miércoles, 4 de abril de 2012

Arrotxapeako Egunkaria / Diario de la Rotxapea (22)

   Oraintxe ikusi dut gure Arrotxapeako Egunkaria, aspalditik ireki gabe. Bai, gogoa izateaz gain, idazteko denbora behar da, biak ezinbestekoak. Azken orrialde idatzia martxoaren 7koa da, ia hilabete bat, hau fundamentu gutxi. Eta bitartean, auzoko jendea bizitzak planteatzen dituen erronka guztiei erantzuten saiatzen jo eta su. Duela jada lau aste Arrotxapeak, martxoaren 8an, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna gogorarazi eta ospatu zuenetik: solasaldia, herri bazkaria, karaoke…
Ibon-i eskainitako ongi etorria.
Argazkia: ateakireki.com
   Martxoaren 10ean lagunek txotx agurra eskaini zioten Jurikori Ipar Gorrin, oraindik egun kaleren batek gogorarazten duen bezala (“Juriko Agur eta Ohore”). Eta, hiru egun beranduago, martxoaren 12an, Ibon Esteban gaztea espetxetik atera zen. Tamalez, ezin izan zioten elkarri besarkadarik eman. Gaixotasuna, Espainiako ziega beltza, gehiegizko kilometroak… zinez larriak bat egiten dutenean. Hala ere, musikak eta dantzak aurrera darraite, martxoaren 12an, Mogoteak Parkea zeharkatzen trenbidean hip hop bikote hark egin zuen bezala. Nahiz eta txakurren kaka usainak gehiegi lagundu ez, baina tira!, hori lurrin parkea!
   Kultura jarduerari dagokionez, indar erakustaldia egin dute auzoko taldeek, Ezkabako lagunek eta Euskaraz Bizi ekimenak antolatutako asteetan, martxoaren 25ean bat egin zutenak.
   Martxoaren 29an, ostegunean, Greba Orokorra andere eta jabe, gainontzeko Euskal Herriko txoko guztietan bezala. Tira bada!, guzti-guztietan ez, ondoan dugun Artika berrian ez, goizeko ibilalditxoa egin zuten jubilatu talde batek suminduta azaldu bezala, “ez Artikan ez bertako igerilekuan, lotsagabeko horiek!”. Arrotxapean bai, eta ze nolako irudia 2.000 lagunek osatutako zutabea hemendik igarotzen, ederra! Tira-bira batzuk izan ziren, eta aspaldin entzuten ez ziren pilotakadak ere bai, Basajaun gurutzebidean, bai, lehen El Porrón zegoen tokian, orain Kapitalak ere bereganatutako txoko horretan. Pilotakadak, borrak eta langile zaurituak, jakina, nahiz eta prentsan agertu ez.
   Eta joan egin zaigu ikasturteko bigarren hiruhilabetekoa. Atzo, apirilaren 3an, La Carbonillan elkartu ginen gure historiaz hausnartu eta zertxobait ikasteko asmoz, 1512-2012 Nafarroa Bizirik-ek eta Gazte Asanbladak antolatuta. Txiki gelditu zen  1. solairuko gela bertaratu ziren 28 lagunentzat. Eta motz bi orduko saioa, eztabaida aberatsa eman baitzen. Gaur, Apirilaren 4an, ikasleek oporrak hartuko dituen egun honetan, ordea, baditugu zertaz kezkatu eta zer salatu, atzo atxilotu baitzuten Berta García, LAB sindikatuak Arrotxapeako Baratzak zaharkalean duen egoitza ondoan, eta gaur goizean Oskar Cayon, biek Greba Egunean CEN patronalaren aurka pintura botatzea leporatuta. Gaur, 18:00etan, kontzentrazioa egingo da CENen aurrean (Huarte Doktorea, 3) “PP-UPN-Patronal: El pueblo ha hablado. Lan erreforma pikutara, langileria aurrera!” lelopean.


* Entrada anterior:

No hay comentarios: