viernes, 17 de mayo de 2019

Rosa Luxemburg, "Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti" [II]


Wronke, 1917ko uztailak 20

"[...] Atzo gauean, bederatziak aldera, ikuskizun eder baten lekuko izan nintzen berriro. Eserita nengoen sofatik leihoko beira argitzen zuen isla arrosa bat nabari nuen. Honek txunditu ninduen zerua erabat grisa baitzegoen. Leihorantz korrika egin eta edertasun haren menpe geratu nintzen. Ekialdean, zeru gris berdinduaren gainean hodei arrosa eder neurrigabea nabarmentzen zen, erabat irreala zen, beste leku ezezagunetatik etorritako irribarre bat, agur bat bezala. Nik askatasunaren moduko zerbait sentitu nuen, nahigabe bi eskuek luzatu nituen agerraldi magikorantz. Ez al da ederra bizitza eta ez al du merezi bizirik egoteak horrelako kolore eta irudiak jasotzeko? Ezin nuen nire begirada askatu ikuskizun argitsu hartatik eta argi izpi gorrixka bakoitza irentsi nuen, bat-batean nire jarreraz barre egin nuen. Jauna! Zerua, hodeiak eta munduko edertasuna ez dira Wronken geratuko, nik ez diet agur esango. Ez, luzaro lagunduko naute noan lekura noala, ni bizi naizen arte [...].


Breslau, 1917ko abuztuak 2

"[...] Berehala -gutuna idazteari utzi diot zerua behatzeko- eguzkia gradu bat jaitsi da eraikuntzen atzetik, goialdean hodei txiki pilo bat -Jaungoikoak daki nondik etorriak- isiltasunean elkartu dira. Gris xamur kolorekoak dira, zilar kolorekoak eta distiratsuak dira ilaran, hausten diren irudiekin iparrerantz zuzentzen dira. Arduragabekeria handia dago igarotzen diren hodei hauetan, irribarre axolagabe bat bezalakoak dira, neuk ere ezin izan dut irrabarrea ekidin, inguratzen nauen bizi erritmoarekin bat nator beti. Horrelako zeru baten aurrean nola izan daiteke norbait ankerra edo zitala. Ez ahaztu inoiz zure inguruari begirada bat botatzea, beti aurkituko duzu bihozbera izateko arrazoiren bat [...]".


Breslau, 1917ko abenduaren erdialdean


"[...] Atzo, nire buruarekin mintzatuz zera nioen: ez al da bitxikeria bat alaitasunean murgildurik egotea beti, arrazoi bakar bat izan gabe. Adibidez, lastaira gor-gogor batean nago eztanda, zelda ilun batean, nire inguruan betiko hilobiko isiltasuna dago, hilobi batean banengo bezala da. Presondegi aurrean gau guztia erretzen diharduen lanpararen islak leihotik sartu eta sabaian dantzatzen du. Une batetik bestera, urrunean tren baten burrunba lausoa entzuten da eta leihopean, oso hurbil, zaindariaren eztul txikia, zangoak luzatzeko bere bota astunekin dabilela. Bere boten azpian, etsita kirrikatzen da area, gau beltz hezean irtenbiderik gabeko bizitza baten atsekabea gogorarazten duela dirudi. Hemen nago etzanda, bakarrik, ilun, negu aspergarriaren menpe, hala ere pentsaezinezko poz berezi batek astintzen du nire bihotza, eguzki distiratsuaren pean, zelai loratu batean banenbil bezala. Eta ilunpean bizitzari irribarre egiten diot, hondamendia eta goibeltasuna argitasun eta zorion bihurtzeko sekretu miragarria ezagutuko banu bezala. Beraz poz honen arrazoien bila nabil, ez ditut aurkitu eta ezin dut saihestu nire buruaz barre egitea. Nik uste bizitza bera dela sekretu bakarra, gauaren iluntasun sakona belusa bezain ederra eta leuna dela ongi begiratuta. Eta zaindariaren pauso geldiaren eta astunaren pean sableak kirrinkatzen duenean ere bizitzak kantatzen du, entzuten jakinez gero. Une horietan, zugan pentsatzen dut, asko gustatuko litzaidake, egoera edozein delarik, edertasunera eta zorionera sarbide den giltza magiko hau zuri igortzea, une xarmagarri batean bizitzen utziko lizukeena, kolore aberatsezko zelaian ibiliko bazina bezala. Nik ez dizut aszetismorik aholkatu nahi. Nik poz ukigarri egiazkoak opa dizkizut, baina nik soilik, nire zorion agorrezina adierazi nahi nizun [...]"




Rosa Luxemburg, Kartzelako gutunak Sophie Liebknecheti,
Katakrak Liburuak, 2018, 72,77, 78. orr.






No hay comentarios: