lunes, 11 de junio de 2012

Arrotxapeako Egunkaria / Diario de la Rotxa (25)

Edarien prezioak: "PREZINTUE".
Argazkia: Patxi Abasolo, 2012-06-10.
   Joan egin zaizkigu auzoko jaiak. Ze nolako jaiak! Txoko honetatik zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu jaietako astea prestatzen urte osoa eman dutenei. Honetan txupinazoa gogorarazi nahi dut, zinez hunkigarria. Aldarrikapena eta festa ezin hobeki uztartu egin ziren La Carbonillan: auzoko taldeen eremuaren defentsa, Maiordomoak, 20 urteko Gazte Asanblada, memoria gune diren Erraldoiak... eta ehunka auzokide, zeinek La Carbonilla txiki utzi zuten eta Martzelo Zelaieta etorbidearen zatitxo bat hainbat minututan askatu ere egin zuten.
    Ekainaren 2ko Patxi Larrainzar Egunarekin abiatu zen Aste Kulturala. Aste buru horretan loraturik azaldu ziren Ezkabarako bideko masustak, eta ekainaren 5ean, asteartean, enarak hasi ziren alaitzen zorigaiztoko izena duen Armendariz erregeordea Plaza. Ekainaren 4an La Carbonillako taldeek prentsaurrekoa antolatu zuten udalek dituen asmo grisak salatzeko; 8an Santo Domingoko hesia osaturik agertu zen Sanferminak iragartzen; hurrengo egunean, 9an, kotxe batek txirrindulari bat harrapatu zuen Errotazar kalean; eta, zinez, ez da samurragorik izan aste buru osoan txosnaren baitan euskarak pairatutako istripua, ondoko kartelean ikus daitekeen bezala: "Prezintue". Ai ama!
   Aurreko asteetan ere egitasmo anitz izan ziren auzoan. Maiatzaren 19an Arrotxapeako jendeak parte hartu zuen "Plazak bete, kartzelak hustu" lelopean antolatutako mobilizazio jardunaldian. Maiteminduen parketik zutabeetan igo ziren Iruñeko Gaztelu Plazaraino.
   Irakaskuntzan greba hilabetea izan zen maiatza, hiru borroka egunekin: 22an, 29an eta 31n, LAB, STEE, CCOO, AFAPNA, ELA, CSIF, ANPE eta UGTek deituak. Txalo bero bat Patxi Larrainzar ikastetxeko irakasleei, lehenengo erronkan guzti-guztiek egin baizuten greba murrizketen aurka. Oso nabaria da euskarazko ereduko ikastetxeetan ematen den erantzuna, besteetan baina askoz handiagoa, zergatik izango da? Murrizketak aplikatuz gero, maila guztietan ikasle gehiago izango dira gelan eta horren ondorioz, hurrengo ikasturtean ikasle talde gutxiago, irakasle gutxiago eta lan baldintzak okerrago. Azken batean, kalitatea izango da kaltetuena, guztiok aterako gara galtzaile.
  Bestetik, maiatzaren 21ean hasi ziren Trinitarioak Parke berriko obrak, Plazaola pasabidearen eta Oblatas zubiaren artean. Gutxienez, 12 hilabetetan iraungo dute lanek.  Maiatzaren 24an, auzoko langile batek lan istripua izan zuen; maiatzaren 28an, ustezko Espainaren ustezko bihotzean nengoen bitartean, ehun auzokide baino gehiago hurbildu ziren alkateak Arrotxapean eskainitako agerraldira; eta maiatzaren 31n, Batean Fundazioak ikasturte amaierako festa antolatu zuen La Carbonillan.
    Bukatzeko, bitxikeria bat, zehazki zein egunetan gertatu zen oroitzen ez banaiz ere. Parkean izan zen, sokarekin jolasten, bi helduk soka eskuan, umetxoak saltoka, guztiok batera abesten:
- Aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz?...
- Bat, bi, hiru...
Hori bai, helduak, biak dibortziatuak, nahiko esperientzia traumatikoak gainera. Ze nolako indarra duten inertziek eta rolek! Ez ziren batere jabetzen eszenaz, harik eta nik maitekiro (biziki maite baititut) honako hau proposatu nien:
- Noizko kantaren/istorioaren bigarren zatia?
- ¡¿?!
- Aita, ama, zenbat urterekin dibortziatuko naiz?...
- ¡Cómo eres... aunque tienes toda la razón del mundo!. No estaría mal que se fueran preparando.
Beraz, hona hemen proposamena: "ezkondu" hitza beste batekin ordezkatu. Aukerak badaude, ezta?



* Aurreko sarrera:




2 comentarios:

Anónimo dijo...

Txoznetan "euskerak jasan zuen istripua" ez zen hain istripu izan, umore apur bat baizik, bihurrikeri bat. Euskal Herriko hainbat txoznetan "preziyue" irakurri daiteke, ba auzoan prezintue jarri zuen batenbatek, txantxa moduan...

Patxi Abasolo Lopez dijo...

Euskara gaixoa! Ez dakigu noiz bihurrikeriak, noiz utzikeriak eta noiz maltzurkeriak. Hori bai, izatekotan, hobe bihurrikeriak, ezin baitugu umorerik galdu behar.