jueves, 18 de agosto de 2016

Ozgur Gundem eta Ararat mendiaren sumina

Goizero bezala, gaur ere Berria lagun gozaldu dut eta, berriro ere, kurduen ahotsa isilarazteko beste saio baten berri izan dugu: Turkiako gobernuak Ozgur Gundem egunkaria itxiarazi eta 24 langile eta kazetari preso eraman dituzte. Kasualitatez, Yasar Kemal-en Ararat mendiaren sumina izan dut ondoan egun hauetan. Liburua hartu eta irakurtzen amaitu dut. Bere orrialdeetan, bizirik-bizirik daude, elkarren kontrako lehian batzuetan, bizitzaren sentimendu eta errealitate funtsezkoenak: maitasuna, eginbeharra, heriotza, elkartasuna, duintasuna, ohorea.

"Ararateko mendi-mazalan larrain bat baino askoz handiagoa ez den aintzira bat dago. Haren uren urdina garbi-garbia da. Urtero, munduan udaberriaren eztandarekin batera, goiz batez, eguzkia atera baino lehentxeago, Ararateko artzain guztiak aintzirara hurbiltzen dira. Bertan longainak zabaltzen dituzte aintzira-bazterretako haitz gorrien gainean, larruaren koloreko lur gorri-beltzaren gainean, eta borobilean esertzen dira milaka maitasun-urteko lurrean eta, denek batera, txirulekin Araraten sumina ospatzen dute. Gero, iluntzean, txori txuri bat agertzen da, txiki-txikia, bere hegaletako bat ur ezinago garbietan murgildu eta hegal-astindu bizian lekutzen da. Haren atzetik, haraxeago, zaldi baten itzal handia aintzirara azaldu, eta gero berehala desagertzen da. Eguzkia sartzean, artzainek jotzeari utzi eta banaka-banaka handik urruntzen dira gauaren ilunarekin nahasi arte".  (130. or.)

Mahmut Khan pashak beldur dio Ahmet eta Gülbahar gazteen zoriontasunagatik bildu den jendediari:

"Gaur, neska baten amodioaren aitzakian, nire jauregia inguratu dute; bihar beste aitzakia bat bilatuko dute Istanbulera idarrez sartu eta sultanaren jauregia inguratzeko... Bihar tiraniaren aitzakian izanen da, etzi zergak, etzidamu gure jauregiak, hurrena ogia... Eta berriz elkartuko dira, gero eta gehiago... Amorru eta oinaze handia jasan baitute ehun mila urtetan... Ezin izanen die inork gogor egin, ez armada batek, ez munduko armada guztiek batera. Bat egiten badute, ezerk ere ezin du deus egin haien kontra".  (120-121. orr.)

Azkenean, Mahmut Khan pashak atzera egin eta amore eman behar du. Guztiek miresmenaz begiratzen diote Hüso arotzari:

"- Horrela egiten dugun guztietan, zerbaitetarako elkartzen garen bakoitzean, inork ez digu aurre eginen. Inork ez gaitu garaituko, ez mendiek, ez shashek. Inork ez... Aski da gu bat eginik egotea".  (128. or.)

Ozgur Gundem itxiarazi dute, kurdu herriaren suminaren kantua entzuten da nonnahi.

No hay comentarios: