miércoles, 26 de diciembre de 2018

Paco Perez Luzarreta, Gernikako batailoiko azkena

Bi egun Berria-rik gabe, nahiko da, ezta? Abenduaren 24an, beti bezala, etxeko postontzira hurbildu eta, hara!, egunkaririk ez; askotan ahazten zait astelehenero euskaldunok pairatu behar izaten dugun hutsune informatiboa, Berria ez baita kaleratzen. Tira, bada, berriro etxera igo eta umezurtz gosaldu.
Bai, atzo gauza bera. Gosaria prestatu, postontzira joan, eta, hara!, egunkaririk ez. Iaz bezala, aurten ere ahaztu egin zait abenduaren 25ean prentsarik ez dagoela; beraz, etxera igo eta berriro umezurtz gosaldu, en fin!
Gaur, ordea, ez; eta kontatu behar nuen. Ederra gosaria!

Iturria: oroimena.bera.eus
Gaurko Berrian irakurri dut Paco Perez Luzarreta igandean zendu zela Beran, 96 urte zituela. Berarekin batera, belaunaldi oso bat da joan egin zaiguna. Jaurrietan jaio zen, baina, haur zela, Irunera mugitu zen haren familia. Hango harrobian eta Hendaiako arma fabrika batean egin zuen lan. Soldadutza egiten ari zela, ihes egin zuen Frantziara, eta Gernika Batailoira lotu zen. 22 urterekin, bertako kapitaina izan zen. Batailoi horrekin, II. Mundu Gerran parte hartu zuen, nazien aurka. Batailoi hartan parte hartu zutenetatik, bizirik zegoen euskal herritar bakarra zen.


Informazio gehiago:

domingo, 23 de diciembre de 2018

"Maitia nun zira?" dokumentala: 1914-1918 gerlako euskal presoen grabaketetan oinarritu dokumentala


1915-1918 artean, Prusiako Komisio fonografikoak Alemaniako preso-esparruetan zeuden presoak grabatu zituen. Horien artean euskal presoak. 2014an, soinu hauen kopia numerikoa jaso zuen Euskal kultur erakundeak Berlingo Etnologia Museoaren eta Humbold Unibertsitatearengandik.
2016an Elena Canasek eta Ainara Menoyok, audio grabazioen historia eta testuingurua transmititu nahian, Maitia nun zira? bideo dokumentala sortu zuten.

sábado, 15 de diciembre de 2018

Iruñea frankismopean [III]: 1936ko uztailean erreketeak prest


El 17 de julio, recién finalizados los Sanfermines, los militares españoles se sublevaron en el norte de África; al día siguiente, Mola y los carlistas se encontraban en la Comandancia Militar organizando sus próximos movimientos. Pese a algunos enfrentamientos aislados en Arrotxapea, Jarauta y Descalzos, los sublevados se hicieron rápidamente con el control de las calles de nuestra ciudad.

Lehenengo erreketeak Gazteluko Plazan (1936-07-19)
El domingo desde las horas del amanecer,
vibró toda nuestra ciudad en una emoción
tan intensa, tan robusta, tan densa de fe y
pletórica de ímpetus heroicos, como pocas
veces se siente. Y luego, a lo largo de
todo el día, magnífico de sol, era el abrazo
fraternal de las gentes con los soldados,
los requetés, los de Falange, al grito intenso
e inacabable de ¡viva España!»

Diario de Navarra, 1936-uztaila-21

II. Errepublika sortu zenetik hasi ziren indar eskuindarrak altxamendua prestatzen, bereziki Nafarroa Garaiko erreketeak (Ikusi Ezkaba 191. zka.). Horrela kontatu zuen Antonio Lizartza Erreketeen Ordezkari Erregionalak bere memorietan: “Sabíamos que [la República] era un paso más hacia el abismo, como la Monarquía liberal lo fue hacia la República”. 1931n karlisten buru batzuk bildu ziren Baleztenatarren etxean, Leitzan: Generoso Huarte, Sainz de Larin, Eusebio eta Jaime del Burgo eta Juan Lesaca, besteak beste. Haien helburua, milizia karlistak militarki prestatzea. Lizartzak azaldu bezala, 1936ko uztailean nafar erreketeak prest ziren: “Se tenía encuadrada ya una fuerza de 8.400 Boinas Rojas, que al primer aviso saltarían en pie de guerra”.

Nafarroa idilikoa
Erreketeen kopuru horrek, militarren garaipenak eta pertsona zein erakunde ezkertiarren aurkako errepresioak, Nafarroa Garaiari buruzko irudi idealizatua sortzen lagundu zuten, frankismoak berak etengabe landu eta zabaldu zuen irudia. Horren arabera, urte horietan herrialde honek ez zuen arazo estrukturalik ezagutu, ez proiektu politiko desberdinik, ezta gizarte-gatazkarik ere.
Emilio Majuelo historialariak, ordea, agerian utzi ditu 1931 eta 1936 bitartean izandako gatazkak. Izan ere, gizarte-gatazka horrek Nafarroa Garaian ere ez zuen kutsu iraultzailerik izan. Helburua ez zen indarrean zegoen sistema politiko-ekonomikoa iraultzea, baizik eta corralizasen auzia konpontzea, garai horretan Nafarroa Garaiak zuen arazorik larriena. Eta arazo horri irtenbidea bilatzen aritu ziren nekazarien erakunderik garrantzitsuenak: UGT, non gehiengoa soldatapeko langileak ziren, eta FCSN (Federacion Catolico Social Navarra, gero FASN), non jabe txikiak nagusitzen ziren. Errepresioa bereziki bortitza izan zen zonalde horietan, benetako sarraskia. Horren ondorioz, corralizasen auzia behin-betiko enkistatzea lortu zuten.
Iruñean ere lan-baldintzak hobetzea zen helburu nagusia. Grebak ez ziren oso luzeak izaten, eta gehienetan soldata-aldarrikapenak izan ziren ardatza. UGTk, CNTk, SOVek eta Lanbide-Sindikatuek bat egiten zuten askotan. Ez zuten, ordea, harago joateko asmorik.

Errepresioa abian
Arrotxapeko Zirkulu karlistaren inaugurazioa,
1936-03-2, Pensamiento Navarro
Sanferminak amaitu berriak, uztailaren 17an, militarrak matxinatu egin ziren ipar Afrikan. 18an, Mola eta karlistak azken mugimenduak lotzen aritu ziren Komandantzia Militarrean; errepublikazaleak Gobernu Zibilean zeuden. Enfrentamendu bakan batzuk izan arren (Jarauta, Descalzos, Arrotxapean), altxatuek berehala bereganatu zituzten Iruñeko kaleak.
1936ko uztailaren 19an Emilio Mola Vidalen Bandoa egin zuten publiko. Ondorioz, gerra egoera aldarrikatu eta eskubide guztiak deuseztatu egin ziren. Bitartean, Iruñeko Guardia Zibilaren buru zen Jose Rodriguez hil zuten, eta Beorlegui izendatu koronel. Horrela azaldu zuen Diario de Navarra egunkariak gertatutakoa:
Atzo gauez zortziak eta laurdenetan, zorigaiztoko istripu baten ondorioz, Guardia Zibilaren komandante zen Jose Rodriguez Medelek bizia galdu zuen. Goian bego”.
Hortik aurrera, herri guztietatik zetozen kide karlistak hasi ziren elkartzen euskal hiriburuan. Horrek ezerezean utzi zuen Nafarroako Herri Fronteak deitutako greba orokorra. Zonalde matxinatuekin alderatuz, antzeko kopurua izan zen mobilizatu zena, ez ordea haien profila, Nafarroa Garaian gehiengoa boluntarioa izan baitzen. 40.000 bat nafarrek parte hartu zuten Gipuzkoa eta Bizkaiaren aurka, Molaren Armadaren barruan. Horietatik 11.000 errekete, eta 7.000, falangista.
Altxamendu militarraren aurrean Euskal Herri osoa bitan banandu zen. Alde batetik, Bizkaia eta Gipuzkoa, Espainiako Gobernu errepublikazalearen alde; bestetik Araba eta Nafarroa Garaia, non karlistek bat egin zuten falangista eta militarrekin. Hiriburuei dagokienez, militarrak ez ziren batera altxatu. Bilbon Errepublikaren alde azaldu ziren, Donostian zalantzan egun batzuetan, eta Iruñean zein Gasteizen matxinatuen alde. Haiekin batera, bi herrialde osoak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere eman zen banaketa hori, bai gerrari buruz, bai matxinatuen garaipenaren ondoren iristen ziren errefuxiatuenganako jarreraren inguruan. Baionan, Miarritzen eta Hendaian ezkertiarrak nagusi baziren ere, herrialde horiek bere osotasunean eskuindarrak ziren. 1936ko maiatzean, Frantziar hauteskundeetan Herri Frontea garaile atera arren, René Delzangles, Bernard de Coral eta Jean Ibarnegarai eskuindarrak erraz nagusitu ziren Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Argitaratzen ziren aldizkari gehienetan Francoren alde agertzeaz gain, abertzaleek Errepublikarekin bat egin izana kritikatu eta errefuxiatuak maiz mespretxatzen zituzten La Presse du Sud Ouesten zein Eukualdunan, herri guztietara iristen zen euskarazko astekarian.
Nafarroa Garaiko abertzaleen artean ere jarrera kontrajarriak eman ziren. Hasiera batean, espainolen arteko gerra batean parte ez hartzeko esan arren, uztailaren 20an Nafar Buru Batzarrak Diario de Navarran argitaratu zuen bere azken agiria, Errepublikarengandik aldenduz:
Nafarroako EAJk bere ideologia katoliko eta foruzale sutsuaren haritik, egungo borrokan Gobernuari ez dela lotu ezta lotzen ere publikoki adierazten du”.
Abertzale batzuk erreketean sartu ziren borondatez. Beste batzuek, ezkertiar asko bezala, errepresioak bultzatuta. Eta baziren. halaber, euskal gudariekin bat egin zutenak. Zaila da, benetan, kopuruak zehaztea. Buruen artean ere eman zen zatiketa hori. Manuel Aranzadi diputatu ohia (uztailaren 20an alderdia utzi zuen azalpen nahasien bidez) eta bere familiakoak matxinatuen alde azaldu ziren; Irujotarrak eta beste batzuk (Miguel Jose Garmendia, Salvador Urroz, Jose Maria Amadoz, besteak beste) Errepublikaren alde. Euzkadi Buru Batzarrean ere adostasunik eza izan zen nabaria irailaren amaiera arte. Azkenean, Euzkadi egunkari jeltzalean Errepublikarekiko atxikimendua zabaldu zen, baina sinadura jakinik gabe. Bestaldetik, Mendigoizaleko kideen jarrera zegoen. Hauek, Luis Arana, Angel Zabala edo Eli Gallastegiren iritziak aintzat hartu ondoren, espainiarren arteko guda zelakoan, lehendabizi independentzia aldarrikatu eta ondoren parte hartu behar zutela aldarrikatu zuten.


Testua: Patxi Abasolo López


* Iruñea frankismpean [II]: "Errepublika garaian Ezkerra ezinean"