domingo, 9 de febrero de 2014

Erakusketa: "Galiarren aroan, Cesar aurreko Akitania"

Hanka sartze historikoa:
Asterixen kaskoak ez zuen hegalik.
  
   Honetan, Bidasoa zeharkatu eta Donostiako San Telmo museora joateko proposamena luzatu nahi dizuet. Badakit Arrotxapetik zein Iruñetik jendea hurbildu egin dela olatuek egindako txikizioak ikustera. Beraz, hona hemen aukera ederra morboa asetzeaz gain, historiarekin gozatzeko. Erakusketako arduradunak dioen bezala, Akitanian bizi ziren herritarren bizimoduaz dauzkan aurreiritziei aurre egingo zaie, ez baita egia txabolak biribilak zirela, ezta kasko hegaldunak erabiltzen zituztela. Gehiago jakin nahi izanez gero, hemen duzue Araitz Muguruzak gaurko Berrian argitaratutako artikulua:

Burdinaz formatutako ondarea

Erromanizazio aurretik Akitanian bizi ziren herritarren 1.600 objektu bildu dituzte San Telmo museoan
Galiarren etxolen eta bihitegien erreprodukzioak ere egin dituzte erakusketarako. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Akitanian eta Galian erromanizazioa iritsi aurretik zegoen bizimodua azaltzen da Galiarren aroan, Cesar aurreko Akitania Donostiako San Telmo museoan jarri berri duten erakusketan. Burdin Aroan erabili zituzten arma, oroigarri, apaingarri eta tramankuluen bilduma da, egunerokotasuneko ohituretan zeuzkaten desberdintasun eta berdintasunekin. 1.600 objektutik gora daude ikusgai; tartean baita burdina edo kristala lantzeko erabili zituzten labeen erreprodukzioak ere. Maiatzaren 25a bitarte izango dira ikusgai.

Akitaniako Mouliets-et-Villemartingo Lacoste aztarnategian egindako aurkikuntzak dira erakusketako objekturik gehienak. Erakusketa prestatzen lau urte igaro ondotik, iaz aurkeztu zuten Bordelen (Frantzia), Akitaniako Museoan.

Mistroten arabera, galiarren inguruko hainbat kondaira indartu edo bertan behera uzteko baliagarria izango da erakusketa. «Kondairak dio galiarrak beren buruari begira bizi zirela, ez zutela inguruko herrialdeekin hartu-emanik, baina aurkikuntza arkeologikoek aurkakoa erakutsi dute». Ardoa edo eztainua, esaterako, inportatu egiten zuten. «Ardoa Bartzelonatik erosten zuten, eztainua, berriz, Suitzatik», zehaztu du Mistrotek. Britainia Handia, Erroma, Italia eta Greziarekin ere harremanak bazituzten. Salerosketa hori bazela indartzen dute aztarnategietan aurkitutako anforek. «Ardozaleak ziren, baina ez zekiten ardoa egiten, eta kanpotik ekartzen zuten. Anforak ziren ardoa garraiatzeko modurik egokienak». 

Erakusketan galiarren eta akitaniarren bizimodua azaltzen da, edo hobeto esanda, bi komunitateen arteko desberdintasunak ere azaleratzen dira. «Askok pentsatzen dute biak ala biak ohitura aldetik-eta herrialde berdinak zirela; baina ez, elkarren artean bazituzten desberdintasunak». Hizkuntza da horietako bat, baina egunerokotasuneko beste zenbait alorretan ere bazuten aldea. Julio Zesar Erromatar inperioko buruzagiaren hitzak gogoratu ditu Mistrotek. «Zesarrek Galietako gerran adierazi zuen, hizkuntzaz ez ezik, fisikoki ere ez zirela berdinak, akitaniarrak eta galiarrak». Alderaketa egin bide du erakusketak, «zubi bat izan» bi herrialdeen berri emateko.

1.000 metro koadroko erakusketaren lehenengo atalean zeramika eta burdina dira nagusi. Hasieran, burdina armetarako baino erabiltzen ez zuten materiala zen. Bi metro luze dituzten xabalinak eta neurri askotako aiztoak daude. Borrokalari amorratuaren ospea hartu dute historian zehar, eta ospe hori indartu egin du Mistrotek. «Garaiko gerra guztietan hartu zuten parte galiarrek, ez zioten heriotzari beldurrik». Hasieran babes handirik gabe joaten ziren borrokara, gerora, ordea, hasi ziren kaskoak eta ezkutuak erabiltzen. Azken horiek egurrezkoak ziren, eta gainetik burdinaz babesten zituzten. Gerora suzko armetan erabiliko ziren balen aurrekaria galiarrek erabiltzen zuten, eta ikusgai daude horietako batzuk. «Harrizkoa berunezko bilakatu da, baina honelako batzuk botaz gero, etsaia berdin-berdin akabatuko zuten» gaineratu du erakusketako komisarioak.

Armek eta borrokek garrantzi handia zuten gizartean; horren erakusgarri da hil ondoren lurperatu ere arma eta guzti egiten lurperatzen zituztela. Hildakoekin batera errausten zituzten armak. Birrindutako haietako batzuk ikusgai daude. Harrespilak ziren hildakoen hilobi; horietako baten erreprodukzioa ipini dute. Arcachoneko arroan eta Landetako indusketetatik ateratakoak dira, besteak beste, objektuetako batzuk.

Apaingarrietako material bilakatu zen ondoren burdina. Mistrotek azaldu du «esku ona» zutela bitxiak egiteko garaian. «Burdin Aroko bigarren aldiko bitxiak oso landuak dira, eta aurreko aldikoak baino landuagoak ere bai». Eskumuturreko edo lepokoekin batera, fibulak eta gerrikoak lortzeko erabiltzen zituzten apaingarriak ere ikusgai daude. Erakusketako zatirik handienetakoa hartzen dute bitxiek, izan ere.

Trukerako erabiltzen zituzten txanponak desberdinak ziren. Garona ibaiaren iparraldean urreko txanponak ziren nagusi, suitzarrekin hartu-eman handiagoa izan zutelako. Hegoaldean, aldiz, zilarrezkoak erabiliagoak zituzten.

Burdinaren aroa izaki, hura ustiatzeko labeetan aurrerapen handia egin zuten. Garai horretan sortutako hamaika tresna jarri dituzte bistan. Hala nola bizarra mozteko aiztoak, depilatzeko pintzak eta giltzak. Kristala lantzeari bigarren burdin aroan ekin zioten. «Suitzatik hartu zuten kristala lantzeko eredua», zehaztu du Mistrotek.

Garia, konkistarako arrazoi

Metala eta kobre ona zuten, baina batez ere, garian ziren aberatsak galiarrak. «Gari sail handiak zituzten, eta hargatik ziren Zesarren begipuntu». Erakusketa erromanizazio garaian amaitzen da.

Mistrotek azaldu du ur sistema kenduta lortu zutela haien lurra konkistatzea. «Uste zuten jainkoen zigor bat zela; erromatarrak izan ziren, ordea, eta zigor modura besoak moztu zizkieten, eraso egiteko modurik izan ez zezaten». Konkistaren eragina nabarmenduz joan zen apurka. «Ordura arte, erlijioak debekatzen zien jainkoak zerbaiten gainean irudikatzea. Erromanizazioarekin, ordea, lehenengo agerraldiak izan ziren».

No hay comentarios: