viernes, 24 de junio de 2011

Donibane gaua eta udako solstizioa (eta II)

3.- Donibane gauarekin lotutako zenbait kontu.
Gipuzkoako Anoeta herrian, San Joan hirugarrenean, hau da, ekainaren 23an, arratsaldeko laurak aldera, oilasko jokoa izaten zen herriko plazan. Jokoaren ondoren aurreskua dantzatzen zuten.

Donostian, Gipuzkoako herri gehienetan bezala, herriko plazan lizar handi bat jartzen dute eta San Joan gauean, herriko agintariek aurreskua dantzatzen dute zuhaitzaren aurrean. Ondoren, belarrez eta zuhaitz-adaxkez egindako metari su ematen diote, eta plazan bildutakoek dantza egiten dute su-metaren inguruan hasieran eta gero jauzika aritzen dira suaren gainetik.

Nafarroako Arraiotzen, San Joan bezperan, elorri zuriaren adarrak mozten dira eta San Joan-lore (3), intxaur hosto eta iratzezko sorta bat osatu. Festa eguneko mezan bedeinkatzen dira sorta horiek eta ganbaran lehortu. Ekaitza lehertzean, sorta horietako lore eskukada batzuk botatzen dira sutara, eta kandela bat pizten, eguraldia hobetu arte horrela edukitzen dena.

Gipuzkoako Elduaien herrian, oraindik bizirik da oso goiz irteteko ohitura San Joan goizean lizar edo gorosti bila, etxe atariko bi aldeetan jartzeko. Euskal Herriko bazter askotan errepikatzen da errito hau. Egun batzuen buruan, eta lehorrak daudenean, adarrak kentzen dira. Horrela etxea babesturik dago ekaitzetatik.

Gipuzkoako Oiartzunen Euskal Herriko edozein herritan bezalaxe, San Joan Gauaren indar magikoaz sinisten dute. Horrela frogatzen du lasto sortak erretzeko duten ohiturak. Horrek soroetako etsaien erreketa eragingo zuela espero baitzuten. “Gure soloan lapurrik ez. Badaude, erre bitez. Apoak, sugeak erre eta peste txarrak erre, erre!”

Lapurdiko Sara herrian, bidegurutze batean egiten dute sua bezperan. Suaren inguruan ibiltzen dira bertakoak arrosarioa errezatzen, eta horrekin eguzkiari bere urteroko ibilbidean laguntzen diotela uste dute.

Azkaine herrian, gauerdia iristean, sua pizten da herriko plazan eta herriko dantzariek mutxikoak dantzatzen dituzte bere inguruan. Ondoren, bilduta dauden guztiak soka-dantzan ibiltzen dira suaren inguruan jira-biraka, eta geroxeago jauzika suaren gainetik su-meta itzali arte.

Lapurdiko Uztaritzen eta Nafarroako Beintza-Labaienen, herriko gazteak su-metaren inguruan dantzan eta jauzika ibiltzen dira. Esaten dutenez, suak gaitz guztiak garbitzen omen ditu, baita larruko sarna ere. Hori dela eta, Uztaritzen Xarnafera! oihukatzen dute, behin eta berriro, eta Beintza-Labaienen honako hau:

“Sarna fuera,
gaixtuk kanpora!
Onak barrenera!

Zuberoan, mendietan piztutako su-meten inguruan biltzen dira, eta gau-pasa ederra egiten dute dantzan, kantan eta jauzika. Azkeneko urteetan, Mixel Etxekoparrek sortutako dantza egiteari ekiten diote. Jondane Johane (4) Dantza izena du eta hauxe dio:

1.- Urteak jin (5) eta bihikatzen bata
bestearen ordari,
ihautez piztürik sü berria eki begia
beilari.

2.- Izarren hautsa zü Amalürra gaudenen
bizi-emaile.
Argizagia (6) eta ekia zure bi haürren
sortzaile.

3.- Goren-gorenik gure izarra xuri gorri
argizale.
Ekia gaü egünen egile zü denboraren
jakile.

4.- Beherapenaren aldia da gora dagon
güziari.
Üngürü-üngürü urtaroak egünak sor dü
gaüari.

Eta lau koblen artean, behin eta berriro, errepikatzen duten leloa:

Ezker negüa, esküin argia,
jaüzi aitzina dantzari.
Doblez ützüli esküak ützi,
pikaz üngürü süari.

Adibide hauetan garbi ikusten den bezala, antzeko erritualak dira gure geografiaren luze-zabalean, hau da, gure zazpi herrialdeetan, errepikatzen direnak.

4.- Donibane gauean egin beharrekoak.
San Joan edo Donibane gauean, onena da gure etxetik hurbilen pizten den su-metara hurbiltzea, eta ahal izanez gero, bere inguruan, bertan bilduta dauden beste guztiekin batera dantzatzea, eta ausartuz gero, jauziren bat egitea suaren gainetik, suak eraman ditzan berekin, urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzan.

To sua,
zaharra eramantzan
eta berria ekartzan!

Bestalde, ez dugu ahantzi behar gure ateburuetan edota ate nagusiaren bi aldeetan, lizar aldaxka bana jartzen, euskaldunon zuhaitz magikoak gure etxea eta bertan bizi garen guztiok babes gaitzan. Izan bedi ekibegia (7) gurekin Donibane gau magikoan, euskaldunon akelarre handian!

---------------------------

Oharrak:
Hartzaro: Lapurdiko Uztaritzen inauteriari ematen dioten izena.
Udagoien: Uda.
San Joan-lore: Udaberrian loratzen den lehena. Pazko-lorea ere deitua.
Jondane Johane: San Joan zubereraz.
Jin: Etorri.
Argizagi: Ilargia zubereraz.
Ekibegi: Eguzkiaren begia.

Egilea: Joseba Aurkenerena [http://www.kazeta.info]



1 comentario:

Anónimo dijo...

¿nola izkutatu kea, barruko sua piztuta baldin badago?