miércoles, 22 de enero de 2014

Carlos Ziaurritz, "Isiltasunaren erretratuak"

Carlos Ziaurritz argazkilariak erakusketa bat zabaldu du Iruñean Oradour-sur-Glaneko tragedia kontatzeko

IKER TUBIA IRUÑEA

Oradour-sur-Glaneko tragediari buruzko erakusketako argazkietako bat. / CARLOS ZIAURRITZ
Isiltasuna. Edozein kale kantoitan, etxeetako atarietan eta eskolan, soinurik eza da nagusi Oradour-sur-Glanen (Okzitania). 1944tik dirau isiltasun horrek, eta bertara doazen bisitariek errespetatu egiten dute. II. Mundu Gerraren aztarna bizia da; herritar oro akabatu zuten, eta, ordutik, herria bere horretan mantendu dute. Ez da inor bizi. Carlos Ziaurritz argazkilari iruindarra han izan da, eta erakusketa bat zabaldu du AFCN Nafarroako Argazkigintza eta Zinemagintza Elkartean. Urtarrilaren 24ra arte dago zabalik.

1944. urteko ekainaren 10ean gertatu zen tragedia Oradour-sur-Glane herrian. Naziak herrian sartu ziren, erresistentziako kideak zeudelakoan. Gizonak atxilotu, eta emakume eta haurrak elizan sartu zituzten. Lehenbizikoak fusilatu egin zituzten; gainontzekoak hiltzeko, elizari su eman zioten. Egun bakarrean, herria bera ere hil egin zuten. Ziaurritzek esan duenez, gutxi libratu ziren sarraski horretatik.

Herriak 1944. urtean bezala jarraitzen du: objektuak, tresnak, autoak... Naziek ebatsitako ondasunak baizik ez dira falta. Erabiltzen zituzten tresna guztiek oraindik ere han jarraitzen dute. Etxe baten parean aparkatutako auto herdoilduaren irudia eta patioan geldituta dauden bi autoak dira horren adibide. Tailer zahar bat ere ageri da irudietako batean, baita emakume eta haurren hiltegi bihurtu zen eliza ere. Hotelaren terrazak oraindik ere lorontziak eta harrizko mahaiak ditu, eta mutilak eta neskak banatzen zituen eskola ere han dago.

Oradour-sur-Glaneko kale hutsen irudiek ere indar handia dute. Trenak zeharkatzen zituen karrika horiek, eta oraindik ere ikus liteke trenbide horren aztarna. Tren geltokia ere zutik da oraindik, baina 1944. urtetik, geldirik. Irudietako batean etxe baten patioa ageri da, eta bertan bizi zirenen izenak jasotzen ditu plaka batek: Marie eta Jacques Decubes 67 eta 65 urteko senar-emazteak, haien alaba Eugenie Faucher 30 urtekoa eta Renee Faucher 5 urteko biloba ageri dira, baita 8 urteko Fernand Bureau ere. Bostak hil zituzten ekainaren 10 hartan.


* Artikulu osoa irakurtzeko:

No hay comentarios: