jueves, 30 de agosto de 2012

Benito Lertxundi: “Lau hitzen jokua”



Elkar argitaletxea, 2012.

Hona hemen irakurri berri dudan liburua: “Plazer bat izan duk, Benito!”. Hainbat gai agertzen dira orriotan barrena: musika, bizitza, heriotza, Euskal Herriaren izatea eta munduaren zentzua edo zentzurik eza… Elkar argitaletxeak berak azaldu bezala, kantari liluragarria dugu Benito Lertxundi, bere doinu magiko eta ahots sentsualari esker euskaldun jendeari gozarazi eta amets eragin diona hainbat belaunaldiz. Horrez gain, pentsalari original eta sakon bat aurkezten digute Pako Aristik eta Mikel Markezek: pasadizoz eta gogoetaz, Benitok iradokitakoei beren errotako alea erantsiz, sei eskutara idatzitako obra eder eta gogoangarri bat egiteko.


LAU HITZEN JOKOA

Erreparatu lau hitz hauei: askatasuna, maitasuna, inteligentzia eta heriotza. Lau hitz hauek formalki desberdinak dira baina gauza berbera dira.
Ezin da bat bestea gabe eman. Hasteko, aske ez denari ezinezkoa zaio amodio izatea. Askatasunik ez badago mugak daude, eta mugak daudenean, espetxean, ez da posible amodioa egoterik. Gogo aske bat behar da, ezinbesteko kontzientzi egoera bat behar da, maitasuna emango bada.
Modu berean, gogo aske bat behar da inteligentzia emango bada. Askatasunik eta ondorioz amodiorik ez badago, inteligentzia mentalitate bihurtzen da. Mentalitatea hesitutako, domatutako, kodifikatutako zerbait da. Mentalitateak ez ditu ordenak baino konplitzen. Ordenak baino konplitzen ez dituenak ez du jarrera inteligente bat eduki. Ondorioz, jarrera inteligentea ezinbestekoa da askatasuna eta maitasuna egon daitezen.
Orduan, aske izateak ekartzen duen ulermen osoaren ondorioz, konturatu gaitezke maitasun askatasunaren eta inteligentziaren loratzea baino ez  dela. Ezer ez dago ezertatik aparte, guztia guztiaz egina dago.
Eta guzti hau ezinbestean heriotzaren baitan gertatzen da. Hiltzen ez dena ez da bizi. Hiltzen ez dena ez da askea. Hiltzen ez dena ez da maitasuna. Hiltzen ez dena ez da inteligentea.
Askatasuna, maitasuna eta inteligentzia denboraz at daude. Eta denboraz gaindi egoteko, ezinbestean, une oroz hil behar dute, denborarik gabe bizi izateko.
Norbaitek apego psikologikoa duenean gauzei atxikita bizi da, hil nahi ez duelako. Ezagutzen duen horri heltzen dio. Horretan dagoenak ez du orainaren eta errealitatearen berririk. Bere atentzio guztia iraganari helduz xahutzen du.
William Blakek hau guztia esaldi batean ederki laburtu zuen. Ia tesi bat da esaldi hori:
“Alaitasunari atxikita bizi denak, bizitza airosa galtzen du. Alaitasuna hegan doalarik musukatzen duena, betikotasunaren atarian bizi da”.

Benito Lertxundi
[1] Plazer bat izan dut, Benito!, 55-56 orr.

No hay comentarios: