domingo, 14 de diciembre de 2014

Atseden duinaren zain

Argazkia: Jagoba Manterola/Argazki Press
 Aurreko ostiralean, abenduaren 12an, ekimen xumea bezain hunkigarria izan zen Iruñeko hilerrian: 1936ko gerrako hamar biktima lurperatu egin zituzten Udalak 60 gorpuzkirentzako prestatu duen panteoian.

   Lohizune Amatriak Berrian kontatu bezala, duela 78 urte fusilatu zituztenetik, hobi komunetan izan dira abandonatuta. 2010ean eta 2012an exhumatutako hamar gorpuzki lurpertu zituzten: Añezkarko hilerriaren kanpoaldean aurkitutako pertsona bat, Berriobeitiko hilerriaren kanpoaldean zeuden bi pertsona, Erripako hilerrian aurkitutako bat eta Antxoritzeko hobi komunean ziren sei pertsona. Horiek guztiak, egun, momentuz, izen-abizenik gabe.

   Horrela mintzatu zitzaien Olga Alzeaga Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen elkarteko presidentea:
   Loreak izango dituzue hemen, balio demokratikoak zituzten pertsona zintzo gisa gogoratuko zaituztegu. Eta, zuen identitatea ezagutzen ez dugunez, gu guztion gurasoak, aitona-amonak eta osaba-izebak izango zarete.
   Hiltzaileak dira zuen bizitza lapurtu zutenak, baina lortu nahi zenituzten eskubideak ere hil zituzten. Isiltasuna nagusituz, gezurrezko eta ahanzturazko gizarte bat sortu zuten.


No hay comentarios: