domingo, 20 de enero de 2019

Gaztetxeak: "Beti gazte ez, baina beti berria"


Argazkia: Diario de Noticias
Zailtasunak zailtasun, gaztetxeen mugimenduak indartsu jarraitzen du, eredua etengabe berritzen. Berriro okupatu zuten atzo Iruñeko Maravillas gaztetxea, manifestazio jendetsu bat egin eta gero. Eta berriro ere, gaur goizean, polizia sartu egin da. Azala eta hamar orrialde eskaini dizkio gaur Berriak gaztetxeen mugimenduari. Beraz, lehenik eta behin, eta lehenbailehen, utzi ordenagailua edo mugikorra eta zoaz ale bat erostera; burua janztearekin batera, euskarazko egunkaria sustatzeko aukera polita duzu eta.
Ezin ez baduzu edo igandea joan bazaizu, hona hemen Maider Galardik idatzitako artikulua. Kazetariak diozkunez, gaztetxeek 1980ko hamarkadan izan zuten gorakada eta, ordutik, belaunaldiz belaunaldi, hainbat gaztek kudeatu dituzte gune horiek. Orain beste loraldi bat dagoela diote eragile batzuek, baina ohar egin dute gaztetxeen kontzeptua zabaldu behar dela.


Beti gazte ez, baina beti berria

Orain ia 55 urte, 1965ean ireki zituen ateak Euskal Herriko lehen gaztetxeak: Larrabetzuko Hori Baik (Bizkaia). Loraldia, ordea, 1980ko hamarkadan etorri zen. Orduan okupatu zituzten Bilboko gaztetxea, Gasteizkoa, Gipuzkoan Azkoitikoa eta Andoaingoa, eta Altsasukoa (Nafarroa), besteak beste. Batzuek iraun dute urte horietan guztietan, bakar batzuk desagertu dira, eta beste batzuk, berriz, itxiarazi egin dituzte. Badira ordutik sortutako gaztetxe berriak ere. Are, duela hamar urte baino 30 bat gaztetxe gehiago zenbatu ditu BERRIAk. Iraunda ere, belaunaldiz belaunaldi pasatu dute gazteek legatua. Hortaz, aldiro eraberritu dira gaztetxeak. Nork okupatzen duen gunea, horrek ematen baitio izaera gaztetxeari. Horregatik, antzeko joerak errepikatu arren, tokiko berezitasunei erreparatu behar zaiela uste dute Iñaki Carro Bilboko Okupazio Bulegoko abokatuak eta Zigor Oleaga Gasteizko gaztetxeko kide ohiak. Edonola ere, haien iritziz, azken boladan gaztetxeek bilakaera bat izan dute, bai parte hartzean, bai izaeran.

Iruñeko Maravillas gaztetxearen itxierak kalera atera ditu berriz ere gaztetxeen aldarriak —2017an egin zituzten azkenekoz Euskal Herriko gaztetxeen topaketak, Arrotxapeko gaztetxean, Iruñean—, eta mahai gainean jarri du auzia. Euskal Herriko hainbat gaztetxek bat egin zuten atzo Iruñean egindako protestarekin. Ez da gaztetxe bat, mundua ulertzeko modu bat baizik leloa erabili dute egunotan Maravillasi babesa adierazteko. Eta horixe da, Oleagaren ustez, gaztetxea gaztetxe egiten duena: «Ikusarazten dute beste eredu bat, ez dena bateragarria jendarte patriarkal eta kapitalistarekin. Txikitasunetik gauzak egin daitezkeela erakusteko modu bat da».

Joan den urtean, Gasteizko gaztetxeak 30 urte bete zituen, eta urte horietako historia biltzen duen liburu bat kaleratu zuten, «komungrafia bat». Idazketa prozesuan parte hartu du, hain zuzen ere, Oleagak. Belaunaldi diferenteetako kideekin elkartu, gaztetxeko artxiboetan bilatu, eta prentsako albisteak bildu dituzte liburua osatzeko, eta ohartu dira gaztetxeak ibilbide zikliko bat izan duela. Are, boladaka, asanbladak izan dituen eztabaidak eta aurre egin beharreko oztopoak ere antzekoak izan direla: husteko arriskua, familia politiko diferenteen arteko ika-mikak, asanbladako botere harremanak...

Egun ere igarri du gaztetxeen arteko aldea: «Loraldi txiki bat egoteaz gain, badira proposamen eta ildo berrituak. Batzuk ohiko koordenatuetan mantentzen dira; beste batzuek, berriz, badituzte proposamen berriak: langile klasea dela, komunala dela, sorkuntza dela... Hor dagoen mugimendua interesgarria da, eta adi erreparatzekoa. Eztabaida berri horiek modu eraikitzailean landu beharko lirateke, ez botere logiketan». Carrok ere bat egin du gaztetxeen izaeraren inguruko hausnarketa horrekin: «Bi fenomeno daude. Batetik, joera politiko konkretuekin lotu dira gaztetxeak, eta gero eta gehiago dira beren burua zentro sozial okupatu izendatzen dutenak. Bestetik, badira gaztetxe batzuk tresna politiko gisa dituztenak, eta beste batzuk espazio kultural eta autogestionatu gisa hartzen dituztenak». Hala ere, uste du joera nagusia dela gaztetxeak kulturgune bihurtu direla: «80ko hamarkadan politizatuagoak zeuden. 90eko hamarkadan gainbehera egon zen, eta azken urteetan egon da gorakada bat, baina kulturari lotuagoa».

Gaztetxe izena ez duten hainbat gune okupatu eta autogestionatu daude gaur egun Euskal Herrian: Sestaoko Txirbilenea eta Santurtziko Mamariga Bizkaian, Lasarte-Oriako Elebeltz Gipuzkoan, Atharratzeko Prefosta Zuberoan... Baina, ideologia politikoaz harago, Carrok uste du gaztetxeen izaeraren auzia lotuagoa dagoela gune horien erabiltzaileen adinarekin eta belaunaldi diferenteetako kideak elkartzearekin: «Errealitate baten ondorio da; gune okupatuetan adin guztietako jendea ibil daiteke».

Gaztetxeak, norentzat?

Beraz, gaztetxeetako jarduna adinak determinatzen duen, eztabaida piztu da azkenaldian. «Jendeak esango du adin guztietakoak elkartzen direla gaztetxeetan, ados, baina agian ez da helduentzako eremua. Horregatik diot gune okupatuak izan daitezkeela zabalagoak, eta hausnarketa plazaratu behar dela», adierazi du Carrok. Edonola ere, aitortu du beharrezkoa dela gazteek ere beren espazio propioak izatea. Bat egin du Oleagak: «Gazte mugimenduak sortu zituen gaztetxeak, eta izenak berak adierazten du izaera hori, baina garaia da problematizatzekoa, eta beste eremu eta adinetara hedatzea autogestioaren ideia hori».

Komunitatearentzat erabilgarriak diren espazioak sortzea da lehentasuna, Oleagaren ustez, eta, horregatik, uste du beharrezkoa dela zenbait subjekturi gaztetxeetako ateak irekitzea: «Jende arrazializatuarena eta helduarena ere izan daiteke espazio hori. Bestalde, lehen, eremu maskulinizatuak ziren, eta emakumeek hartu dute lekua».

Hain justu, Pili Alvarez Joxemi Zumalabeko kideak ikerketa bat argitaratu zuen 2012an gaztetxeetan gertatzen ziren genero botere harremanen inguruan. Ikerketa haren arabera, nahiz eta gaztetxeak «gune askeagoak» izan eta batzarrek kutsu «horizontalagoa» eduki, genero rolen araberako botere harremanak nabari dira, eta lan banaketa ere sarri egiten da gaztetxeetan genero rol eta estereotipoen arabera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamabost gaztetxetako kideek parte hartu zuten ikerketan; Alvarezek ondorioetan azpimarratu zuen gaztetxeak oraindik ere espazio maskulinizatuak direla, nahiz eta teorian espazio ez-sexista gisa izendatu. Halere, ikerlariak aitortu du gaztetxeek badutela nahia aurrez ezarritako harreman ereduak auzitan jartzeko.

Zazpi urte joan dira ikerketa egin zuenetik, eta, gaur egungo gaztetxeen egoera bertatik bertara ezagutu ez arren, Alvarezek uste du, oro har, botere harremanak nabari direla oraindik: «Beharbada, egia da ikuspegi feminista txertatuago dagoela, eta politikoki zuzena da horren inguruan hitz egitea, baina zalantza dut zein baliabide jartzen diren egoera eraldatzeko». Hala ere, azpimarratu du salbuespenak egon badaudela.

Oleagak ere aitortu du asanbladetako botere harremanak behin baino gehiagotan izan direla hizketagai liburua osatzen aritu direnean. Hala ere, uste du gaztetxeetako batzarrak aldiro eraberritzen direnez zailagoa dela hierarkia horiek «fosiltzea»: «Gaztetxearen berritzeko moduak baditu indargune bat eta ahulgune bat. Berritze modua ziklikoa da, eta dinamismoa ematen dio, baina, era berean, luzera gehiegi begiratzea saihesten du, etengabe aldatzen direlako kideak».

Horregatik, Oleagak oroitarazi du Gasteizko gaztetxea uztekotan ere izan direla behin baino gehiagotan. Batzuetan, jende faltagatik; beste batzuetan, berriz, transmisioa egiteko zailtasunagatik.

Parte hartzea, beherantz

Hain zuzen ere, Carrok uste du gaztetxeen mugimenduaren parte hartzea beherantz doala apurka. Haren aburuz, gero eta gaztetxe gehiago egoteak ez du esan nahi mugimendua osasuntsu dagoenik: «Joaten zarenean kontzertuetara, bai, ikusten duzu jendea badagoela. Baina zenbat elkartzen dira gunea atontzeko eta batzarretarako?».

Carroren iritziz, zaila da gaztetxeak egunero bizirik mantentzea. Oleagak uste du horrek beharko lukeela gaztetxe baten funtzioa: «Gaztetxeak irekita egon behar du». «Zertarako eduki eraikin oso bat okupatuta, ez bada biziarazteko?», gehitu du Carrok. Horren adierazle, abokatuak oroitarazi du duela zenbait hilabete Algortako (Bizkaia) Txorimalo gaztetxeko kideek batzarra egin zutela espazioa itxi ala ez erabakitzeko. Zabalik mantentzea erabaki zuten azkenean.

Elgetako (Gipuzkoa) gaztetxeak, bai, joan den martxoan itxi zituen ateak. 22 urtez irekita egon da, baina, besteak beste, eguneroko dinamiketan zegoen parte hartze txikiak eragin zuen asanbladak erabakitzea egitasmoa bertan behera uztea. Jai egun batekin amaiera eman zioten ibilbideari, eta, gero, udalari eman zizkioten giltzak.

Edonola ere, Carrok uste du ez dela gaztetxeen afera soilik: «Egun, militantzia kontzeptua diferentea da. Kontua ez da gizartea ez dagoela mobilizatuta. Kontua da astero bilerak egiteko formatu horrek ez duela funtzionatzen oro har». Ohar egin du, ordea: «Gaztetxeek eta gune okupatuek inplikazio handiagoa behar dute, eta orain zaila egiten da hori mantentzea».

Periferiatik erdigunera

Badira, halaber, erreferentzialtasuna lortu duten hainbat gaztetxe, eta horiek bizirik iraunaraztearen garrantzia azpimarratu du Oleagak:«Gasteizkoa okupatu zenean, bazterrekoa zen. Lortu du auzoaren parte izatea, erreferentzia izatea, eta beste proiektuekin bat egitea».

«Gaztetxeek erakusten dutenean funtzionatzen dutela, oldarraldia bortitzagoa da», ohar egin du Carrok. Azaldu du, ordea, gaztetxeen jarduera oztopatzeko beste «metodo» batzuk ere badirela: «Askori eskatzen diete zirkuitu elektrikoa ongi jartzeko, salatzen dituzte kutsadura akustikoagatik... Gaztetxeak ez dituzte bakean uzten».

Oztopoak oztopo eta aldaketak aldaketa, ordea, 130 gaztetxek baino gehiagok dituzte ateak irekita gaur egun Euskal Herrian. Eta guztiek dute helburu «txikitik eragitea», Oleagaren esanetan.

Iturria:


Artikulu gehiago:


No hay comentarios: