sábado, 18 de enero de 2014

Hiroo Onoda (Japonia, 1922-2014), gerrarik gabeko soldadua


 Hiroo Onoda hil da, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 29 urtera arte borrokan jarraitu zuen japoniarra

Teniente japoniarra Filipinetako oihan batean bizi izan zen 1974. urtera arte ezkutatuta, gerra amaitua zela jakin gabe.

Ezustekoa eman zuen 1974. urtean Hiroo Onoda tenienteak (Japonia, 1922). Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 29 urtera, azkenean, bere misioa amaitutzat eman eta etxerako bidea hartu zuen, Filipinetako Lubang uhartean 30 urtez borrokan aritu eta gero. Ordura arte ez zuen jakin Japonia errenditu eta gerra 1945. urtean amaitu zela. 91 urte zituen gaur egun Onodak, eta atzo hil zen, bihotzeko arazo baten ondorioz. Urtarril hasieratik zegoen ospitaleratuta. Bera izan zen amore eman zuen azken soldadu japoniarretako bat, eta No Surrender: My Thirty-Year War (Errenditzerik ez: Nire 30 urteko gerra) autobiografian eman zuen bere abenturaren berri.
1944. urteko abenduaren 26an bidali zuen Japoniako armadak inteligentzia zerbitzuko ofizial gisara Onoda Lubangera; Futamata komandoko kide zen. 22 urte zituen orduan, eta bere misioa AEBek lurraldea kontrolpean hartu ondoren sabotajeak egitea zen. Beste agindurik jaso arte bakarrik moldatu beharko zuela esan zioten, eta errenditzea eta bere buruaz beste egitea debekatu zioten. 1945. urtean, ordea, Japonia errenditu ondoren ere ez zuen bere misioa bertan behera utzi, eta Japoniako enperadoreari leial, lan horretan jarraitu zuen, gerrak aurrera jarraitzen zuela pentsatuz.
Beste hiru soldadu, lagun
Zeregin horretan beste hiru lagun izan zituen ondoan: Yuichi Akatsu, Shoichi Shimada eta Kinshichi Kozuka armadako kideak. Aitortu zuten 1945ean eskuorri bat aurkitu zutela gerra amaitu zela zioena eta menditik jaisteko eskatzen zuena, baina ez zirela fidatu; eskuorria aztertu eta faltsua zela ondorioztatu zuten, gerra benetan amaitu izan balitz horrelakorik ez zutela botako argudiatuz. Oihanean bizi izan zen urteetan platanoak, mangoak eta Filipinetako Poliziari iskin eginez hiltzen zituen abereak janez lortu zuen Onodak 30 urtez bizirik irautea. 
Urteetara, ordea, Akatsu taldetik bereizi zen, eta 1950ean Filipinetako agintarien aurrean amore eman zuen. Shimada 1954an hil zen arrantzale batzuekin izan zuten tiroketa batean, eta Kozuka 1972an, Poliziarekin izandako beste tiroketa batean. Urte horietan Japoniako hainbat espedizio joan ziren soldaduen bila, baina horiengandik ihes egitea lortu zuten, etsaiak zirela pentsatuz. Bakarrik geratu ostean, azkenean bere bila joandako unibertsitateko ikasle japoniar batek lortu zuen Onodarekin harremanetan jartzea, eta harekin argazkiak atera ondoren itzuli zen Japoniara.
Filipinetan indultatu egin zuten
Onodak, ordea, ez zion sinetsi ikasleari gerra amaitu zenik. Japoniako Gobernua, orduan, gerran Onodaren nagusi izan zenarekin harremanetan jarri, eta Lubangera bidali zuen. Hark gerra amaitu zela jakinarazi ahal izan zion, eta ia 30 urte lehenago emandako misioa bertan behera utziz, armak uzteko eskatu zion. Agindua bete eta bere uniformea, ezpata eta fusila eman zituen Onodak. Armak utzi zituen azkenaurreko soldadu japoniarra izan zen. Zazpi hilabete geroago egin zuen gauza bera Teuro Nakamurak. 1996an, Lubang uhartera itzuli zen, eta hango eskolari 10.000 dolar eman zizkion. 
Ferdinand Marcos Filipinetako presidenteak indultatu egin zuen Onoda, nahiz eta gerra amaitu ondoren sasian izan zen 29 urteetan 30 arrantzale inguru hil zituen. Japoniara itzuli zen, eta hedabideen arreta bereganatu zuen. Hainbeste arreta piztea ez zitzazion gustatu, ordea, eta Japoniako balio tradizionak ahultzen ari zirela ikusirik, 1975ean Brasilera joan zen, han baitzuen Tadao anaia. Han etxalde bat jarri zuen, eta 1976an ezkondu egin zen. Nerabe japoniar batek bere gurasoak hil zituela jakin ondoren, ordea, Japoniara itzultzea erabaki zuen 1984an, eta Onoda Natur Eskola sortu zuen, gazteei naturari buruzko eskolak emateko. 
Jon Ordonez, Berria, 2014-urtarrila-18, 20 or.

No hay comentarios: