miércoles, 9 de enero de 2013

"Baskonia. Bitarteko lurraldea" erakusketa


   Honetan proposamen ederra luzatuko dizuet hurrengo astebururako: Historia eta Konpromisoa. Larunbatean, presoen aldeko manifestazioa izango dela baliatuz, Bilboko Arkeologia museora hurbil gaitezke. Bertan jarrita dago “Historiaurretik zibilizaziora” erakusketa, VI. eta VII. mendeko Baskoniari buruz. Aukera polita galduko dute IUN, Batzarre eta Ezker Anitzako lagunek, atzo jakinarazi baitzuten ez dutela Bilbora joateko asmorik. Bai, zoritxarrez, presoak hemengoak dira; bestelako jarrera izango lukete bestelako lurraldetako presoak izanez gero, Palestina, Mapuche Herria… Ene ama, ze zaila baldintzarik gabeko elkartasuna! Hona hemen gaur, Berrian, Lander Muñagorri Garmendiak idatzitako artikulua erakusketaren inguruan.

Historiaurretik zibilizaziora


Baskoien arma mota ugari daude erakusketan.
Argazkia: Jon Hernaez.
Erromatarren inperioaren gainbeherak gizaldietan zehar indarrean egon zen nagusitasun militarra sakabanatu egin zuen V. mende amaieran. Egoera historiko horren gerizpean, erresuma eta aginte mota ezberdinak areagotu ziren, antzinako munduaren eta Erdi Aroaren arteko trantsizioa deitzen zaion epeari ateak zabalduz. «Garai horren berri izateko, idatzietara jo izan da, eta indusketa arkeologikoek bertako ideiak baieztatu izan dituzte», Iñaki Garcia Bilboko Arkeologia museoko zuzendariaren esanetan. Garai hartako euskaldunak nola bizi ziren jakiteko, ordea, arkeologiak aldatu egin du orain arte uste zena. Museoan jarri duten Baskonia. Bitarteko lurraldea erakusketak baskoien inguruko jakituriak izan duen bilakaera kontatzen du, aztarna arkeologikoen bidez.
VI. eta VII. mendeen artean, baskoien lurraldea monarkia franko eta bisigodoen artean zegoen. Hori dela eta, Baskoniako biztanleen inguruko xehetasunen berri jakiteko, bisigodo eta frankoen garaiko kroniketara jo izan da. Bertako idatzien arabera, baskoiak era arkaikoan bizi ziren, mendietan gordeta, eta nomadak ziren. Hau da, historialariek urteetan ondorioztatu dutenez, historiaurrean bezala bizi ziren. Kontinentean gertatzen ari ziren aldaketekin loturarik izango ez balute bezala.
Indusketa arkeologikoak apurrak ziren, gainera. 1895. urtean, esaterako, Florencio Ansoleaga eta Juan Iturralde y Suite arkeologoek indusketak egin zituzten Iruñeko Argarai nekropolian. Bertan topatutako aztarnak testuinguru bisigotikoari atxiki zitzaizkion sistematikoki. Baina horrek bere arrazoia dauka, Garciaren esanetan: «Garai horietan, estatuak iraganera begira ari ziren euren proiektu nazionalak defendatzeko. Horregatik, Iruñeak bisigodoa izan beharra zeukanez, aztarna horiek bisigodo gisa interpretatu ziren». Indusketa horrez gain, Arabako Gereñu, Gereña eta Los Goros-eko indusketetan ere aurkikuntza batzuk egin ziren XX. mende hasieran, «eta horiei ere interpretazio bera eman zitzaien».
Ipar isurialdean ez zen egin VI. eta VII. mende arteko indusketarik, beraz, mendietan era arkaikoan bizi ziren ustea zabaldu zen mende batez. «Teoria hori Espainian ongi hartu zuten, baina baita euskal abertzaleek ere». Beranduago jakin ahal izan den gisan, ordea, baskoiak ez ziren era arkaikoan bizi.

Historiaurretik zibilizaziora
Zer gertatu zen ikuspegi hori aldatzeko? 1989an, Aldaietako (Langara Ganboa, Araba) indusketetan, aurreikusi gabeko aurkikuntza bat egin zen, ordura arteko interpretazio aukera zabaltzen zuena. Bertako nekropolian, gorpuzki kopuruak, aldaerak, eta apaingarriek teoria guztiak hankaz gora utzi zituzten. «Hileta errituetan, armak jartzen zituzten gorpuen alboan», dio Garciak. Eta hori penintsulan ezohikoa zen, baina Europako hilerri kontinentaletan ikusi izan den joera da. Brontzezko katiluak ere aurkitu zituzten gorpuen hanketan, «Rhin ibaiaren inguruan topatu izan direnen antzekoak». Penintsulan sekula ikusi gabeko aizkora motak ere topatu zituzten indusketetan. Beraz, horrek guztiak erakutsi du Baskonia ez zela izan gizarte arkaiko eta bakartu bat, «Europan barneratutako gizarte bat baizik». Eta ez hori bakarrik: euren eremuetatik urrun zeuden lurrekin ere merkataritza harremanak zeuzkaten.
Nekropoli horien konplexutasunak harritu egin ditu arkeologoak. Zergatik ehorzten zituzten ahaideak halako elementu ugariekin? Eta zergatik ez da geratu baskoien etxalde edo herrixken aztarnarik? «Gizarte hura egurrezko etxoletan biziko zen ziurrenik; beraz, heriotzari bizitzari baino garrantzi handiagoa ematen ziotela esan daiteke», Garciaren esanetan. Hilerri horietan, harlauza handiak ere topatu izan dituzte. Alegia, hil ondoren ere prestigioa mantentzen zuten hildakoek. Beraz, horrek guztiak gizarte hierarkizatu batean bizi ziren ustea elikatzen du. «Konplexutasun horiekin, hildakoaren boterea irudikatu nahi izaten zuten». Ondorioz, ez zen berdintasunean bizi zen gizarte bat, lehen uste zen gisan, hierarkizatuta zegoen bat baizik.
Gaur egun, VI. eta VII. mendea aztertzen jarraitzen dute arkeologoek, «historikoki arkeologia historiaurrea aztertzeko erabili baita». Baskoniaren kasuan, garbi geratu da indusketek egia gehiago ematen dituztela idatziek baino. Edozein modutan, 1989an egindako aurkikuntzek sortu zuten ezustekoaren tamainako gehiago egitea ez du baztertzen Garciak. «Gure arbasoen inguruko historia idazten ari gara une honetan, eta horrek paradigmak alda ditzake».

No hay comentarios: