lunes, 3 de junio de 2019

Iruñea frankismopean [IX]: Langile- zein nazio- askapenerako mugimendu berriak


La conflictividad laboral de los años 60 en la Alta Navarra vino de la mano de un nuevo movimiento obrero que, poco a poco, fue asumiendo también reivindicaciones políticas hasta convertirse en un auténtico quebradero de cabeza para la dictadura. El mismo Carrero Blanco manifestaría a los empresarios navarros su preocupación por esos “subversivos profesionales”, “revolucionarios que no respetan la autoridad” y generan “tensiones sociales extremas”.

Nazio-askapenerako mugimendua
Arrotxapeko grafitia, 2011
Euskal Herrian ETA (Euskadi Ta Askatasuna) eta CCOO (Langileen Batzordeak) izan ziren frankismoan sortutako bi fenomeno garrantzitsuenak, diktaduraren aurka borrokatu ziren eragile nagusiak. Biek haustura demokratikoa aldarrikatu arren, azkenean erakunde independentista eta sozialista zein bere inguruan hedatu zen mugimendu politikoa izan ziren erreformak bereganatu ez zituen ia bakarrak.
ETAren sorrera inflexio puntu bat izan zen Euskal Herriaren historian. Gerraosteko urteetan abertzaleek pairatzen zuten etsipen politikoari egundoko astinaldia eman zioten belaunaldi berriko gazte horiek. Hasiera-hasieratik borroka armatua izan zuen ardatza. Aldi berean, ETA izan zen ondorengo hamarkadetan sortutako erakunde askoren hazia: MCE, Branka, LCR-ETA VI, LAIA, ETA (pm), Iparretarrak, Komando Autonomoak, eta abar. Horien guztien inguruan herri mugimendu emankorra hedatzen hasia zen. 1967an egindako V. Biltzarrean definitu zen behin-betiko erakunde berriaren ideologia: independentzia eta sozialismoa, txanpon beraren bi aurpegiak.
Paul Preston historialariak dioen bezala, erregimen frankista ezin zaurituzkoa zeneko mitoa hondatu egin zuen ETAren jarduerak 60ko hamarkadan. Urte horietan Iruñean zein Nafarroa Garaian izandako jarduera armatua (esaterako, 1964ko abenduaren 22an ETAren barruan zegoen Iratxe taldeak lehergailu bat ezarri zuen hildako frankisten aldeko Monumentuan), ez zen beste herrialdeetan bezain indartsua izan. Iruñean izan zuen eragin politikoa, ordea, ekintzetatik haratago zihoan, eta errepresioaren aurkako mugimendu bizia garatu zen, kalean zein lantegietan. Poliki-poliki elkarrengana hurbiltzen joan ziren bi mugimendu berriak: euskal independentismoa eta langile-mugimendua. Eta prozesu horren ondorioz, herrialde gatazkatsuena bihurtu zen Nafarroa Garaia, langile-aldarrikapenak zein aldarrikapen politikoak bat egin baitzuten 70eko hamarkadan.

Langile-mugimendu berria
Marcelo Celayeta, Barrikadetako etorbidea, 70. hamarkadan
ETAko Langile Fronteak oso eragin eskasa izan zuen urte horietan. Ez, ordea, LCRk eta MCEk, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta ORTk (Organización Revolucionaria de Trabajadores) Nafarroa Garaian. Zalantza izpirik ez, ORT izan zen nafar eragile garrantzitsuena langile-mugimenduan. Industrializazio prozesu berriarekin batera, langile-mugimendu berri bat sortu zen Iruñerrian, berezko ezaugarriak izan zituena. Nabarmendu behar da langile horiek ez zetozela tradizio ezkertiar batetik, sektore kristauetatik baizik. HOAC (Hermandades Obreras de Acción Católicas), VOJ (Vanguardia Obrera Juvenil) eta JOC (Juventud Obrera Católica) erakundeak 1946an, 1955ean eta 1956an sortu ziren, hurrenez hurren, espainiar Estatuan. Gero ilegalizatu bazituzten ere, sindikatu libreen hutsunea bete zuten, eta han formatu ziren gero CCOO (Comisiones Obreras), USO (Unión Sindical Obrera) eta AST (Asociación Sindical de Trabajadores) sortu eta gidatuko zituzten liderrak.
1963an, VOJeko zati batek sindikatu klandestino bihurtzea erabaki zuen, eta AST sortu zuen Estatu espainiar osoan. Nafarroa Garaian ere urte horretan agertu zen. Eragin handiko erakundea izan zen, batez ere CCOOn zeukan nagusitasunagatik. Hauteskunde sindikaletan parte ez hartzeko erabakiak talka egiten zuen PCEk gidatzen zuen Espainiako CCOOren estrategiarekin. Azken hauek Sindikatu Bertikalean parte hartzearen aldekoak ziren. 1971n ASTk ORT alderdi politiko bihurtzea erabaki zuen. HOACetik sortutako USO erakundeak ere presentzia garrantzitsua izan zuen hainbat lantegitan, Inquinasan edo Pamplonican esate baterako.
Sektore horiek guztiek bat egin zuten 1966ko amaieran Frenos Iruñea enpresako greban, eta 1968an Nafarroa Garaiko CCOO sindikatua sortu zenean. Lan gatazkak areagotuz joan ziren, nahiz eta oraindik kutsu politikorik ez izan. ORT izan zen, dudarik ez, oposizioko talde garrantzitsuena 1976ra arte. Langileen batzordeak sortu zituenetik, eta 1972ra arte, ASTk gidatu zuen, ia bakarrik, eta zuzendaritzan talde nagusia izan zen 1977ko otsailean Sindikatu Unitarioa sortu zen arte.
Enpresariek Carrero Blancori zuzendutako gutun batek oso ongi adierazten digu ORTk zein CCOOk sortzen zizkieten kezkak: «autoritateari muzin egitea», «gizarte-tentsio muturrekoak», «izaera iraultzaile garbia», «subertsibo profesionalak», eta abar. Nafarroa Garaiko gizarte sektore zabal bat 1936ko altxamendu militarraren aldekoa izan zela aintzat hartzen badugu, 70eko hamarkadaren egoera oso bestelakoa zen.

Greba Handiak
1972tik aurrera, ORTk eremu sindikala gainditu eta MCE zein PCE(i)rekin Auzo Batzordeak antolatzen hasi zen. Hamarkada horretan izaera politikoa hasi zen nagusitzen langileen aldarrikapenetan. Hiru gatazka aipatu behar ditugu ORTk izan zuen garrantzia ulertu ahal izateko: 1969-70eko langileen ofentsiba, 1971. urteko errepresioarekin gailurra lortu zuena; 1973an Motor Ibéricako langileen alde egindako elkartasun greba orokorra; eta 1974ko abenduaren 11ko greba Hego Euskal Herrian, ORT eta MCEk deituta, Nafarroa Garaian 1975eko urtarrilean egindako itxialdiarekin amaitu zena. Hori guztia Iruñearen inguruko industria-guneetan.
1973ko greban, erakunde guztiek aintzat hartu zuten CCOOren gidaritza lana. Grebak erabateko eragina izan zuen gizarte osoan, lantegietatik abiatu eta zerbitzu-eremuetara zein ikastetxeetara iritsi baitzen. Auzo guztietan izan ziren enfrentamenduak poliziarekin, eta prentsan oihartzun zabala lortu zuen.
Espainiako CCOOk ekainean 1974ko udazkenerako bizitzaren garestitzearen aurka Greba Orokorra iragarri bazuen ere, azkenean PCEk bertan behera utzi zuen deialdia. Hala eta guztiz ere, ORTk eta MCEk eutsi egin zioten deialdiari Hego Euskal Herrian. Lan aldarrikapenak eta aldarrikapen politikoak batera joan ziren, lantokietan zein kaleetan. 1974ko abenduaren 11ko greba erabatekoa izan zen lau herrialdeetan.
Hego Euskal Herrian CCOOren zatiketa gauzatu zen 1974ko amaieran. Alde batetik, PCEk CONE (Coordinadora Obrera Nacional de Euskadi) sortu zuen Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban; MCk, ETA VI-LCRk eta ORTk, bestetik, CONEn sartu ez ziren langileen batzordeak zein Nafarroa Garaiko guztiak CECOn (Coordinadora de Euskadi de Comisiones Obreras) bildu zituzten. PCEk gidatutako batzordeek ez zuten bat egiten «indar errepresiboak deuseztea» edota «herriaren aurka egindako krimenen aurrean erantzukizun politikoak eskatzea» aldarrikatzen zuten eskakizunekin. Nafarrek, ordea, bereari eutsiz jo eta su jarraitu zuten haustura demokratikoaren alde.

Testua: Patxi Abasolo López


* Iruñea frankismopean [VIII]: "Lehenengo masa-mobilizazioak"