miércoles, 17 de agosto de 2016

Guri ere esaten ziguten moduan esan beharra...

Liburu eta komiki dexente irakurri ditugu oporraldi hauetan, ez nahi adina, baina tira, eta, gainera, esan behar asmatu egin dugula. Batzuk berriak izan dira, beste batzuk, ordea, bigarren irakurketa, etxeko apalategian urteak emanda, Jon Maia Soria-ren Riomundo bezalakoa, Txalapartak 2005ean argitaratua.
Riomundo biografia bat da, Jon Maia bertsolariaren familiaren historia, Albacetetik Vascongadas esaten zioten herrialde arrotz eta malkartsu horretara iritsi zena. XX. mendeko 30. hamarkadaren gertakari historikoen protagonista dugu Pedro Sierra, duintasuna eta askatasunaren alde borrokatu zen langile xumea. Honetan, hala ere, horrekin zerikusirik ez duen pasadizo bat dakarkizuet. Izan ere, istorio horretatik alde egin eta ikasturte honetan hainbat lagunekin eta gurasoekin hitz egindakora eraman ninduen: "Nola bota errieta (seme-alabari) nik neuk gauza bera egiten banuen?..."

"Makila punta hutsean utzi zuen Pedrok, labanarekin hainbeste igurtzi eta igurtzi. Urrutira, kalean behera, zakur baten zaunkak entzun zituen. Jendea bazkalosteko lo-kuluxkan zegoen eta horrelakoetan apenas ezer entzuten da herri horietan.
Kalean gora, gero eta ozenago entzun zitezkeen galgoren zaunkak. Hantxe zen zakur gizajoa, lerde jario, atzetik mutiko koadrila bat harrika zuela.
- Utz ezazue zakur gizajoa bakean!
Begirada makilatik altxatu gabe, Pedrok ezin izan zion eutsi esan beharrari. Zenbat zakur eta katu gizajo ez ote zituen harrikatu berak! Baina, iruditzen zitzaion berari ere esaten zioten moduan esan beharra zuela berak ere bakean uzteko zakur gizajoa. Ia makila osoa punta hutsean utzi zuen. Alferrik galduta, ez ziola mendirako balio izango iritzita, egur piloaren ondora bota zuen urki makila".  (Riomundo, 46. or.)

No hay comentarios: