domingo, 24 de julio de 2011

1512ko uztailaren 25a: Iruñeak amore eman behar izan zuen.

1512ko uztailaren 25a.

   1512ko uztailean Aragoiko Fernandok Albako dukea bidali zuen Iruñearuntz, artilleriaz josita zegoen 12.000 laguneko armada baten laguntzaz. Inbaditzaileak amen batean iritsi ziren Iruñea aldera, baina lehenago Arazurin geldialdia egin zuten, Leringo kontearen sendiaren jauregian. Uztailaren 24an Taconera parkean zeuden, garai hartako hiriburuko sarreraren ondoan. Iruindarrak ez ziren 6.000-8.000 baino gehiago izango, hau da, soldadu inbaditzaileak baino gutxiago. Tradizio militar sendoa zuen jendarte gaztelarraren ondoan, Nafarroa ez zen sekula potentzia armatu bat izan. Gatazka hura potentzia militar espantsionista baten eta bere burua defendatzea xede bakartzat zuen erresuma txiki baten artekoa izan zen. Hala ere, egon ziren erresistentzia saiakerak, erronkariarrek Oskian eginikoa kasu.
   Iruindarrak denbora irabazten saiatu ziren eta, hasiera batean, hiria konkistatzaileei entregatzeko baldintzak jarri zituzten, ordura arte zuten egoera bermatze aldera. Espainiar gudarostearen buruzagiak, Albako dukeak, eman zien erantzunak argi eta garbi laburbiltzen du Nafarroako konkistaren beraren izaera:
   “Ez dira garaituak garaileei legeak inposatzen dizkietenak, haiengandik jasotzen dituztenak baizik. Joan, bada, eta zuen bizilagunei jakinaraz iezaiezue inolako baldintzarik gabe amore eman ezean –nire eskuetan jarriz ondasun publiko eta eliztar guztiak-, hiri baten setioan gertatzen diren gauza guztiak pairatu beharko dituztela: sexu eta adinari erreparatuko ez dioten sarraskiak; azienden erretzea, pribatu nahiz eliztarrak, eta ondasun guztien arpilatzea”.
   Iruñeak amore eman behar izan zuen eta uztailaren 25ean, Donajakue festa katolikoaren egunean, espainiar armada sartu zen bere militarkeria eta handinahikeria kolonialista guztiarekin. Eta ezpatarekin batera, gurutzea, konkistatzaileek gurutzada bihurtu baitzuen inbasioa.
   Baldintza horietan, bailara, herri, hiribildu eta hiriak bata bestearen atzetik erori ziren, nahiz eta Lizarran eta, batez ere Tuteran, tarte batez errisistentziari eutsi. Espainiar armadak Pirinioak zeharkatu zituen eta Garazin sarraski handia egin zuen, zernahi eginik ere elizak barkatuko ziola jakinik. Ondorioz, sute, arpilatze eta sarraskiak izugarriak izan ziren. Herri batzuk goitik behera birrindu zituzten. Espainiarrek hondamendia zabaldu zuten Nafarroan. Bere buruzagietako batek, Villalva koronelak, Nieblako hiltzaile odolzaleak, modu horretako jardunbidea beharrezkoa zela argudiatu zuen, “herritarrengan beldur osasungarri bat sorrarazten”.
   Beldur horri esker Fernandok Nafarroa oso tarte laburrean okupatu zuen. Aragoiko armadek tuterarrak jazarri zituzten etsi egin zuten arte. Erriberakoek, honenbestean, okupazioa onartu zuten. Etsi baino lehen, horretarako baimena eskatu zieten nafar erregeei. Baiezkoa jaso zuten, jakina, 1200ean Gasteizen gertatu bezala, ez baitzen zilegi herritarrei sufrikarioa gisa horretara luzatzea.
   1512ko uztail-abuztuko konkistaren lehen garai hura horren azkar burutu izanak balio izan dio hainbati Nafarroan erresistentziarik egon ez zela defendatzeko. Benetako gertaerek gezur hori agerian uzten dute behin eta berriro. Espainiarrek urteak behar izan zituzten etengabe birsortzen zen erresistentzia laxatzeko, nahiz eta herritarrak neurri errepresiboekin eta mehatxuekin soka motzean saiatu zuten.
   Oroimen historikoa berreskuratu behar dugula diogunean, herri zapaldu honek historikoki pairatu behar izan duen inbisibilizazio prozesua gainditu beharra dagoela esan nahi dugu. Lehenik eta behin, benetan gertatutakoa argitu, konkista bat izan zela argi utzi, bortizki herri honek subiranotasuna galdu zuela baieztatu. Eta horrekin batera, garaituen memoria berreskuratzea, hau da, anonimatutik atera izen abizen horiek guztiak, inbaditzailearen aurrean ez makurtzeagatik pairatutako esperientzia traumatikoak: Murilloko Pedro de Rada, 1512ko udazkenean hil arte torturatua, Garaziko Gazteluko buru Joanicot kapitaina, 1521ean eraildakoa, Pedro Marixala, 1522an Simancaseko Gartzelan hildakoa, Belaz Madrano eta Luis bere semea, Iruñeko espetxean pozoinduak, Martin Bertiz… zein sorginkeria-prozesuak jasan behar izan zituzten emakume guztiak, haien ohiko bizimoduari eusteagatik: Juana Botin, Joana Bereterra, Graciana Iribarren, Joana Garro
   Armada inbaditzailea Nafarroan sartu zenetik, ordea, ofizialki, desagertu egin ziren nafar menderakaitz horiek guztiak. Aurreratzean, “frantsesak”, “sorginak”, “traidoreak”, “lapurrak”, “herexeak” eta “bide-lapurrak” izango ditugu espainiar zein frantziar historiografietan. Ez, ordea, garaiko nafarrentzat, 1521ean, Amaiurko Gaztelua erori baino hilabete batzuk lehenago, Venetziako enbaxadore Gaspar de Constantinik Karlos I. enperadoreari idatzi zion bezala. Nafarroan, bi alde izanda ere (agramondarrak eta beaumondarrak), “universalmente, todos los de este reino tienen odio a los españoles y desean su rey natural”.
   Amaiur Gaztelua erori ondoren, horrela dio garai hartan nafarrei buruz egindako deskripzio batek: “como ovejas sin pastor […] padecieron sus casas y haciendas y parientes, grandes infortunios por la dura gobernación y mala conciencia de Castilla y por falsas acusaciones, unos vivieron en destierro, otros fueron degollados a gran sin razón, otros muy maltratados y atormentados, en especial en tiempo de la gobernación del regidor conde de Miranda, el cual fue destruidor de sus parientes [los agramonteses], todo esto por sostener su lealtad, puesto que los castellanos a todos los que hicieron su parte, llamaban leales y a los que hasta la muerte siguió y siguieron, traidores”.
   Garai hartatik datozkigu bertakoek pairatutako torturen inguruko lehenengo berriak, beti ere informazio politikoa lortzeko. Agramondarrek konspiratzen zuten bitartean, erregeordeak eman zuen nafar batzuen atxiloketaren berri: “tras habérseles dado tormento confesaron actos en deservicio de su Majestad”. Eta XVI. mende hartan ere, Gotorlekua eraiki zen, errege espainol batek eraikitzeko agindutako lehenengo polizia-etxe handia. Pirineoak zaintzeaz gain, “para sujetar la voluntad de los naturales”, idatzita utzi zuten bezala. Konkistak ezarritako erregeordeak, hiru eta lau mende beranduago Buru Politikoak eta Gobernadore Zibilak izango ziren, egun Gobernu ordezkariak, betidanik susmagarri izan diren nafar lurraldeak menperatzeko. Eta bost mende luzetan, etengabeko belaunaldi-odoleztea, milaka gaztek alde egin behar izan baitute derrigorrezko zerbitzu militarretara ez joateko.
   Jazarpen-egoera horren ondorio zuzena da egun pairatzen dugun akulturazio prozesua, zeinek inposatutako kultura besarkatzera bultzatu eta behartzen gaituen. Gure oroitzapen historikoa deuseztatzean, euskal herritar askok ez dute Nafarroaren historia aintzat hartzen. Horregatik, hain zuzen ere, akulturazio hori gelditzeko, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenean bat egin dugu eragile asko, irakaskuntza- eta ikerkuntza-arlokook zein oroitzapen historikoa aldarrikatzen dugun herri mugimenduok. 2012ko uztailean bostehun urte beteko dira gogorarazteko. 2012. urtean espainiarren aldetik jaso genuen konkistak bost mende beteko ditu. 500 urte askatasunik gabe, estaturik gabe, indarrez okupatuta, gure buruarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko aukerarik gabe. Bost mende, finean, konkistaturik. Bost mende hauetan zehar menperatu nahi izan gaituzte, gure nortasuna deuseztatzen saiatu dira, zer ginen eta zer garen ezkutatu nahian. Indarra erabili zuten eta erabiltzen dute gure buruaren jabe izan ez gaitezen.
   Ezin dugu konkistarik ospatu. Konkistak salatu beharko dira, konkistan gertatutakoa zabaldu eta argi eta garbi aldarrikatu tragedia bat izan zela estaturik gabe gelditu izana, nabarmenki faltan botatzen baitugu oraingoan, XXI. mendean, kendu ziguten soberania.



* Artikulua Berria eta Le Journal du Pays Basque egunkarietan argitaratu da.


 

No hay comentarios: