miércoles, 5 de junio de 2013

"Desobedientzia hausnartu, ikasi, praktikatu"

   Gaur, Berriak iritzi artikulu oso interesgarria argitaratu du desobedientziaren inguruan. Artikulua ondorengo hauek sinatu dute: Erlantz Anda, Mikel Otero, Gorka Ovejero, Andere Ormazabal eta Ane Zalaiak, Mugitu, Eleak, Herrira, Joxemi Zumalabe eta Arabako Fracking taldeen izenean.

"Desobedientzia hausnartu, ikasi, praktikatu"

"Badira hilabete luze batzuk Euskal Herriko zenbait herri mugimendu ezberdin elkartzen hasi ginela. Kezka orokor batek biltzen gintuen. Gure herriaren bilakaera eta gaur egungo egoeraren garrantzia ikuspuntu ezberdinetatik aztertzeko beharra eta testuinguru horren aurrean eragiteko herri mugimendu ezberdinok beharrezko ditugun jarrera, militantzia eredu edo borroka moldeen inguruan hausnarketa bultzatzeko beharra. Pixkana, gure nahiak lurzoru komun batean lurreratzen joan ginen.

Euskal jendartearen azken hamarkadetako bilakaera ulertzerako orduan, herri mugimenduetatik jaiotako proposamenak zein erresistentziak ezinbesteko aldagai izan dira. Egun, errealitatea eraldatzeko ahaleginean jarraitzen dugu. Nork bere esparruan, baina guztiok ere ulertuta gizarte eraldaketak jendartearen inplikazioa eta protagonismoa izan behar dituela ardatz. Herri antolakuntza eta herri presioa ezinbesteko osagai dira oraindik ere.

Gure lana eraginkorra izango bada, eraldatu nahi dugun errealitate horren ezagutza ahalik eta egokiena izatea ezinbestekoa da. Euskal gizartean arnasa luzeko aldaketa garai sakon batean murgilduta gaude. Bi aldagai nagusi aipatzearren: batetik, nazio gatazkaren arloak ezagutu duen bilakaerak, herri borroka presente egonik ere, sistema politiko demokratiko formalaren eta bide instituzionalaren legitimatze eta indartze fase berri baten aurrean koka gaitzake. Estatuen jarrera izaten ari da esparru honetan oztopo nagusia. Aldi berean, baina, desdemokratizazio prozesu bat ematen ari da. Krisiaren aitzakian gizarte-eredu aldaketa bat inposatzen digute: eskubide sozialak desagerraraziz eta pobrezia biderkatuz, eta kalean horiei aurre egiteko tresnak diren eskubide zibil eta politikoak indargabetuz. Gizarte-eredu aldaketaren ezinbestekotasuna, beste ikuspuntu batetik, ama lurra txikitzen duen bizi eredu eutsiezin honek inposatzen du ere. Horri guztiari, botere gune ezberdinetan agerian geratzen ari den ustelkeria orokortua gehitu behar diogu. Alde horretatik, sistema politiko demokratikoa eta bere instituzioak geroz eta deslegitimatuago daude herritarron begietara (alderdiak, botere judiziala, instituzioak...).

Nola eragiten dio horrek guztiak herri mugimenduari? Ze diskurtso eta praktika izan behar dugu herri mugimenduok egungo Euskal Herrian?

Bada, herri mugimenduetako partaide garen heinean, bereziki arduratzen gaituen joera orokortu bat: legediaren protagonismoa arma eta muga bezala. Oinarrizko zerbitzuak deuseztatzeko, eraldaketa saiakera oro indargabetzeko zein edozein disidentzia mota isilarazi eta kriminalizatzeko orduan. Eskubide sozialen murrizketa lege bidez inposatzen da; naturaren txikizioa ingurumen legeak moldatu eta errespetatuz egiten da; gatazka armatuaren erantzun moduan argudiatzen zen salbuespen legedi antidemokratikoa ez da indargabetu; zigor kodearen erreforma berriak logika errepresiboan sakontzen du nabarmen, modu berezian kale mailako adierazpenak kriminalizatuz. Finean, protestarako eta eredu alternatiboen garapenerako legediak baimentzen dituen espazio eta zirrikituak gero eta uzkurragoak eta antzuagoak dira. Legedi «demokratikoa» zenbat eta estuagoa izan, ez al dira logika «demokratiko» hutsak gainditzen dituzten praktika eta diskurtsoak orduan eta ezinbestekoagoak?

Beharrezkoak al ditugu legedia eta legezkotasuna deslegitimatu eta gaindituko dituzten diskurtsoak, praktikak eta borroka moldeak? Guk baiezko erantzuna eman diogu galdera horri. Eta ez dugu zalantzarik borroka molde horietako batek desobedientzia izan behar duela.

Gerra krimenak, ama lurraren kontrako erasoak, tortura, lege bidegabeen aplikazioa... Historian gizakiak burutu dituen sarraski eta krudelkeria handienak obedientziaren izenean eta obedientziari esker gauzatu dira. Obedientziaren arriskuaren aurrean, desobedientziari aukera bat emateak zentzuzkoa dirudi hortaz. Bada ere desobedientzia tresna antzua edo asmo oneko ameskeria hutsa dela dioenik. Arazoa bestela plantea daiteke, ordea. Posible al dugu ama lurra defendatzea instituzio eta enpresen joko arauak erabat errespetatuz? Posible salbuespen politikak indargabetzea, oinarrian dauden salbuespen legeek baimentzen diguten bide ezin hertsiagotik kanpo zapaldu gabe? Finean, posible al da errealitatearen eraldaketa gizarte justuago baten norabidean, botereak eredu sozial bidegabe hau betikotzeko eraikitako lege eta arauen amaraunari desobeditu gabe?

Desobedientziak ez du berezko baliorik edo eraginkortasun magikorik. Beste edozein borrokarako tresna bezala, zenbat eta erabilera aproposagoa eta orokortuagoa egin, orduan eta eraginkorrago. Gure eskuetan dago, beraz.


No hay comentarios: