jueves, 20 de septiembre de 2018

Emakume gaiztoak, Lizarra 1620 - Hondarribi 2018



Berria-n idatzitako artikuluan dioenez, Amaia Nausia historialaria ez dute ezustekoan harrapatu aurten Hondarribin izandako gertakari tamalgarriek; bere ustez, horrek islatu duen bakarra da emakumeek mendeetan irentsi duten mezua oraindik ez dutela haien sabeletatik bota. Ezagu dezagun Lizarrako Grazian Elizalde alargunaren auzia, 1620an Auzitegiak zigortua.

Emakume onak

Emakume errepublikanoak 1936an
"Gaztea zelarik Graciana Elizalde alargun gelditu zen. Txikitatik ezagutzen zuen Dionisio, Lizarrako auzo berean hazi ziren. Gracianaren senarra hil zenean Dionisio maitasunez beteriko hitzekin gerturatu zitzaion eta handik gutxira haien artean pasioa piztu zen. Graciana haurdun gelditu zen eta Dionisiok zin egin zion laster elkarrekin etxe bat erosiko zutela. Arazo bakarra zegoen, Dionisio ezkonduta zegoen. Berehala Dionisioren emazteak Nafar Auzitegietara jo zuen bere senarra beste emakume batekin zebilela salatzeko. Auzitegiari Dionisiok aita eta etxeburu bezala zituen betebeharrak betearaztea eskatu zion eta, horri uko eginez gero, bekatuan bizi ziren maitaleek zigor gogorra jasotzea eskatu zuen. Auzokideek laster Gracianaren kontra jo zuten, haien ustetan bera zen erruduna eta Dionisio biktima; lekukoek Erresumako Fiskalari gizona Gracianarengatik sorginduta zegoela adierazi zioten. 1620. urteko uztailaren 16an Auzitegiak biak zigortu zituen; Dionisio etxe familiarrera itzultzera behartu zuen eta Graciana, errudun nagusia, «lotsa publikoa» jaso ondoren Erresumatik kanporatua izatea inposatu zuen. Udarako merkatu egun batean Graciana biluzi egin zuten, asto baten gainean eseri eta Lizarrako kale nagusietatik paseatu zuten bere bekatua zein zen oihukatuz. Kaleak lizarratarrez bete ziren, emakumeak lehen ilaran kokatu ziren, «emagaldu», «sorgin» eta «madarikatu» bezalako irainak alargunari botatzeko. Zera adierazi nahi zuten argi eta ozen: hura zela bide zuzenetik ateratako emakume bat, beraiek berriz emakume onak.



Laurehun urte ondoren asteburu honetan Hondarribiko irudiak bilakatu dira protagonistak. Hauek ikustean halabeharrez Gracianak eta historian zehar bera bezalako milaka emakumek jazarritako «lotsa publiko» horiek etorri zaizkit burura; ez baimendutako jokabide sexuala erakusteagatik baztertutako emakumeak, suan erretako sorginak edo 1936ko altxamendu militarraren ondoren gure kaleetatik erdi biluzik eta ilea moztuta bortizki jipoitutako emakume errepublikanoak. Laburbilduz, gizarte patriarkalak guretzako markatutako bidetik ateratako emakume horiengan guztiengan pentsatu dut. Asko harritu egin dira Hondarribiko kaleetan plastiko beltzen atzean eta lehenengo ilaretan emakume gazteak ikustean. Agian 2018. urteak feminismoaren mugimenduarentzat suposatu duen indarberritzeak egin du Hondarribian gertatutakoak ezustekoan harrapatzea, baina egia esanda honek islatzen duen bakarra da mendeetan irentsi dugun mezua oraindik ez dugula gure sabeletatik bota. Hori da patriarkatuak mendeetan lortu duena, kasu askotan gu izatea gure borrerorik gogorrenak. 1620. urteko udaran Lizarrako emakumeek Gracianaren kontra oihukatzean egin zuten bezala, kasu honetan Jaizkibeleko emakumeak behar bezalako emakume onak ez direla agerian utzi nahi dute batzuek.

[...] Tradizioz jasotako rola alde batera uztea erabakitzen badugu berehala oroitaraziko digute hori onartezina dela, emakume onen aurrean emakume gaiztoak garela.


No hay comentarios: