miércoles, 18 de marzo de 2015

"Guraso izaten ikasi egiten da"


ATZEKOZ AURRERA. FRANCISCO CASTAÑO. IRAKASLEA ETA FAMILIA AHOLKULARIA

«Nahi lukeen haurra hezten du askok, duen haurra hezi ordez»

Castañok uste du seme-alabak heztea garai batean baino zailagoa dela. Hori horrela, beharrezkotzat jo du ahaleginaren, errespetuaren eta elkarlanaren balioak berreskuratzea.
Argazkia: Marisol Ramirez, Argazki Press
Guraso izaten ikasi egiten dela dio Francisco Castaño irakasle eta familia aholkulariak (Ejea de los Caballeros, Espainia, 1966). «Beste edozein gauza bezala». Horretan laguntzeko, liburu bat egin du, Pedro Garcia Aguadorekin: Aprender a educar: evitar el mal comportamiento y el fracaso escolar (Hezten ikasi: jarrera txarrak eta eskola porrota nola saihestu). Donostian eta Bilbon aurkeztu dute liburua.

Nola ikasten dute gurasoek beren seme-alabak hezten?
Beste galdera batekin erantzungo diot horri: nola ausartzen gara seme-alabak hezten, aurretik ikasi edo prestatu gabe? Jendeak argi du informatika edo hizkuntzak ikasteko formatu egin behar dela: ikastaroak egin, eskoletara joan... Guraso izatearekin, ordea, kasu askotan ez da horrela gertatzen, eta akats handia da. Oso garrantzitsua da guraso eskoletara joatea, irakurtzea, eta batez ere behar denean laguntza eskatzea. Izan ere, askok uste dute beren kabuz moldatuko direla seme-alabek dituzten jarrera eta ikasketa arazoak konpontzeko, eta laguntza eskatzen dutenerako berandu da. Beste asko nahiko luketen haurra hezten saiatzen dira, ez daukatena.

Noiz eskatu behar da laguntza? 
Seme-alabekin ezin dutela sentitzen duten lehen unean. Haurra oraindik txikia izan arren, jarrera batzuk gero etor daitekeenaren seinale dira. Ez da posible guraso batek bere 3-4 urteko umea ezin kontrolatzea. Ume hori nekez aldatuko da nerabezaroan. Horregatik da garrantzitsua txikitatik arauak eta mugak jartzea, eta umeak argi izatea, eskubideak dituen moduan, betebeharrak dituela. 

Gaur egun lehen baino zailagoa da seme-alabak heztea?
Bai, gizartean balio aldaketa bat izan delako. Lehen ahalegina, errespetua eta elkarlana ziren, besteak beste, nagusi. Orain, berriz, berehalakotasuna, ahaleginik eza, eta indibidualismoa. Gaur egun gazte askori gehien kezkatzen diena da Facebooken eta Twitterren zenbat jarraitzaile dituzten. Denen artean lan egin behar dugu garai bateko balioetara bueltatzeko.

Balio aldaketa horrekin lotzen duzu eskola porrota. Zergatik?
Ahalegintzea eta hobetzeko nahia krisian dauden balioak direlako. Gaur egun, gaztetxo askok dena eginda ematea nahi dute. Lanak egiteko errazenera jotzen dute, eta ez dira ahalegintzen. Ez diete erakutsi horren garrantzia. Kontuan izan behar da eskola porrota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan agertzen dela, orduan zailtzen baitira ikasketak. Baina aurreneko zantzuak Lehen Hezkuntzan agertzen dira. Horregatik da garrantzitsua adin horietan balio horiek ezartzea.

Gurasoak ez al dira lan hori eskolen esku uzten ari?
Bai, eta hori ere aldatu behar da. Ez da posible ardura guztia irakasleen esku uztea, eta etengabe haien lana auzitan jartzea.

Zeregin horretan aitona-amonek duten eginkizuna ere aztertzen duzue liburuan. Nolakoa izan behar du haien egitekoak?
Argi dago aitona-amonek gero eta ardura handiagoa hartzen dutela, gehiegizkoa. Aitona-amonek nahikoa egin dute gu hezten, orain gure seme-alabak hezteaz arduratzeko. Ni asko haserretzen naiz gurasoek aitona-amonei kargu hartzen dietenean, adibidez, seme-alabek etxeko lanak egin ez dituztelako, edo egokitzen zitzaiena meriendatu ez dutelako. Ardura hori ez da aitona-amonena, beren seme-alabena baizik. Haiei eskatu behar dizkiete azalpenak.

Gurasoek duten arazoetako bat da seme-alabekiko komunikaziorik eza. Nola konpon daiteke hori?
Komunikazio espazioak sortuz haiekin txikitatik, haiei entzunez eta kasu eginezTxikitan kasu egiten ez badiegu, ez dezagula espero nerabezaroan gauzak kontatzea.

Ainara Arratibel GastonBerria, 2015-martxoa-18a, 32 or.

No hay comentarios: