martes, 19 de febrero de 2019

Iruñea frankismopean [V]: Diputazio ereinozduna


En 1937 el dictador “premió” a Navarra con la Cruz laureada (popularmente conocida como la berza), y en 1975 la Diputación nombró al dictador “hijo predilecto”. Desde un principio, y hasta el último momento, caminaron de la mano el régimen franquista y la institución navarra que compartía sus mismos intereses.

2016an Diputaziotik erretiratutako gurutze ereinozduna
Nafarroa Garaiak egindako hautua saritzeko asmoz, diktadorea Iruñera hurbildu zen. 1937ko azaroaren 9an San Fernando Ohorezko Gurutzea eman zion herrialde honi. 1985era arte bere armarrian eraman zuen.
Diputazioa hasieratik azaldu zen altxamenduaren alde, 1936ko uztailaren 21ean zabaldu zuen agiriaren bidez. Beste lurraldeetan ez bezala, botere zibilaren egiturek zutik iraun zuten altxatuen zerbitzura gudak iraun zuen bitartean, nahiz eta boterea militarren esku zegoen. Diputazioak segituan ipini zituen bere instituzio zein errekurtso ekonomiko guztiak matxinatuen alde. Boluntarioen senideentzat diru-laguntza emateaz gain, Molak zein Armadak eskatutako kredituak eta azpiegiturak ere onartu zituen.
Militarrekiko elkar ulertzeak eta Diputazioak emandako diru laguntza zein laguntza materialei esker, zegozkien eskuduntzetatik harago joateko aukera eman zien matxinatuei. Horrela gertatu zen Errepublikak berak ukatu zien errentaren gaineko zerga kobratzeko eskubidearekin. Are gehiago, itsasorako bidea irekitzea ere eskatu zuten, Irun eta Hondarribia bereganatuz. Azken hau, ordea, berehala ahaztu egin zitzaien.
Hezkuntza eta Erlijio gaietan ere esku hartu zuen Diputazioak. Uztailaren 27an hartutako erabaki eraginkorrenak honako hauek izan ziren: eskoletan gurutzea eta erlijioa ikasgaia berriro ezartzea; Jesusen lagundia itzultzea; kleroak zergarik ordaindu behar ez izatea; irakasleen izendapenak berraztertzea. Abuztuaren 11n, 1828tik 1936 arte indarrean egondako Junta Superior de Educación martxan jarri zuen berriro, zeinak kultura eta hezkuntza mundua antolatzeko ardura bereganatu baitzuen, garbiketa ideologikoak egin ere bai.
Euskara, jakina, erabat baztertu egin zuten. «Agur» esate hutsa nahikoa zen susmagarri agertzeko. Lizarran, adibidez, horrela agindu zuen Ricardo Sanz Iturria komandante militarrak 1936ko irailaren 25ean kaleratutako Bandoaren bidez:
«Asímismo, se prohibe la palabra Agur, importada por los separatistas en lugar del Adiós, genuinamente español».
Herri euskaldunen eskoletan ere euskara irakaskuntza-prozesuan erabat baztertuta geratu zen, eta bere erabilera zigortua izan zen gupidarik gabe.
Hala ere, Estatu frankista indartu ahala, zentralizazio prozesua areagotuz joan zen eta, ondorioz, Diputazioak zituen hainbat eskuduntzaren garapena oztopatu egin zuen behin eta berriro. Estatu frankistak bizitzaren esparru guztiak kontrolatzeko asmo sendoa erakutsi zuen, eta Gobernadore zibila izan zen horretarako tresna. Mugimenduko probintzia burua izateaz gain, Diputazioko lehendakaria ere bazen, eta alkateak izendatzen zituen. Bera zen, beraz, benetako autoritatea, ordena publikoa, prentsa, propaganda zein zentsura kontrolatzen zituena.
Argi izan behar dugu, aldi berean, Diputazioaren eta Gobernadore Zibilaren artean izandako tirabirak edo Nafarroa Garaiak zituen ñabardurak (gobernadoreak ez zuen boto-eskubiderik, esaterako), ez zirela inoiz Madrilek diseinatzen zuen proiektu politikoa ezartzeko oztoporik izan.

Amadeo Marco eta Félix Huarte
El Escorialeko Hildakoen
 Haranako Gurutzea
Amedeo Marco Ilincheta dugu politikari frankistaren paradigma. Nabaskozeko zinegotzi eta alkate izan zen 43 urtetan, foru diputatu ia 40 urtetan eta Gorteetako Prokuradore, Mugimenduko Nazio Kontseiluko kide izateagatik, zein Foru Diputazioko lehendakariordea izateagatik. Makien aurkako operazioen arduradunetako bat izan zen, eta falangistek eta karlistek askotan saritu zuten. Lizarrako Euskal Estatutuarekiko atxikimendua adierazi zuen 1931. urtean, eta gero Iruñeko Gazte Jaimisten kidea izan arren, berehala alboratu zituen printzipio karlistak erregimen frankistaren alde lerrokatzeko. 1979. urtean Diputazioako lehendakari izendatu zuten. Diputazioaren praktika politikoa nolakoa zen ongi jakin nahi izanez gero, bere hitzak irakurri besterik ez dugu egin behar:
He colocado no sólo a medio Navascués, sino a media Navarra, casi. Es verdad que he colocado a mucha gente y, si no lo hubiera hecho yo lo hubiera hecho otro.
Caciques tiene que haberlos, siempre que sean buenos. Y además, no es cacique el que quiere sino el que puede!”.
Izan ere, telefono bat, merkataritza-kontzesio bat, etxebizitza bat, mesede burokratiko hutsalena ere, lagun bati esker eskuratzen zen.
Diputazioaren baitan izan zitezkeen tirabirek ez zuten kutsu ideologikorik, funtzionamendua ulertzeko era ezberdinak besterik ez baitziren. Hor kokatu behar ditugu Amadeo Marcoren (Julio Asiain eta Angel Bañonekin batera) eta Felix Huarteren (Miguel Javier Urmeneta, Jose Heras eta Ambrosio Velascorekin batera) arteko enfrentamenduak.
Felix Huarte politikari eta enpresariaren figura, ordea, 60ko hamarkadan ezagutu zen garapen ekonomikoan kokatu behar dugu. 1950ean El Escorialeko Hildakoen Haranako Gurutzea Huarte enpresari esleitu zioten, eta hurrengo hamarkadan etekin handia atera zuen industria-prozesuan Diputazioak izan zuen joera aktiboarekin ere: urtegiak, autopistak, turismo-guneak, aireportua zein industriei emandako diru-laguntzak, Madrilen eta nafar burgesiaren arteko harremanetarako berme ezin hobeak izan ziren.

Seme-kutuna
1975eko apirilaren 23an Diputazioak seme-kutuna izendatu zuen diktadorea. Azaroaren 20an, Franco hil zela jakinarazi zenean, Diputazioa goizeko hamarretan bildu eta, doluminaz azaltzearekin batera, Katedralean Francori eskainitako hileta-elizkizun solemnea iragarri zuen.
Azken unera arte, beraz, elkarren ondoan egon ziren Erregimen frankista eta interes berak zituen instituzio nafarra. Diktadorea hilda, urte zail, korapilatsu eta interes handikoak izan ziren, gizartean bezala herrialdearen instituzio guztietan eragin zutenak. Lan-borrokek zein aldarrikapen politikoek (amnistia, autodeterminazioa, askatasuna) erabat astindu zituzten nafarren bizitzaren esparru guztiak. Kalean eta indar politikoen artean, talka egin zuten erreforma politikoa eta haustura demokratikoa kontzeptuek. 1979ko urtarrilaren 25ean, ordea, Tokiko Hauteskundeak eta Foru Instituzioen Antolamendua sinatu zuten Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministroak eta Amadeo Marco Diputazioko lehendakariordeak. Horren ondorioz, 1979ko otsailaren 16an Diputazioak lehendakari izendatu zuen Amadeo Marco. Erreforma gauzatzebidean zegoen.


Testua: Patxi Abasolo López



* Iruñea frankismopean [IV]: "Errepresioa, 1936-1939"