miércoles, 28 de agosto de 2013

Ziztadak (47): AEBko beltzak, gauzatu gabeko ametsa

Martin Luther King
Washington, 1963.
1963ko abuztuaren 28an, Martin Luther King Jr. doktore eta artzain baptistak zuzendu zitzaion Washingtoneko Lanaren eta Askatasunaren Aldeko Martxan parte hartu zuen jendetza handiari:
- Zentzu  batean, txeke bat kobratzera etorri gara. Errepublikaren arkitektoek konstituzioaren eta Independentzia Adierazpenaren hitz ederrak idatzi zituztenean, agindu txartela ari ziren sinatzen. Kontratu hori promesa bat zen, zeinaren arabera, estatubatuar guztiei, bai zuriei baita beltzei ere, bizitza, askatasuna eta zorionaren bilaketaren eskubide ukaezinak bermatuko zitzaizkien. Bistakoa da AEBek ez dutela kontratu hori bete herritar beltzekin. Txeke baliogabea eman digute, 'dirurik ez' zigilua jarrita itzuli diguten txekea.
50 urte bete diren honetan, AEBetako beltzen %27,8 pobreak dira (12,23 milioi beltz pobre), %13,5ek ez dute lanik (zurien langabezia tasaren bikoitza) eta %16tik gora espetxean izan dira noizbait. IREHR Giza Eskubideen Ikerketarako eta Hezkuntzarako Institutuko presidente Leonard Zeskindek azaltzen digunez,
- Ustez, boto eskubidea bermatuta dago, baina arriskuan dago hainbat estatutan; etxebizitza politikan legez kanpokoa da arraza bereizkeria, baina oso hedatuta dago; bazterketa sustatzen duten eskola publikoak ere ez dira legezkoak, baina, berez, beti bezain berezita daude ikasleak.
Bai, 2009ko urtarrilaren 20an, AEBetako 44. presidente izendatu zuten Barack Obama afroamerikarra. Hala ere, Luther King-ek aipatu txeke zuriak kobratu gabe dirau.




* Aurreko Ziztada / Ziztada anterior:

No hay comentarios: