sábado, 26 de noviembre de 2011

Arantza Santesteban, "Besarkada amaigabea"

   Se nos ha ido el 25 de noviembre“Día de la no violencia contra la mujer”, en recuerdo del asesinato de las tres hermanas Mirabal. En el Encuentro Feminista Latinoamericano y del Caribe, que se llevó a cabo en Bogotá en 1981, se acordó esta fecha como forma de rendir homenaje a Minerva, Patri y Maria Teresa, brutamente asesinadas el 25 de noviembre de 1960 por la dictadura de Leónidas Trujillo, la cuál asoló la República Dominicana durante más de 30 años.
   Según la “Declaración sobre la Eliminación de la Violencia Contra la Mujer”, emitida el 20 de diciembre de 1993, “se entiende por violencia contra la mujer a todo acto de violencia basado en la pertenencia al sexo femenino que tenga o pueda tener como resultado un daño o sufrimiento físico, sexual o psicológico para la mujer, así como las amenazas de tales actos, la coacción o la privación arbitraria de la libertad, tanto si se producen en la vida pública como en la vida privada”.
   En esta ocasión quiero daros a conocer el relato escrito por Arantza Santesteban, nacida en la Txantrea y amiga de este Txoko de Historia, premiado el pasado día 18 con el galardón literario María de Maeztu en la modalidad de euskera. Como veréis, la violencia contra las mujeres estará presente a lo largo del mismo. Hori, bai, berriro ere... Zorionak Arantzari, ea noizko hurrengo istorioa!


BESARKADA AMAIGABEA

Umetan itxasoko olatuak maite zituen. Kontxako barandilletara joaten zen maiz, eta burnien artean sartzen zuen bere aurpegitxoa aurrean bertaratzen zitzaion itsasotzar hura bistadizo bakar batean erretinean sartu nahiko balu bezala. “txaso” deitzen zion itxasoari bere hasierako hiztegi mugatu horretan. Esan ere, guztiek ulertzeko eran esaten zuen, izan ere, bere hatz erakuslea barandillako burnien artetik atera eta itsasoa seinalatzen zuen grinatsu, aurpegia argiturik.

Umetatik bazuen behar bat, desio bat, barrutik estutzen zuena: itsasoa besarkatzeko beharra zuen; hainbeste maite zuen itsasoa, haren besoetan hartzeko behar bizia sentitzen zuela. Eta hartara, uretara bertaratzen zen bakoitzean, besoak luze luze eta zabal zabal jarrita joaten zen korrika batean itsas ertzera, ur masa urdin hura haren besoetan bildu nahiean.

Ordea, goizegi ohartu zen haren ezintasunaz. Itsasoa besotan bildu nahi eta ezinezkoa zela. Plasta! egin eta sarritan erortzen zen itsasertzaren kontra, ur gazi eta mingarri horren kontra, eta saminaren zaporea dastatuz negar zotinka itzultzen zen berriz ere lehorrera.

Holakoxea zen Iratxe, ez zuen beharrezko beso adina mundua besarkatu ahal izateko. Eta mundua bera hartu nahi zuen bere besoen artean, besarkatu, bildu eta laztantzeko.

Itxasoko gatzak, ordea, goizegi gazitu zuen Iratxeren bihotza. Bihotz handia zeukan, espazio txikienean ahalik eta gehienentzako lekua egiteko berezko joera dutenen antzera. Baino zauritu egin zitzaion bihotza, eta aurretik gazitua zuenez garraztu zitzaion betiko.

“Neska hori ez dun berdina, Kubara egin zuen bidai horren ondoren ez dun berdina…” esaten zuen bere auzoko jendeak. Kubara joan zen brigadista moduan, mundua heri zegoenez, mundua bera konpontzeko ahaleginetan. Kuba aukeratu zuen noski, irla izanik, Antilletako itsasoak miazkatzen zuen lur zati hartara, hain zuzen ere. Mapan ikusi zuelarik, Karibeko itsasoaren erdian, kuba, bere “txaso” maitearen bihotza zela iruditu zitzaion hasieratik. Izan ere, itxaso handi horren erdian agertzen zen lur zati hori, itsasoaren bihotza baino ezin zitekeela izan pentsatu baitzuen hasieratik. Eta orduan halako errebelazio bat izan zuen, alegia, Kuban baino ezin izango zuela gauzatu itsasoa besarkatzeko zeukan desio hura. Kubara joanen zen itsasoari desiratutako besarkada ematera.

Ez, Kubatik itzuli zen Iratxe ez zen aurrerantzean berdina izango.

“Rona duk irla puta honetan merezi dian bakarra, darling”. Esan zion Iratxeri dantzan zegoen bitartean hurbildu zitzaion tipo altu eta mozkorti batek. Bertakoa zen, zinez bertakoa. Maite zuen kubatarrek gauzak esateko zuten modu alai eta kaotikoa. Eta maite zuen, salsa kubatarraren doinuaren eraginez gorputzean pizten zitzaion ordurarteko energia ezezagun hura. Bere gorputza dantzan jartzen zuen energia hori bera. Ordurarteko wihtout moviment ezagutzen zituen bere gerrietan hasten zen mugitzeko desio hori, erabat aztoratzen zuena, guztiz erotzen zuena. Une horietan iruditzen zitzaion, bere gerrian sortu egiten zela salsaren doinu erritmiko hori, bularretaraino igotzen zitzaiona, besoetan zehar iragan eta eskuetan amaitzeko. Gozamenez dantzatzen zuen, irribarrea ahoan, eta bere oinak, biak hala biak, alde batetik bestera etengabeko mugimenduan.

“ Tira, rona eta hemengo gizonek hankartean dugun hori… Ezetz? Probatu beharko zenuke darling, eta konturatu, kubara emakumeak ez datozela Fidel ikustera, guk hankartean duguna probatzera baizik… ”. Esan zuen tipo altu berberak, parre handia ahoan zuelarik. Iratxeri nonbait, ez zitzaion gehiegi gustatu haren doinu altu eta antzua, baino hain zegoen itsututa dantzan ez ziola eman gizonari bere loriazko minutuak garrazteko aukerarik.

“Por un poquito de tiempo, que de ti me separé, me traicionaste Matusa, que triste que me quedé” ohiukatzen zuen tabernako bozgoragailuak gau hartan. Eta Iratxek pentsatzen zuen, ea zer demontre esan nahi zuen kanta hark traizioarekin? Beste batekin joango zela Matusa, edo alegiazko emakume hura? Traizioa edota norberak bere bizitzarekin nahi duena egiteko hautua? “ Como yo te quise a ti Matusa nadie te querrá, nadie, pero nadie, nadie te querrá ”. Horrela maitatua izateko, hobe bakarrik Matusa; Matusa gaixoa. Salsa kubatarra maite zuen Iratxek, haren letrak ez horrenbeste.

Hortik aurrera hasi zen dena.

Dantzatzeaz nekatuta, La Habanako espaloietara eraman zituen Iratxek bere oinak, kale jendetsu haietan urtuz haren pauso lausotuak. “ Zu bezalako emakume batek ez luke bakarrik egon behar halako ordu txikitan” belarriratu zitzaizkion bapatean hitz horiek. Eta bizkarhezurra izoztu zitzaion orduan, ileak tentetu eta haren gorputzeko bukaera nerbioso guztiak alerta gorrian jarri zitzaizkion. “Eskerrik asko, baino ni bezalako emakume batek, badaki bakarrik ibiltzen ” erantzun zion Iratxek hitz izoztuz atzetik zetorren tabernako tipo altuari. Bera baitzen, eta ez beste inor, atzetik segika zuen itzal luze hura. Eta orduan Iratxeri, bere barneko alerta gorriak handik alde egiteko egin zion ohiu. Joateko handik. Jo- a- te- ko han-dik.

Pauso lausotuak, pauso arinak bihurtu ziren orduan. Eta pauso arinak, pauso azkarretan. Pauso azkarrak, korrika bizian. Kaleetan zehar abiatu zen Iratxe, bere indarrek ematen zioten abiadura guztiarekin. Hain zuen sakona arriskuaren sentsazioa, ez zuela atzera begiratzeko beharrik izan tipo hura atzetik zuela jakiteko. Alertak esaten zion segika zuela, eta gau hartan gizon haren gogoa, hain zuzen ere, berea behartzea zela. Bazekien, korrika egiteari uzten bazion, zerbait larria gertatuko zela. Eta abiatu zen ziztu bizian hiriko kale eta etorbideetatik, tabernak atzean utziaz, etxeak, La Habanako pasabide estu eta zigortuak, argitutako kantoiak eta itzalpetan zeuden beste eta hainbeste zorigaiztoko bazter. Bazekien atzetik zuela, haren itzala ikus zezakeen, haren arnas ustela somatu ere, atzetik somatzen zuen. Eta orduan El Cañonazo-tik etsairik gabeko itsasora habanatarrek  jaurtitzen zuten kanoikadaren hotsa entzun zuen. Pummm luze eta lehor bat; harekin batera erori zen Iratxe lurrera. Eta bere gainera, tabernako tipo nazkagarri eta ustel hura. Danger guztiak pikutara.

Eztakit zenbat gauza egitera behartu ninduen. Ez dut gustokoa izaten halakoak kontatzea. Bortxatu ninduen bai, nazkagarri hark bortxatu ninduen. Eta hitz hauek esatea mingarria bazait ere, esanaren esanaz, aurrera egiteko indar nahikoa ematen didate. Nire patua gorrotatu izan dut maiz. Zertara demontre joan nintzen Kubara, ditsosozko bidai horretara. Itsasoa edonon aurkitu daiteke, eta zergatik demonio ibili behar gara beti, etxean duguna kanpoan bilatu nahiean. Kaka.

Mingarria izan zen han egonik brigada kideengana joan nintzenean. Horrek min handiagoa eman zidan, bortxaketak baino. Edo bezainbeste. Kontatu nien jasotakoa, negar eta zotinen artean. Indarrak xahututa, txikituta, apurtuta. Eta hasiera batean jaso nuen haien babesa. Baino gerora, gauzak baretze aldera egin zutenean, nire bertsioa zalantzan jartzen hasi ziren. Ea zer egiten nuen nik bakarrik ordu horietan, taberna batean, GIZONAK soilik zeuden taberna batean. Konturatu behar nintzela bazegoela arriskurik han. Batzuei ez omen zitzaien arraro egiten niri halako zerbait gertatu izana, hasieratik somatzen hasiak baitziren sensualitate gehiegirekin dantzatzen nuela, eta hori, gizonen arreta gehiegi tentatzea zela. Eta Kuba ez dela Euskal Herria, Kuban gauza batzuk oraindik ez direla ulertzen, emakume bat bakarrik dantzan egotea, esaterako. “Hurrengorako ikasiko duzu Iratxe, norberak ezin duela nahi duena egin; hori zure itxaso demontre hori besarkatzeko daukazun txorakeri horren antzerakoa da, joder Iratxe, itxasoa besarkatzea ere, batzutan tenteltua zaudela uste dut” eta horrelakoak esaten zidaten ustez lagunak zirenak.

Fuck off guztientzat. Horixe erabaki eta egin nuen. Pikutara denak. Nik bizitza egin nahi ditudan gauzak egiteko baliatu nahi dut. Ametsak gauzatzeko, eta beste guztia pikutara.

Goilarari girabiraka, katiluko kafesneari bueltaka ari zitzaion Iratxe, begirada katiluaren sakontasunean galduta eta burua bera ere girabiraka. Itsasoa besarkatzera joan eta zaurituta itzuli zen Kubatik. Krudela iruditzen zitzaion patua bera, ametsa gauzatzera joan eta ametsgaiztoaren hazia ekartzea ere, gogorregia egiten zitzaion. Mundua heri zegoela ez zeukan zalantzarik, baino izakiak ziren benetan heri zeudenak, gaixorik. Ez zuen ulertzen gizonen berezko gizonkeri hura. Eta batzuen kasuan, zer demontrek eramaten zituen indarrez emakumeen borondatea urratzera, bortizkeri horren oinarrian bortizkeri handiago bat baino ezin zitekeela egon pentsatzen zuen. Emozioak ekiditeak, naturaltasunez ez bizitzearen ondorioz higatutako barnealdea zutela gizon horiek.

Bortxatua eta ez ulertua sentzitzen zen. Gizon batengandik bortxatua eta beste askorengandik epaitua. Akituta, haren bihotz gazitua eskuan harturik, txikitako bere leku kutunera joatea erabaki zuen, Kontxako barandilletara, alegia. Aspaldi ez zuela leku hura bisitatzen. Aspaldiegi agian. Eta hara bertaratu zen Iratxe. Barandilla eskuartean heldu eta bere betiko itsasoa agertu zitzaion begien aurrera. Erretinak dardarka sentitu zituen. Eta piztu zitzaion, indar handiz piztu ere, itsasoa besarkatzeko behar itogarri hura. Larritasun hura, arrazoi bakarrarengatik bizi zenaren seinale larri hura.

Askotan itzuli zen ondoren Iratxe bere “txaso” maitea ikustera. Barandilletara gerturatu eta konturatzen zen han sentitzen zuen sosegua ez zuela beste inon aurkitzen. Itsasoak sendatzen zituen bere zauriak. Bere noraezari zentzua ematen zion. Itsasoa, betidanik zen bere bizitzaren abiapuntua, dena hasi eta bukatzen zen lekua. Hori zen bere bizitza laburraren historioa.

Halako egun batez izan zen Kontxako barandillak atzean utzi eta txikitan bezala itsasertzera hurbildu zenekoa. Hondarra sentitu zuen bere oinen azpian, bere behatzen artean, umel, itsaskor, leun. Eta lehenengo urratsa eman zuen uretarantz. Haizea sentitu zuen bere aurpegia laztantzen, indarrez, begiak ixterainoko indarrez. Eta eman zuen bigarren urratsa. Besoak luze luze eta zabal zabal jarri zituen orduan, besarkadak emateko moduan jartzen direnean bezala. Eta eman zuen hirugarrena. Urak, oinak busti zizkion orduan, eta eman zuen laugarrena. Eta bosgarrena ere eman zuen, eta seigarren bat ere bai. Zazpigarrenean ahaztu zitzaion urak burua estaltzen ziola, izan ere, lehendabiziko aldia zen bere besoen artean itsasoa sentitu zezakeela. Besarkatzen ari zen itsasoa. Orduan bai, orduan sentitu zituen bere zauriak arintzen zirela, bere gogoa asetzen zela, bere ametsa gauzatzen ari zela. Eta ahaztu zitzaion beste guztia. Urrats guztiak eman zituen orduan eta han geratu zen Iratxe, besarkada amaigabe batean.

Betiko.


Arantza Santesteban

No hay comentarios: