sábado, 27 de octubre de 2012

Ijitoen Genozidioa Bigarren Mundu Gerran


Asteazkenean, urriaren 24an, inauguratu zuten Berlinen ijitoen genozidioa gogoratzeko monumentua. Hurrengo egunean, Berria egunkariak Samara Veltek idatzitako artikulu interesgarria argitaratu zuen: "Lore bat putzu beltz batean". Hona hemen horren zati bat: 

Lore bat putzu beltz batean

Iturria: ADASD.
Naziek 500.000 ijito hil zituzten 1933tik 1945era; gerora, biktima gisa ukatuta eta baztertuta sentitu dira. Aste honetan, omenaldia egin die Alemaniako Gobernuak.
   Literaturak eta zinemak ere aski jorratutako gaia da juduen genozidioa, baina ez ziren izan naziek jazarritako kolektibo bakarra. Besteak beste, ijitoak ere bazituen jomugan erregimen nazionalsozialistak: 1933tik Bigarren Mundu Gerra amaitu bitartean, denera 500.000 ijito inguru deportatu eta hil zituzten naziek sistematikoki, ghettoetan eta kontzentrazio esparruetan. Horietatik 25.000 Alemania eta Austrian atzeman zituzten.
   Juduen kasuan ez bezala, biktima horiek apenas izan duten aitorpenik gerra amaitu ostean ere. Haiekiko aurreiritziek aski zabalduta jarraitzen dute, eta biktima gisa ukatuta ez ezik, baztertuta ere sentitzen dira oraindik. Alemaniako Sinti eta Rom Herrien Elkarteak urte asko pasatu ditu juduei egindakoaren gisako aitorpena eskatzen, eta aste honetan egin diete azkenik: atzo inauguratu zuten ijitoen genozidioa gogoratzeko monumentua, Angela Merkel kantzillerra eta Joachim Guck presidentea bertan zirela.
   Putzu beltz bat, eta erdian lore bat, ur hiletan geldirik. Hari eusten dion harria egunero murgilduko da hemendik aurrera ur ilunetan, eta egunero berriz azaleratu; larrosa berri bat ipiniko dute goizero haren gainean. Larrosa bat ehunka mila pertsonarentzat; urte luzezko ahanztura eta ukazioaren erdian iritsi den aitorpen keinu txikia. Oroitarriaren alboetan, ijitoen genozidioa kontatzen duen kronologia bat eta bi aipu: bata, 1997. urtekoa, Alemaniako presidente batek lehenengoz ijitoen genozidioa eta juduena parekatu zituenekoa; bestea, Santino Spinelli ijito italiarraren Auschwitz poema, alemanera eta ingelesera itzulia:

Aurpegi zargaldua
itzalitako begiak
ezpain hotzak
isiltasuna
birrindutako bihotz bat
arnasarik gabe
hitzik gabe
malkorik ez. 





No hay comentarios: