miércoles, 13 de enero de 2016

Adolf Hitlerren "Mein Kampf" berrargitaratu dute

Alexander Heinl, Efe
  Hirurogeita hamar urteren ostean, Adolf Hitlerrek idatzitako Mein Kampf (Nire Borroka) salgai dago berriz ere liburu dendetan. Oraingoan edizio kritikoa da, Municheko Egungo Historia Institutuak hainbat hamarkadetan landu duena. Edizio berriak oinaldeko 3.500 ohar baino gehiago ditu, eta puntuz puntu egiten die aurre Alemaniako fuhrer-aren pentsamenduari.
   Ikusten badugu garai hartan zenbat ale saldu ziren, sinestezina egiten zaigu gerra ondoren alemaniar askok esandakoa, hau da, ez zekitela naziek zer egiten zuten. Ludger Mees historialariak gaur Berriak egindako elkarrizketan azaldu bezala, "Erregimen nazionalsozialistaren garaian liburu hori oparitu egiten zuten ezkontzetan; ohikoa zen bikoteari oparitzea, eta hainbat ospakizunetan ere opari gisa ematen zen. Hamabi miloiko argitaraldia izan zuen. [...] Bigarren Mundu Gerra eta holokaustoa amaitu ondoren, Alemaniako gizartean argudio edo aitzakia bat zabaldu zen. Hura guztia nola gertatu ahal izan zen galdetuta, sarri askotan erantzun bera ematen zen: "Guk ez genekien holokaustoan zer gertatu zen; horren berri gerora jakin genuen". "Ez genekien Auschwitz zer zen". Jende arruntak ezjakintasuna erabil zuen aitzakiatzat, bai eta garai hartako intelektual askok ere. Baina Mein Kampf irakurtzen baduzu, han dago zehatz-mehatz idatzita gero berak [Hitlerrek] egingo zuena. Iragarrita zegoen, paper gainean, zer asmo zituen juduekiko. Gerora egingo zuten guztia idatzita zegoen hamar urte lehenago liburuan". Zinez, belaunaldi berriek ez lukete gertatu zena ahaztu beharko.

No hay comentarios: