viernes, 18 de enero de 2013

Motako Gaztelua (Urgull mendia, Donostia)


   Atzo Donostira hurbildu ginen 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko zazpi lagun. Goizeko 10:00etan hitzordua genuen Franco diktadorearen habia izan zen Aiete jauregian. Hobe esanda, Francoren zalditegia zen Kultur Etxean. Kasu honetan, Nafarroako Konkistaren inguruan, bi orduko hitzaldia eta solasaldia izan genuen Helduen Hitza-ko 25 lagunekin.
   Hitzaldia bitartean, Txantreako lau menderakaitz horiek Urgull mendira jo zuten, udazkenean berrezkuratu genuen Motako Gazteluaren memoria gunea txukuntzera. Bertan elkartu ginen, mendebaldeko nafar haiek guztiak gogorarazi, itsasoari azken begirada bota, eta berriro abiatu ginen baskoien hiriburu historikora. Hona hemen 1512-2012 Nafarroa Bizirik-ek jarritako xafla eta Gazteluari buruzko infomazioa.

Motako Gaztelua

Argazkia: Imanol Elizalde.
Euskaldun guztiak Nafarroako Erresumaren barne zeuden garai batean eraiki zuten gaztelu hau. Badirudi Nafarroako Antso III Nagusiak (1004-1035) eraiki zuela lehen talaia Urgull mendiaren gailurrean, erresuma defendatzeko.
Ondoren Nafarroako Antso VI Jakitunak (1150-1194) Donostiako hiria fundatu, eta segur aski gaztelua berritu zuen, Nafarroako portu inportanteenetakoa zena defendatzeko.
Aurrerago, badakigu Nafarroako Antso VII Azkarrak (1194-1234) Donostiako gazteluko tenente izendatu zuela Johanes Bidaurre-koa, eta gaztelua kontsolidatu.
Garai txarrak heldu zitzaizkion erresumari, eta 1200 urtean Gaztelak Nafarroako erresumako Mendebalde hau konkistatu zuen, eta itxuraz lehen aipatu dugun tenente Johanes Bidaurre-koak ezin izan zuen gazteluaren konkista ekidin baina fidel eutsi zion Nafarroako erresumari, hurrengo urtetan tenente kargua mantendu baitzuen.
1336ko Irailaren 23an Libourne-ko Akordien ondorioz Nafarroak berreskuratu egin zituen Donostiako hiria eta portua, beste lurralde batzuen artean. 1373an ordea Gaztelako Erregeak berriz ere okupatu zituen, eta egun horrela segitzen dute.
Erdi Aroko gazteluaren itxura nolabait jakin dezakegu. Litekeena da tamaina handiko dorre nagusi bat izatea, eta haren inguruan harresi bat, eta barruti honen lau izkinetan dorre txikiak, 1542ko hiriko plano batean agertzen denez.
Beraz, posible da XVI mendean Erdi Aroko gaztelua hein handi batean zutik egotea, eta badakigu hemendik aurrera obrak berriak hasi zirela garai berrietara egokitzeko, egun ikusten duzun gaztelua osatu arte.

No hay comentarios: