sábado, 19 de noviembre de 2011

'Gartxot, konkista aitzineko konkista' filma

   2.003an argitaratu zen Asiskok, Markok eta Jokinek egindako "Gartxot" komikia. Atzotik, euskal zinemetan dugu "Gartxot, konkista aitzineko konkista" filma. Campionen lanean oinarrituriko Itzaltzuko bardoaren istorioa kontatzen du filmak. Hona hemen Adrian Garciak Berrian idatzitako artikulua:

Erresistentziaren ikurra
Trailerra: http://gartxotfilma.com [02:10 minutu]
 
Garxot komikia, 2003.
   Herriaren oroimena eta kultura kantuaren bidez transmititzea zen bardoaren eginkizuna. Pertsona nabarmena izan ohi zen. Herriz herri istorioak, kondairak eta bertsoak kantatzen zituen, herriaren kulturaren garra bizirik mantenduz. Boterearentzat pertsona arriskutsua izan zitekeen ere, komeni ez zitzaien mezuak helaraz baitzitzakeen.
   Itzaltzun (Nafarroa) XII. mendean bizi den bardoa da Gartxot, konkista aitzineko konkista helduentzako animazio filmaren ardatza. Ostiralean estreinatuko dute euskarazko filma Hego Euskal Herriko hiriburuetako zinemetan.
   Arturo Campion idazle nafarrak 1917an idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburuan oinarritu dira Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta filmaren zuzendariak. Ikerketa egin zuen Campionek Leireko monasterioan eta Iruñeko Udal artxiboan, eta han bildutako datuetatik abiatuz asmatu zuen ondoren Gartxot bardoaren kondaira.
   Gartxot da Itzaltzuko bardoa, istorio eta poemak herriari kantatzen dizkion kontalaria. Orreagako abade berriak ez du gogoko bardoaren jarduna, eta deserriratu eta haren seme Mikelot bahituko du. Ahots ederra du Mikelotek, eta latinez kantatuko duen fraidea bilakatu nahi du abadeak. Mikelotek ihes egitea lortuko du, eta aitarekin herriz herri kantatzen hasiko da, harik eta soldaduek harrapatuko dituzten arte.
   Juanjo Elordik azaldu duenez, «euskararen aldeko garrasia» da Campionek idatzitako ipuina, garai hartan Nafarroako ekialdean euskara galtzen ari baitzen. Filma ekoizteko prozesuan zebiltzala, ordea, Campionen kondairaren beste irakurketa bat egin zuten. «Campionen ustez, garai hartan —XII. mendean— hasi zen hemengo antolakuntza eta gobernua ezegonkortzeko prozesua abian», dio Elordik. Hortik datorkio filmari konkista aitzineko konkista izenburua.
   Ikuspegi berria eman diote bi zuzendariek Campionen istorioari, «gaur eguneko ikuspegia». Boterearen aurka pertsonek har dezaketen hiru jarrera islatzen ditu filmak, Elordiren esanetan: «Ihes egitea, kolaboratzea eta aurre egitea». Konkista eta akulturazio prozesuen aurkako erresistentziaren ikurra da Gartxot.
   Arturo Campionen istorioak izan du jarraipenik beste autoreen eskutik. 1981ean Benito Lertxundik Altabizkar Itzaltzuko bardoari diskoa kaleratu zuen.
   Lertxundi bera arduratu da filmaren musikaz. Garrantzi berezia izango du filmean musikak, bardo bati buruzkoa baita. Lertxundik bere diskografiatik aukeratu eta berriz nahasturiko doinuak izango ditu filmak. Pertsonaia bati ere ahotsa jarri dio musikariak.
   Euskara aldetik, film berezia da Gartxot. Sinesgarritasuna emate aldera, Zuberoako aktoreek jarri dituzte ahots gehienak, Zaraitzu aldeko euskalkia zuberotarraren antzekoa baita.


* Eta gogoratu, komikia topatu ezean, abasolopez@gmail.com helbidera idatzi besterik ez duzu egin behar. Horretarako da Arrotxapeako Historiaren Txokoaren herri liburutegia.

No hay comentarios: