean, bizirik dagoen seinale ukaezina.



2 comentarios:

Anónimo dijo...

Gustoko dut zure bloga, segi horrela, "engantxatuta" naukazu.

Patxi Abasolo Lopez dijo...

Kaixo lagun anonimoa,
zuek horrela segituz gero, ni ere "engantxatuta" jarraituko dut.
Besarkada bat
Patxi