domingo, 1 de julio de 2018

Artemio De Goñi: 53 kilometro historiaz eta memoriaz blai


Artemio De Goñi, miembro del grupo de montaña Suai-Suai de la Peña Rotxapea ha realizado el recorrido Fuerte de Ezkaba-Urepel, recordando la fuga del 22 de mayo de 1938. 80 años más tarde, durante 12 horas, De Goñi ha recorrido 53 kilómetros de historia y memoria.
Artemio mendi-ibilaldiaren amaieran
Argazkia: Artemio De Goñi

Nafarroako Gobernuak otsailean aurkeztu zuen GR-225 ibilbide berria, behar bezala bideratu eta markatu den mendi-ibilbide luze bat, Ezkabako presondegitik ihes egindako presoetako batzuek jarraitu zuten bidea ezagutzera emateko, Ezkaba eta Urepel (Behe Nafarroa) banatzen dituzten 53 kilometroetan zehar.
Ana Ollo kontseilariaren hitzetan, “Ezkabako ihesaldira gerturatu nahi du proiektuak, presoen bizi-baldintzetara eta eman ziren eskubideen urratzera, urratze hori perspektiba bikoitz batetik eman zelarik: giza eskubideen defentsatik eta 1936an desagertu eta erail zituztenei eman behar diegun erantzunetik batetik; eta, bestetik, memoriaren ikuspuntutik, orain 80 urte indarkeriaren justizia eza pairatu zuten milaka pertsonen memoria eta oroipena bizirik mantentzeko”.
Artemio De Goñi arrotxapearrak egitasmoaren berri izan eta berehala hasi zen ibilbiderako prestatzen. Rotxapea Peñako kideen artean zabaldu bazuen ere, azkenean bakarrik eutsi behar izan zion erronkari: “Asteartea zen otsailaren 22 hori eta jendeak lan egin behar zuen; nik ere bai, jakina, baina, nola utzi pasatzen data historiko hori, 80. urteurrena? Beraz, bi opor egun eskatu nituen eta kitto!”.
Kezkatuta abiatu zen De Goñi, hala ere. “Gai izango al nintzen 53 kilometro bakarrik egiteko? Zer egin lesionatuz gero? Gorputzak eutsiko al dio?”. Leranontz-era ailegatzean, ordea, uxatu egin ziren zalantza horiek guztiak. Bertan ziren Arantzadi elkarteko hainbat aditu, ikasleak eta kontseilaria bera, gotorlekutik ihes egindako bi preso galiziarren gorpuzkiak ateratzen ari ziren hilobitik. “19 eta 23 urteko gazteen gorpuzkiak ziren! Inflexio puntu ikaragarria izan zen niretzat. Hunkitu egin nintzen. Tristura sentimenduarekin batera, amorrua ere sentitzen nuen, amorru handia. Pentsatu nuen, zergatik gara hain putakume?, bi gazteri segika ibili, lau tiro bota, eta hortxe bertan utzi, bidean, ostia!, bai, amorrua eta frustrazioa! Une horretatik aurrera, kezka fisikoak alboratu, txipa aldatu eta iheslari haiekin guztiekin batera bideari ekin nion. Une oro nituen gogoan, haiek eta pairatu behar izan zituzten triskantza guztiak, sandaliekin, batere prestatu gabe, bidea ezagutu gabe, azken batean, gehienak ez ziren hemengoak, gogorra benetan!”.
Hamabi orduko ibilbidea egin zuen Artemiok, Ezkabatik goizeko seiak eta hogeian atera, eta arratsaldeko seiak eta hogeita bostean iritsi zen Urepelera. Azkenean bidaia bakarrik egin behar bazuen ere, arrotxapearra ez zen inoiz bakarrik sentitu: “Ezkabara Julio Peñakideak igo ninduen, eta beste bazkide bat, Jairo, hurbildu zitzaidan Sorogain-Urepel azken etapan, eta jakina, ederra da azken etapan lagun bat ondoa izatea eta elkarrekin jeistea, ikaragarria da. Oso berezia izan zen azken etapa hori, jo eta su aritu baitzen Suai-suai-ren whatsapp taldea. Eta gauza bera ibilaldi osoan zehar. 53 kilometroak lau etapatan banatzen dira eta bost informazio-taula ezarri dira ibilbidearen datuekin; horietan guztietan argazki bat atera eta jendeari bidaltzen nion, oso babestuta sentitu naiz”.

Texto: Patxi Abasolo López
Ezkaba aldizkaria, 257. zka., 2018ko uztaila
Fotografía: Artemio De Goñi

No hay comentarios: