miércoles, 3 de julio de 2013

GAZTETXEAK: Libreago izan behar duten espazioak

Kalean da jada ikasturte honetako azken Ezkaba aldizkaria, uztailekoa. Bertan topatuko dituzue, auzoko jaietaz eta uholdeetaz gain, Arrotxapea STOP desahucios, MSFKZRK Ez!, musika, poesia, txoriak eta bestelako berriak. Hona hemen uztaileko zenbaki honetarako idatzi dudan artikulua.

GAZTETXEAK:
Libreago izan behar duten espazioak.*

Pese a ser espacios libres y autogestionados, los Gaztetxes distan mucho de ser lugares donde brillen por su ausencia las diferencias de género, el reparto de roles y demás actitudes de menosprecio a las mujeres.

Gomariz 6ko lokalak (Arrotxapea)
Argazkia: Patxi Villares.
“Pertsona berriak behar ditugu, sortu nahi dugun jendarte berri horren motorrak izango direnak”. Che Guevararen hitzak dira, XX. mendeko hitzak. Asko idatzi, hitz egin eta hausnartu bada ere, gehienetan “hombre nuevo” kontzeptu horretan ez da emakumerik, egun, ustez libre eta alternatiboak diren hainbat gunetan gertatzen den bezala.
Pili Alvarez soziologoak ikertu egin du gaztetxeen esparruan ematen diren genero ezberdintasunak (Mugimendu sozialak, genero harremanak eta kultura. EAEko gaztetxeen kasua, 2012). Izan ere, espazio libre eta autogestionatuak dira gaztetxeak, baina, nahi ala ez, jendartearen zati ere badira. Eta jendartearen zati diren heinean, bertan ematen diren genero ezberdintasunek, rol banaketek eta emakumea gutxiesten duten gainerako jarrerek nahi baino errazago zeharkatzen dituzte gaztetxeetako ateak ere. Lehenengo urratsak errazak ez baziren ere, azkenean hamasei gaztetxek eta 37 norbanakok hartu dute parte ikerketan.

Horizontaltasuna?
Gaztetxeetan horizontaltasuna beti landu izan bada ere, generoaren gaia askoz pertsonalagoa da eta kosta egiten da hori kolektiboki lantzea. Ezberdintasun horien adibide gisa, Alvarezek gaztetxe batean bere proposamena jaso zutenean jazotakoa kontatu du: “Elkarrizketa pertsonal batean, neska batek kontatu zidan nire mezua gaztetxeko mutil batek jaso zuela, eta, gaia zein zen ikusita, ‘ei, neskak; hau zuentzat da’ esan ziela gaztetxeko talde feministako kideei. Mezuaren hasieran apropos ‘Kaixo gaztetxeko edo gazte asanbladako kideak’ jarri nuen, baina... generoaren gaineko kontuak, zuzenean, talde feministari dagozkiola ulertzeko joera dugu. Azkenean eurek dute boterea eta zaila egiten zaie ikustea gure bizimoduan, egunerokotasunean, badaudela arazoak. Neskentzat errazagoa da, horiek guk pairatzen ditugulako. Gaztetxeetan ere, konturatzen zara badela zerbait gustura egotea galarazten dizuna eta zer izan daitekeen hasten zara pentsatzen. Orduan identifikatzen dituzu oztopoak, arazoak, desorekak”.

Espazio neutrorik ez
Parte hartzeari begira, ikerketan argi geratu zen, oro har, emakumeek gutxiago hartzen dutela parte gaztetxeetan, gehiago kostatzen zaiela espazio horietan barneratzea, baita asanbladetan parte hartzea ere. “Hori gertatzen da gaztetxeak ez direlako espazio neutroak, kanpo eta barne eraginak jasotzen dituztelako eta hori kosta egiten da ikustea, apenas egiten den alor honetan autokritikarik. Gaztetxeak guk egiten ditugu eta zenbait gauza lantzen ez baditugu espazio horretan erreproduzitzen ditugu”, ondorioztatu du Alvarezek. Lan banaketaren alorra da adibide garbienetako bat, mutilek aukeratzen baitituzte lan batzuk eta neskek beste batzuk, eta, rolei ez dagozkien lanak aukeratzen direnean ere, esate baterako, emakume batek “horma botako dut” esaten badu, mutilen aldetik bada protekzionismo puntu bat, begira egongo dira ea nola egiten duzun”.

Rolen haustura
Irule, Arrotxapeko azken Gaztetxea, 2011.
Argazkia: Patxi Villares.
Alvarezen iritziz, lanen banaketa rolen araberakoa izatearen arrazoia beldurrak eta aurreiritziak dira, baina, hala ere, gehiago dira gaztetxeetan egiten diren brikolaje, elektrizitate edo iturgintza tailerretan parte hartzen duten emakumeak emakumeei egokitzen zaizkien lanetan aritzen diren gizonezkoak baino. Erraz uler daiteke, “lan horiek ez direlako baloratzen. Jendarte honetan emakumeei egokitu zaien lana zaintzarena da eta gaztetxe batean hori ez da oinarrizkotzat jotzen. Gure arteko harremanak eta komunikazioa zaintzea edo espazioa txukun mantentzea ez dira horren garrantzizkoak eta hori argi ikusten da gaztetxea okupatzen den unetik: lehenengo gauza izaten da barra egitea eta kontzertuak antolatzea, eta gero asanbladak lurrean eserita egiten ditugu!”.
Gaztetxeak espazio maskulinizatuak direla esateak adiera zabala du. Ez da bakarrik sexu bakoitzeko jende kopuruaren araberakoa; horrek erabaki gunean eragiten duen karga maskulinizatzen du, lanen zerrenda, hitz egiteko moduak, gorputz adierazpenak, lehentasunak... Dena. Gainera, maskulinitatea zenbatekotasunarekin lotzen da, eta, feminitatea, nolakotasunarekin gehiago. Eta, adibidez, maskulinizazio horren adierazle izaten da kontzertu bat edo bestelako ekimen bat baloratzerako orduan kontuan hartzea zenbat jende egon den edo zenbat diru atera den, eta ez begiratzea ea zelan atera den, abestien letrak sexistak izan diren edo ez...
Bestelako atal asko landu ditu Alvarezek: espazio feministek horietan parte hartzen duten emakumeetan eta gaztetxeetako erabaki guneetan izaten duten eragin positiboa; musika taldeen hautaketa sistema, kuota sistema eta benetan emakumezkoen taldeak baloratzeko beharra…
Orria amaitzear dugunez, ordea, bi pasadizorekin utziko dugu gaia. Alvarezek kontatzen duenez, “behin, talde feminista bateko asanblada bat egin behar eta jende dezente bildu zenez, beti bezala goian bildu beharrean behean bildu ziren, areto nagusian. Mutil bat sartu zen, kartel batzuekin, eta, apur bat galduta, zera galdetu zuen: ‘Ze, ez dago inor ala?’. Neskek, noski, ‘eta gu ez gara inor ala?’ erantzun zioten”. Bestetik, Bilbon Emarock jaialdian jazotakoaz ere oroitzen da: “Errealitatea da neskek gehiago hartzen dutela parte halakoetan, eta, nolabait, mutilak kikildu egiten direla; euren giroan ez daudela sentitzen dute. Mutil batek, ‘jo, orain uler dezaket neskak askotan nola sentitzen zareten gaztetxeetan’ esan zuen. Izan ere, errealitatea goitik behera aldatzen da. Eta gu, emakumeok, askoz ohituago gaude ‘mutilen’ esparruetan ibiltzera”.


Testua: Patxi Abasolo Lopez
Argazkiak: Patxi Villares.


* Erabilitako iturria: Amalur Artola, "Genero gaztetxeetan", Gaur8, 2013ko ekainaren 15.


No hay comentarios: