domingo, 5 de mayo de 2013

Pablo Picassoren "GERNIKA"ko irudien esanahia.


   Larunbateko"Berria"n Lander Muñagorrik laburbiltzen digu Gonzalez de Zaratek argitaratu berri duen Eredu ikonografikoen Gernika ikerketa. Honetan Gonzalezek azaltzen digu Gernika Peter Paul Rubens margolari belgikarraren Gerraren izugarrikeria lanean oinarrituta dagoela. Hona hemen Gernika-ko irudien esanahiak.

Berria, 2013-maiatza-04.
1. Besoak altxatuta dagoen emakumea, eta 'fasces'-a. «Senideen arteko gerra baten tragediak sortzen duen mina islatzen du emakumeak. Askatasunaren irudikapena da. Gorantz dauzkan eskuetan, hamaika behatz zenbatu daitezke, Espainiako lehen errepublikak iraun zuen hamaika hilabeteen omenez. Bestalde, askatasuna Francoren altxamenduak zapaldu duela islatzen du gorputzaren azpian ageri den laukizuzen marradunak. Izan ere, faxismoaren ikurra den fasces bat da. Haren oinarrian, bost behatz ageri dira, 1936ko gerrak bigarren errepublikarraren bost urteak zalantzan jarri dituelako faxismoak».

2. Kriseilua daraman emakumea. «Amorruaren sentimendua Rubensek Alectoren bidez irudikatu zuen. Picassok ere irudi hori erabili du. Ezer elikatzeko gai ez diren bular puntazorrotzak, eta esku zorrotz bat, irudia saminez jaio dela irudikatuz. Indarkeriaren alegoria bat da. Leihotik ageri den emakume buruak izurria irudikatzen du, ahoa zabalik duela, jarrera erasokorrarekin. Aurpegi hori Espainiaren askatasuna irudikatzen duen emakumearen alboan dago, baina bizkarra ematen dio, eta, kriseiluarekin, indarkeria dagoen eszena argitzen du».

3. Hildako gudaria, ezpata hautsia eta lorearekin. «Rubensek bere koadroan lurrean irudikatzen duen hilotzak arkitekto bat irudikatzen du. Izan ere, bakearekin hiriak edertzen dituzte, eta gerrarekin dena suntsitzen da. Picassok, ordea, gudari baten gorpua irudikatzen du, justizia eta anaitasunaren heriotza azalduz. Gorpua aizkora batekin zatikatua izan da, eta kirtena zaldiaren hankaren ondoan ageri da. Apurtutako ezpata, berriz, galtzailearen ezpata da, biktimarena. Baina zeinen galtzaile da? Justizia eta askatasunaren porrota islatzen du. Nolanahi ere, itxaropena ez galtzeko zertzelada gehitu du Picassok: jasmin landare bat. Botere despotikoaren eta injustiziaren aurrean ere loreak haziko direla adierazteko asmoarekin».

4. Zaldi zauritua eta gorantz doan hegaztia. «Indarkeriaren ondorioz, lantza batek zaldia zauritu du. Samina adierazten du animaliaren aurpegiak, eta mingain zorrotza ageri zaio, amorruaren adierazgarri. Haren bizkarrean dagoen zauritik hegazti bat atera da, zerurantz hegan doana. Gerrarik ez dagoen leku batera doa, utopiarantz. Zaldia, ordea, hildako gudariaren gorpu gainean pausatuta dago. Irudi horrek elkarren aurka borrokan ari den herri bat irudikatzen du, bata hilda, eta bestea zaurituta. Izan ere, guda baten ondorioz, sekula ez dago irabazlerik, borrokatu diren bi aldeek galtzen baitute zerbait».

5. Erreguka ari den emakumea. «Rubensek zioenez, gerra batean, amorruaren ondoan miseria eta pobrezia azaltzen dira. Emakume honekin horixe azaleratu nahi izan du Picassok. Erdi biluzik ageri da, eta gorputzeko atalak —besoa eta hanka— desitxuratuta. Lepoa luze-luze eginda dauka, erreguka eta eskean arituko balitz bezala. Eskuin eskuak daukan posizioak ere ondorio hori indartzen du. Begirada kriseiluaren argiari zuzentzen dio; beraz, guda zelaian sartzen ari dela uler daiteke. Horren ondorioz, egoera okertu egingo zaio, guda batean gutxien daukatenak izan ohi baitira okerren egoten direnak».

6. Haurraren hilotza eskuetan duen ama. «Gerraren gordina islatzeko, artearen historian askotan erabili izan da hildako haurra eskuetan duen amaren irudia. Picassok erdi biluzik marraztu zuen emakumea, bularrak agerian dituela. Aurpegiak samina eta ezintasuna adierazten du, eta azalean uzten du gerraren zentzugabekeria. Emakumearen mingain zorrotzak amorrua eta saminaren erakusgarri dira. Begirada, berriz, zezenari zuzentzen dio, indar basati eta zapaltzaileari, baina ez du haren erantzunik jasotzen. Hilotza eskuetan duen amaren irudiarekin, ugalkortasunak gerraren ondorioz izaten duen kaltea eta atzerapausoa azpimarratu nahi izan du Picassok».

7. Zezen basatia. «Indar eta indarkeria kontrolaezina duen animalia gisa dago irudikatuta zezena koadroan. Horren metafora gisa, barrabilak dauzka marraztuta. Inguruan gertatzen ari denagatik zirkinik egin gabe dago, eta azpian duen amari ere ez dio begiradarik zuzentzen. Gertakari horrek guztiak eragingo ez balio bezala. Izan ere, zezena bera izan da gerra hori sortu duena, bera da indarkeriaren sorburua. Zezenak zauritu du zaldia bizkarrean, eta, era berean, zoruan etzanda dagoen gudariari ere heriotza eragin dio. Alegia, senideen arteko gudaren sorburu gisa irudikatu du Picassok zezena».

8. Begia, eta irisa bonbilla itxurarekin. «Artearen historian, begia boterearen eta zaintzaren irudi gisa erabili da. Horrez gain, justizia zaintzen duen elementu gisa ere aurkeztu izan da. Koadroan, ordea, begia irisik gabe marraztuta ageri da, eta, haren ordez, bonbilla bat dago. Filamentuak nahastuta daude, ordenarik gabe, eta horrek argia ezinezko egiten du. Hori dela eta, begiak igortzen duen argia ezegonkorra da, zuri eta beltza. Agertokiko argia, beraz, ez dator begitik, amorruaren kriseilutik baizik. Begia boterearen, zaintzaren eta justiziaren adierazle bada ere, koadroan ezer gutxi egiten du senideen arteko borroka horretan. Haren indarkeriarekin, zauriak eta hildakoak besterik ez du eskaintzen».

No hay comentarios: