miércoles, 8 de mayo de 2019

Iruñea frankismopean [VIII] Lehenengo masa-mobilizazioak


El fracaso de la resistencia militar al franquismo y la aceptación de la dictadura por las democracias parlamentarias occidentales, obligó a la oposición a cambiar de estrategia: abandonar las armas y centrarse en la actividad política-sindical clandestina. En ese contexto se dieron las primeras movilizaciones de masas a principios de los años 50.

Erresistentzia jarrera
Jesús Monzón komunista nafarra
1937ko urtarrilaren 10eko Aginduak Errepublika garaiko erakunde sindikal eta politiko guztiak legez kanpo utzi zituen. Helburu errepresibo bera izan zuen Erantzukizun Politikoen Legeak, 1939ko otsailaren 9koa. Guda galduta eta diktadura ezarritako izua bizitzaren esparru guztietara zabalduta, oposizioan erresistentzia jarrera nagusitu zen 1947ra bitartean. Klandestinitatean aritzera behartuta, erakunde guztiak zeuden diktaduraren amaieraren zain, zuzendaritza erbesteratuen esanetara. Kanpora begira egotea egundoko zama izan zen barneko militanteentzat. 1944an porrot egin zuen gerrillari errepublikazaleek Aran bailaran egin zuten inbasioak, Monzon komunista nafarra buru, eta oposizioa laster konturatu zen II. Mundu Gerrako garaileek muzin egingo ziotela espainiar Estatuan demokrazia ezartzeari. Hala ere, oposizioak ez zuen borroka armatua alboratu 50eko hamarkadan sartu arte.
Denboraren poderioz, erbestean ziren zuzendaritza politikoen eta barneko kideen arteko distantzia izugarri handitu zen. Aldi berean, kanpoko potentzien laguntzari esker erregimen frankista garaitzeko itxaropena gero eta irrealago bihurtu zen. Eta gainera, Armada frankistak oposizioaren estrategia militarra suntsitu egin zuen erabat. 1949. urtera bitartean, gerrillak 8.289 ekintza burutu zituen espainiar Estatu osoan. Enfrentamendu horren ondorio larrienak, ordea, militante errepublikazaleek pairatu behar izan zituzten: 2.173 hildako, eta 3.387 gerrillari eta 19.444 bitartekari, atxilotuak. Frankisten artean, ekintzek zenbaki hauek eman zituzten: 257 guardia zibil hilda, eta 368 zauriturik; 27 militar hilda eta 39 zauriturik; 12 polizia hilda eta 21 zauriturik; 11 polizia armatu hilda eta 18 zauriturik. Aurrerantzean, soilik gerrilla anarkistak jarraitu zuen, 1963. urtean bere azken gerrillaria erori zen arte.

Estrategia aldaketa
1950. urteko ekainean, AEBen eta SESBren arteko enfrentamenduak sortutako nazioarteko giro berriak Korean izan zuen lehen antzezlana: Guda Hotzaren garaia zen. Garai berean, Francoren diktadurak demokrazia parlamentarioen onespena lortu zuen, eta, hauek, horrela, diktadurak komunismoaren aurka azaltzen zuen jarrera sendoaz baliatu ziren. Ondorioz, eta urte horretan ere, NBEk Espainiaren aurkako neurriak bertan behera utzi zituen, Amerikako Estatu Batuek bultzatuta. 1951. urtean, Frantziako Estatuak Eusko Jaurlaritza Parisko egoitzatik kanporatu eta enbaxadore frankistari eman zion. 1953an, diktadurak Itun bana sinatu zituen Vatikanoarekin eta AEBekin eta, azken honen ondorioz, Nafarroako Bardean militarrentzako tiro-eremua sortu zuen. 1954. urtean, halaber, François Mitterrand barne ministroak Euzkadi Irratia ixteko agindua eman zuen.
Nazioarteko onespenak merkataritza-ateak ireki zizkion erregimen frankistari. Ondorioz, autarkismoa alboratu eta bestelako neurri ekonomikoak hartzen hasi ziren agintariak, liberalizazio-prozesuari hasiera emanez. Industrializazioa helburu, gizarteak aldaketa estrukturalak ezagutu zituen, eta horren ondorioz gizarte-gatazka berriak pizten hasi ziren. Aldaketa horiek, ordea, giro politiko errepresibo berean ematen ziren. Hori dela eta, hasierako aldarrikapen ekonomikoek bat egin zuten gero askatasun politikoen aldarrikapenekin.
Nazioarteko parametro berriek zein esperientzia militarraren porrotek, beraz, estrategia aldatzera behartu zuten oposizio errepublikazalea: armak utzi eta jarduera politiko-sindikal klandestinoan murgildu zen. 1949tik 60ko hamarkada bitartean, oposizio politikoak, barnekoak zein kanpokoak, benetako basamortuko zeharkaldi mingarria bizi behar izan zuen.

Iruñea, 1951ko maiatzaren 8a
1951. urteko martxoan Bartzelonan izandako lehen masa-mobilizarioaren ondoren, apirilean, greba deialdia hedatu zen Bizkaian eta Gipuzkoan, soldaten igoera eta prezioen kontrola aldarrikatzeko. Borroka horien oihartzuna amaitu baino lehen, Gasteizen 15.000 langile atera ziren kalera. Neurri errepresiboen aurka, greba luzatu eta hirugarren egunean greba orokorrerako deia egin zuten, eta borrokaren ondorioz, langile guztiek berreskuratu zuten lanpostua.
Antzeko ezaugarriak izan zituen Iruñean maiatzaren 8an burututako grebak. Bizi-baldintza gogorrak eta soldata eskasak zirela eta, 30.000 langilek erregimenaren aurkako lehenengo protesta handia egin zuten. Diaz Monrealek azaldu digun bezala, maiatzaren 7an arrautzen eta olioaren prezio altua ikusita, 500 emakumek gobernadorearengana jo zuten manifestazioan, kexak azaltzera. Arratsaldean, hainbat lantegitako beharginek lanaldia bertan behera utzi zuten elkartasuna adierazteko. Hurrengo egunean, IMESA enpresako langileak, lanuztea egin ondoren, beste enpresetara joan ziren pikete gisa. Manifestariek Mola jeneralaren alargunarekin egin zuten topo Gazteluko plazan, eta prest omen ziren autoari sua emateko. Greba egunean antolatutako manifestazioa tiroz sakabanatu zuten, eta hurrengo egunean Poliziak lau urteko umetxo bat hil eta lau gazte balaz larriz zauritu zituen. Maiatzaren 10ean, greba amaitu zenean, Lizarrara, Tuterara, Atarrabiara eta Zangozara zabaldu zen gatazka. Gertaerok frankismoaren gizarte-oinarrian gertatzen zen lehen haustura eragin zuten. 23 langilek epaiketa eta zigorrak jaso arren (epaiketa 1958. urtean egin zen), aldarrikapen-taula onartu egin zen (nahiz eta gero ez bete), atxilotuak askatu zituzten eta agintariek ez zuten inor kanporatu. Polizia-etxera eta kartzelara ez ezik, zezen plazara ere eraman zituzten protestaldietan atxilotutako 200 iruindarrak. Aldarrikapen taulak honako lau puntu hauek biltzen zituen: elikagai nahikoak eta prezio egokian; greban parte hartzeagatik zigorrik ez; lanuzteagatik galdutako soldata berreskuratzea; eta atxilotu guztiak askatzea.
PCE protesta giro horretaz baliatzen saiatu bazen ere, argi geratu zen bere ezintasuna, hurrengo mobilizazioetan ikusi zen bezala. 1958ko maiatzaren 5eko Adiskidetze Nazionalaren Egunean zein 1959. urteko ekainaren 18ko Greba Orokor Baketsuan soilik bere inguruko sektoreak mobilizatu ziren. Nafarroa Garaian alderdi ezkertiar tradizionalek oso eragin bazterrekoa zuten. Gainera, artean ez zen aldarrikapen politikoen garaia. Beste hamarkada bat beharko zen.

Testua: Patxi Abasolo López




* Iruñea frankismopean [VII]: "Familia tradizionalistak"

No hay comentarios: