viernes, 3 de mayo de 2013

Diario de ARROTXAPEAko Egunkaria (38)

Sortu ere hasi da kaleei hitzeginarazten.
Argazkia: Patxi Abasolo Lopez (2013-maiatza-1)
   Apirilaren 15eko astean hitzordu polita izan genuen Ezkaba aldizkariko lagunok. II. Aste Kulturalak honako hauek eskaini zizkigun: hitzaldiak, mahainguruak, otorduak, ardo-dastaketa, kontzertuak, Erraldoiak, txistorra jana, herri bazkaria, monologoa, Rotxaranga, haur jokuak... Zapore gazi-gozoarekin gelditu gara, ordea. Bai, ekimen batzuk arrakastatsuak izan dira (STOP etxegabetzeak, ardo-dastaketa euskaraz eta larunbat goizean); besteetan, ordea, ez dugu jendea erakartzea lortu, bereziki gazteak, haiek baitziren gure helburua (drogen inguruko hitzaldia, A Kaskarla taldeko kontzertua...). Berriro, bada, hausnarketa parentesia zabaldu eta burua astindu behar, hori bai, ez Ezkabak soilik, auzoko lagun eta taldeek ere bai.
  Ezkabako lagunok mahaigainean dugu galdera: mereziko ote du III. Aste Kulturala antolatzea? Tira, bada, badugu aurretik beste hamabi hilabete era egoki batean erantzuteko. Hori, bai, hala edo nola, Arrotxapeak behar ditu soziabilitate-eremu berriak. Eta ahaleginak fruituak ematen ditu, zalantzarik ez. Horrela izan da II. Aste Kultural honetan ere, hitzaldi batetik abiatu baita Arrotxapeako STOP Etxegabetzea, auzoa eraldatzeko beste borroka tresna bat, ongi etorri!
   Apirilaren 17an, Arrotxa Kantuz taldeak omenaldi xumea eskaini zion Eugenio Arraiza auzokideari, berari esker sortu baitzen ekimena 2008an. Ekitaldian 363 abesti biltzen dituen Euskal Herriko Kantu Zaharrak liburuska aurkeztu zuten.
    Apirilaren 24an, Ezkaba aldizkariak deia jaso zuen Nafarroa Garaiko Gobernuko Argitalpen Zerbitzutik:
- Buenos días, le llamamos para solicitar algunos ejemplares de la revista Ezkaba para completar la colección. ¿Me podía decir, por favor, quién es el editor, es el señor Argitaletxea?
- No, es el colectivo Zumadia, argitaletxea es editorial en euskera.
En fin, zer esan, ezta?
   Maiatzaren 1ean esan genuen bezala, aurten ere, Herri honetako langileok sakabanaturik atera ginen kalera. Arrotxapean hitzordua LAB sindikatuak ezarri zuen, zeinen zutabeak jendetsuak izan ziren oso. Jendetsuak bai, hotz ordea, egoera sozio-ekonomikoa bero-bero izanda ere. Egun horretan ikusi ahal izan genuen Sortu alderdi politiko berriaren lehen margoketa gure auzoko kaleetan.
    Asteazken horretan ere, 14:45etan, istripua gertatu zen San Pedro liburutegi ondoan. Kotxe batek bestea jo eta iraulita utzita alde egin zuen. Elkartasunik ez, bada, elkartasun egunean.
   Auzoko garia pozik dago udaberri euritsuarekin, berde-berde eta bizkor hazten ari baita. Ondoan, behin eta berriro, bat egiten dute Armendariz erregeordeko Armadako ondorengo horiek guztiek, gorriek, berdeek zein urdinek, Herri hau bizkor haziko den beldur. Atzo,  maiatzaren 2an, urdinen txanda izan zen, auzoko gazteak zirikatzen, berriro ere gure udaberriaren beldur. Hau bai negu luzea!



* Aurreko sarrera / Entrada anterior:






No hay comentarios: