jueves, 19 de junio de 2014

Sakanako eragileak "Enneco, haritzaren memoria"rekin

BI URTE BETETA, OINARRI SENDOAK LORTU DITU
ENNECO, HARITZAREN MEMORIA EGITASMOAK

Argazkia: Iñigo Uriz, Argazki Press
   Duela bi urte jarri zen martxan Enneco ekimena, ondarea eta natura oinarri dituena. Memoria historikoa berreskuratzea helburua duen egitasmo honek gizartearen eta instituzioen babes zabala jaso du. Sakanan lanpostuak sortuko dituela ere nabarmendu zuten.
   Bi urte pasa dira ondarean oinarrituriko «Enneco, haritzaren memoria» ekimena aurkeztu zenetik eta ordutik hona urrats sendoak egin ditu, babes zabala bilduz. Horren erakusgarri, atzo Iruñean egin zuten agerraldia, non Sakanako eragile ugariren sostengua jaso zuen.
   Nafarroa Bizirik Fundazioko Patxi Abasolo, Sergio Iribarren eta Bixente Azpilikuetarekin batera, Sakanako Mankomunitateko Aitor Karasatorre, Etxarri Aranazko alkate Joxi Bakaikoa, Cederna-Garalur elkarteko zuzendari-kudeatzaile Isabel Manterola, Altsasuko NaBai taldeko zinegotzi Uhai Hualde, Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola eta Sakantzen Sareko kide Joseba Garmendia izan ziren.
   Abasolok azaldu zuenez, Enneco ekimena memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin jaio da, gabezia handi bat betetzeko. «Interpretazio zentro bat izango dugu gure historia politikoa ezagutaraztea eta bere konkistatzaileek mendeetako akulturaziora kondenatutako iluntasunetik ateratzea ahalbidetuko du», esan zuen.
   Zentroak izango duen kokagunea ere ez dela nolanahikoa nabarmendu zuen Abasolok. Harizti batean kokatu da, Etxarrin, naturaz inguraturik, Aralar mendilerro eta Urbasa-Andia natur parkearen aurrean. Sakanan dago, Euskal Herriko hiri nagusienekin estrategikoki lotua errepidez zein trenbidez.
   Honekin batera, ekimen nazionala eta herritarra dela nabarmendu zuen Abasolok, auzolanean egingo baita. Babes sozial eta instituzional zabala lortu du eta dagoeneko urrats praktikoak egin dira: basoa garbitu da eta plan berezia idatzi da. Gauzak horrela, Etxarriko Udalaren baimena jaso ondoren, lanak udazkenean hasteko asmoa dute.
Lanpostuak sortzeko
   Karasatorrek, Elizaldek eta Garmendiak Enneco ekimena Sakanarentzat, krisia modu larrian pairatu duen eskualdearentzat, lanpostu berriak sortzeko aproposa izan daitekeela nabarmendu zuten.
   Bertako ondarean eta naturgunean oinarrituriko turismoa dela azpimarratu zuten. Jarduera hori bailaran indartzeko asmoa aurkeztu berria den Sakana 2020 Plan Estrategikoan jasotzen dela gogoratu zuten eta Enneco ekimenak helburu hori modu ezin hobean lortzen duela gaineratu zuten.
   «Sinergiak sor ditzake eta Ennecoren inguruan beste egitasmo osagarriak sor daitezkeela antzematen dugu. Ekintzailetasuna biderkatzeko esparru bat irekitzen dio Sakanako gizarteari», esan zuen Garmendiak.

Martxelo Díaz, Gara, 2014ko ekainaren 19.




No hay comentarios: