jueves, 30 de junio de 2011

Zer zen Arriasko XIX. mende amaieran?

  He aquí mi última colaboración publicada en Arriasko: El Portal Popular de la Rotxapea. En esta ocasión haremos un viaje hasta la Rotxa de finales del siglo XIX, allá por la década de 1880.

Julio Altadill, 1895.
Zer zen Arriasko?

Arriasko Arrotxapeako Herri Atarian Arriasko Plazaren argazkia azaltzen zaigu, 1925. urteko argazkia. Atariak berak azaltzen duen bezala, “orduko enparantza horrek auzoko bizilagunen topaleku gisa funtzionatzen zuen, auzoaren muina bilduz eta bizilagunak harremanduz”. Helburu bera du duela sei hilabete abiatu zen komunikazio tresna berri honek. Batera datozkigu, bada, izena eta izana.

Honetan, atzera egingo dugu 125 urte. Zer zen Arriasko XIX. mendearen amaieran? Bi hitzetan, arrotxapearren sozializazio-espazioa, hau da, garaiko auzokideen topagunea. Eta horrekin batera, derrigorrezko pasabidea auzoaren eta Alde Zaharraren artean: Arriasko Plaza, Larru-ontzaileen Zubia (Curtidores) eta Arrotxapeako Atea. 1895ean Julio Altadillek ateratako argazkian ikus dezakegunez, Arga ibaia edota Zubia izan ezean, ezinezko genuke gure auzoa igarri.

Metro batzuetara dozenaka latsari (garbitzaile) ziren ibai ertzean, guztiak emakumeak. Goizeko seietan hasiera ematen zioten lan egun luze eta gogorrari, auzokoek zein Alde Zaharretik etorritakoek, azken hauek soldadu espainiarrek zubi altxagarria igo ondoren. Neguan hotz eta udan bero. Artean ez zuten lortu Udalak zuhaitzak landatzea udako bero jasanezina ekiditeko asmoz.

1886an, Arriasko plazan zegoen Artzainen Etxean Jesus Haurra Harrera-etxea inauguratu zen, gero Errekoletak Plazara eraman zutena. Harrera-etxean uzten zituzten latsek bere seme-alabak lan eguna bukatu arte. Arriasko plazan ere bazegoen Udal Hiltegia. Eta aurrerago, gaurko Corralillosetik haratago, Gas-fabrika, Iruñeko industrializazioaren lehenengo elementuetako bat. Gasak olioa ordezkatu zuen, eta arrisku larria utzi zuen antzinatik zirauten argizarien lanbidea. Izan ere, Arga ibai ertzean argizaria zuritzen zen, gaurko Argizariaren Larrea Plazan, hain zuzen. Bestelako lanbideak ere baziren XIX. mendeko Arrotxapean, artilearen garbiltzaileak eta burdina galdatzen zutenak, besteak beste. Azken hauek Arriasko plazaren ondoan egiten zuten lana. Baratzak ahaztu gabe, jakina!, artean gure auzoa berde baitzen nagusiki. Urte haietan, Burlatako txitxirio, Tajonarreko ardi-esnea eta Berrioplanoko ahariarekin batera, ospe berezia zuten Arrotxapeako ilarrek eta potxek. Ilarrak, potxak… eta, nola ez!, crispilla, bertako letxuga hori, Argandoña bezalako baratzezainekin batera joan zitzaiguna.

Lanak auzokideen bizitza osoa markatzen bazuen ere, festarako tartea ere bazegoen. Beste tokietan bezala, Arrotxapean lan eta bizi baldintza gogorrak ahazteko unea zen festa. Bere maiordomoekin, rellenoa, piperropilak eta ardo mindua festalagun. Gurdian musikaria eta… parranda ederra. Bai, Arriasko plazan. Festa amaitzean gaurko “ni gaixoa”ren bertsioa ere bazegoen, garai hartan oso ezaguna zen koplaren bidez:

Ya se han rematao las fiestas
ya se ha marchao el gaitero
las mozas se han quedao tristes
y los mozos sin dinero.

Arrotxapeako Atea, Gas-fabrika, Arriasko Plaza, Argizariaren Larrea, Crispilla… Egun, tamalez, hainbat kaletako izenak besterik ez ditugu historia horren lekuko.



No hay comentarios: