lunes, 26 de enero de 2015

Euskaldunak I. Mundu Gerran: Pierre Etxeberri intsumitua

Hildakoak lubakietan
Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin.
Lehen Mundu Gerrako bataila eta triskantzetan Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren, eta beste milaka batzuk ere lazgarrian hondatu: itsu, maingu, herren, zoro. Belaunaldi oso bat sakrifikatu zen.
Intsumituak ere milaka izan ziren, eta desertoreak ere bai. Horietako bat, Pierre Etxeberri, 1914ko urriaren 21ean fusilatu zuten, etsaiaren aitzinean ihes egitea leporatuz. Izpurakoa zen (Ispoure, Nafarroa Beherea) sortzez, eta Lasan bizi zen, laborari gisa. 1909an hiru hilabetez egin zuen soldaduska, baina Eguberrian etxean iragaiteko baimena eman ziotenenan, ez zen armadara itzuli. Hala ere, gerra hasi baino bi hilabete lehenago, 1914ko ekainaren 4an, armadara itzuli zen. Gerra lehertu zenean, soldadu gisa joan zen.
Hilabete bat baizik ez zeramanean gerran, bonbardaketa latz bat jasan zuten hark eta haren konpainiakoek, Argona eskualdeako Avocourt inguruan. Bonbardaketa irailaren 3an izan zen, 13:00etan. Etxeberri desagertu zen, eta biharamun goizeko 5:00etan joan zen, bere baitarik, dozena bat kilometro hegoalderagoko Parois herrian zegoen infanteria erregimentu batera. Berehala atxilotu zuten, bere postua abandonatu zuelakoan. Azaldu zuen obus bat erori zitzaiela gainera eta bere kide andana bat hilik ikusi zituela bere ondoan. Ondorioz, oihanera joan zen eta han iragan zuen gaua, gorderik. Urriaren 19an epaitu zuten eta hiltzera kondenatu. Bi egunen buruan, urriaren 21ean, fusilatu zuten, Récicourten (handik lau kilometrora), 6:30ean. 25 urte zituen.

Eneko Bidegain, Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria, Baiona, Elkar, 2014, 92. or.

No hay comentarios: