martes, 16 de octubre de 2012

Arrotxapeako Udako Kronika


Kalean dago berriro Ezkaba aldizkaria. Hona hemen 198. zenbakirako idatzi dudan artikulua, Ezkabarik gabeko hilabeteen kronika.

Arrotxapeako Udako Kronika.

Como todos los años, también la Ezkaba ha disfrutado de un merecido descanso, aunque con ello privemos al barrio de sus crónicas, viñetas gráficas, poemas y demás artículos. ¿Qué sucedió en la Rotxa durante este verano?

Aurten ere, ekainaren 23an, Udako Solstizioa ospatu genuen. Anelier Pasealekuan, salto eta dantza eginez, ongietorria egin genion udarari. Eta mamu txarrak uxatu, jakina! Ea eraginkorra den. Izan ere, laguntza beharko dugu ustelkeria, murrizketa sozialak, zarrastelkeria eta zapalkuntza oro behin-betiko ezabatzeko. Eta auzokideak aztoratzea gustuko duten polizia mota horiek guztiak, nonahi topa ditzakegunak: Artika, Armendariz erregeordea eta Cuatrovientos biribilguneak… urdinez, berdez, gorriz… eta kale jantzian, nola ez! Udako ostiral hartan bezala, Ave Maria zeharkalean. Gaueko hamaikak ziren. Kale horretan dagoen Elkarte batetik ateratzen ari ziren familiak zirikatzen. Kale jantzian ziren hamar bat polizia mozorraturik gure auzokideak identifikatzen, arakatzen, izutzen. Berdin gurasoak, umetxoak ala gazteak izan. Eki, noiz arte?
Ekainaren 29an, Udalak jakinarazi zion Gora Iruñea! ekimenari ezingo zuela Runa Parkea erabili Sanferminetan. Berriro ere Iruñeko Herri Mugimenduak esparru alternatiborik gabe gelditu ziren. Hurrengo egunean, El Salvador dendarien Elkarteak bere XI. Eguna ospatu zuen, eta uztailaren 1ean, Corralillos-era ailegatu ziren lehenengo zezenak, eta Noria erraldoi desmuntagarri ospetsua abian zegoen, 5 eurotan bidaia.
Uztailaren 2an, Iñaki Vergara Ezkaba aldizkariko argazkilariak Telefonikaren Bihurgunea zatiari zegokion argazki onena lortu zuen Nafarroako Kazetarien Elkarteak eta Miserikordia Etxeak antolatutako Entzierroaren II. Nazioarteko Lehiaketan. Entzierroko hesiaren zatitxoa (“tajada”) jaso zuen sari gisa. “Tajada” ekonomikorik ez, baina tira! badira dirua baino gauza garrantzitsuagoak, ezta? Zorionak, Iñaki!
Uztailaren 4an, aurten ere, uzta biltzeko makina ikusi ahal izan genuen Arrotxapean gelditzen den lur eremu bakarrean, Mogoteak parkearen magalean. Ti-ta batean garia jaso eta traktoreak eraman egin zuen. Azken aldia izango ote da? Lur horrek duela 500 urteko Nafarroa independientea ezagutu zuen, eta zinez hori ez da gauerdiko ahuntzaren eztula.
Eta Sanferminak iritsi ziren. Txupinazoa eta festa non-nahi, ikurriña erraldoia, presoak eta lan aldarrikapenak ere bai. Festa eta bestelako kontuak, gauzatu ezin zen riau-riau bezalakoak. Gertakari horien ondorioz Mikel Auza auzokidea atxilotu zuten. Harrigarria bada ere, une horiek grabatuak eta mila bideotan azaldu arren, udalaren erabakiarekin kritikoak ziren gazteak besterik ez zituzten atxilotu. Ez dakit nik, agian haien buruarekin borrokatzeagatik? Nortzuk ziren, bada, aurkariak?
Uztailaren 9an izugarriko borrokaldian murgildu ziren bi gazte taldeak Labriten aldapan, horietako batzuk atxilo eraman zituzten Runa parketik. Gau bera auzoko emakume batek bortxaketa saio bat jasan izan zuen, eta hurrengo egunean, uztailaren 10ean, Cardenal Ilundain ikastetxearen atzealdean lau kotxe erre zituzten. Langileon aurkako murrizketak ere protagonistak izan ziren egun horietan, eta udalak hasi bezala bukatu zituen jaiak, “Gaixoa ni” herrikoian parte hartzen zutenei oldartzen, en fin! Hala eta guztiz ere, zorionez, jai giroa da protagonista, batez ere, kalean, Udalak urtero kontrakoa bilatzen badu ere.
Hurrengo asteetan udako giroa, aisialdia eta jaia, nagusitu zen gure auzoan: bidaiak, igerilekuak, Arga ibaia, terrazak, Ezkaba mendia, kirola egiteko prestutasuna, Ipar Gorriko abuztu kulturala, herrietako festak, harreman aberasgarriak, kimu berriak… Zinez, mila esperientzia polit izan ziren. Jakina!, ahaztu gabe asko zailak eta gatazkatsuak ere izan zirela: behin-betiko utzi gintuzten lagun horiek; bizi eta lan baldintzak okerragotuko zituzten murrizketa berriak; Sahara-ren aurka Espainiak hartutako neurriak; espetxe politikak adierazitako neurririk gabeko krudelkeria eta auzoko presoek egindako gose grebak; krisi giro larrian Iruñeko udalak Espainiako Itzulian xahututako 1,2 milioi euro, hiriari “Espainia” marka ezartzeko asmoz; udalak berak Aranzadiko baratzetan eragindako triskantzak…
Soro, Massius y Pressus, Ed. Pol-len, 2012.
Berri larri horiek eragindako mobilizazioetan Arrotxapeako jendea presente izan da, argi utzita, udaroa ere garai egokia dela maite duguna babesteko.
Abuztuaren 27an, Ekaitzak gogorarazi zigun beroaldia ez zela betiko izango, eta horrela sartu ginen irailean, fresko-fresko, eta irailarekin batera ikasturte berrian, bete-betean. Txikienak lehendabizi, haur eta lehen hezkuntzako umetxoak gero. Beranduago, bigarren hezkuntzako gazteen txanda. Hori ba, Arrotxapeatik kanpo, gure ustezko autoritateek uste baitute Iruñeko auzo jendetsuenak ez duela ikastetxerik merezi. Eta, azkenean, euskal unibertsitaterik edota euskarazko lanbide heziketarik ezagutzerik ez duten gazte euskaldunak.
Agur oporraldiari. Oporrak izan zituztenentzat, noski! Asko baitira, gure auzoan, goikoek eragindako krisiak kinka larrian utzi dituenak, lanik gabe, gutxiengo babes sozialik gabe. Sektore kontzientziatuenak kalera atera ziren irailaren 26an, kapitalaren morroi ez diren sindikatuek zein herri mugimenduek deitutako Greba Egunean. Ea ondoko marrazkian agertzen zaigun Massius gai den Kapeladunari aurre egiteko. Hala bedi!


No hay comentarios: