viernes, 4 de noviembre de 2011

Gazte eta nafarra… beti susmagarri.

Latza da tortura testigantzak entzutea, are gehiago testigantza horiek izen-abizenak baldin badituzte, aurpegiak ezagutzen baldin baditugu. Egun hauetan bederatzi gazte nafarren aurkako epaiketa izan da, hemendik 500 kilometrora, Espainako txoko beltz horietako batean, Auzitegi Nazionalean. Gazte horien artean, Maider Camino eta Alberto López, ongi ezagutzen ditudan bi gazte, oso ezagunak Iruñerriko herri mugimenduetan egindako lanagatik.
Mehatxu, umilazio, tratu txar eta torturak jasan izana salatu dute guztiek, “infernua” izan zela. Atxilotuta egonik egindako deklarazioak dira froga bakarrak. Gazteak, nafarrak eta auzoan konprometituak, konbinazio arriskutsua benetan.
Ez da gauza berria, tamalez. XVI. mendeko Nafar inbaditu eta konkistatu hartatik datozkigu informazio politikoa lortzeko asmoz bertakoei egindako lehenengo torturen testigantzak. Erregeordeak berak eman zuen atxiloketa batzuen berri, “navarros que tras habérseles dado tormento confesaron actos en deservicio de su Majestad”. Aurrerantzean, nafarra eta susmagarria sinonimo bihurtuko ziren. “Susmagarriak”, “lapurrak”, “gezurtiak”, “traidoreak”, “heretikoak”, “bidelapurrak” … Eta akusazio horiekin batera hasten zen bere lurraldetik ehunka kilometrora amaierarik gabeko bidai luze hura, Gaztelako txoko beltzetara. 500 urte hauetan guztietan berdin.
Lerro hauekin zera esan nahi dut: gazte hauek ezagutzen ditugunok ongi dakigu gaizkileak ez direla. Beraz, honekin ere eskaera bat luzatu: gaizkileak atxilotzeko agindu horik guztiak bertan behera uzteko. Azken batean, gaurko Nafarroarekin konprometitutako gazte nafarrak besterik ez dira.


No hay comentarios: