miércoles, 3 de julio de 2019

Iruñea frankismopean [eta X]: Erreforma ala Haustura?


Durante los últimos años de la dictadura y todo el proceso de Reforma, la represión siguió siendo una cruel realidad con torturas, estados de excepción, detenciones sistemáticas e indiscriminadas y fusilamientos. El 27 de septiembre de 1975, el régimen franquista, nacido cuatro décadas atrás entre muerte y terror, despidió a su dictador de la misma manera, matando.

Azken urte horietako borrokak ez ezik, nazioarteko egoerak ere iragartzen zuen diktaduraren amaiera. Ekainean, gainera, Franco diktadorea oso larri ospitaleratu zuten. Carrero Blanco gabe (ETAk 1973ko azaroaren 20an hil zuen), diktaduraren amaiera hurbil ikusten zen, eta berrogei urte horietan familia eskuindarren artean ezarritako oreka apurtu egin zen bat-batean. Hariak askatzean, eta erreforma egonkortu bitartean, botere-borroka eta mugimendu aunitz gertatu ziren.

Hitz-zopa itzela
Juan Paredes, Txiki
Oposizioari dagokionez, Katalunian zegoen oposizioaren erakunde bateratu bakarra, Kataluniako Batzarra, 1971ko azaroan sortu zen. Hego Euskal Herrian, PC alderdia (1948an kanporatua) zein Ezker Abertzalearen indarrak zeuden Eusko Jaurlaritzatik kanpo.
1974ko uztailaren 24an, PCEk Espainiako Junta Demokratikoa sortu zuen. Han bildu ziren, komunistekin batera, PSP, Juan Borboikoaren monarkikoak eta Calvo Sererek bultzatutako Opus Deiko korrontea. Ekimen horren aurrean, PSOEk (Nafarroa Garaian ia ez zuen militanterik) Konferentzia Demokratikoa eratu zuen irailean (gero Bateratze Demokratikorako Plataforma), PSOEk ez ezik, USDEk (Unión Social Democrática Española), ORTk, MCEk eta PNVk osatua. Bi urte geroago, 1976ko martxoan, bat egin zuen PCEkoarekin eta, ondorioz, Koordinakunde Demokratikoa sortu zen.
Erreformaren aldeko indarrak mugitzen hasi ziren, eta haustura demokratikoaren aldekoak atzera egiten. PCk zein diktaduraren amaierarekin batera hazi zen PSOEk, hauteskundeetan zentratu zuten apustua. Azken batean, lehenago ezinbesteko ziren hainbat eta hainbat aldarrikapen eta oinarri ideologiko alboratu egin zituzten, eta erreforma politikoari sustengua eman zioten.
Erreforma politikoaren aurrean ezker abertzalearen mundua behin-betiko sakabanatu zen. Alde batetik, egitura politiko-militarra defendatzen zuen ETA politiko militarra; bestetik, borroka armatua eta masa borroka banatzea ezinbestekotzat hartzen zuen ETA militarra. ETA (pm)tik, EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia) eta EE (Euskadiko Ezkerra) sortu ziren espainiar hauteskundeetan parte hartzeko helburuarekin.
Langileei zegokienez, urte horretan LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) agertu zen. ELAk, bitartean, erakundea bera zuen helburu nagusia, eta erreformaren aldeko indarrekin lerrokatu zen. CCOOk zatiketak eta militanteen hustuketa etengabeak ezagutu zituen, erreforma politikoaren aurrean izandako jarrera zela eta. Batzordeak sindikatu tradizional gisa egituratu zirenean, zalantzak izan ziren militante borrokalariek alde egingo zuten edo sindikatuaren sektore kritikoa osatuko, barrutik eragin ahal izateko.
Herri mugimendu aberatsa zegoen Euskal Herrian. Langile-mugimendua ezezik, auzo-mugimendua, errepresioaren eta zentral nuklearraren aurkako mugimendua, eta amnistiaren zein euskararen aldeko mugimenduak.

Errepresio latza
Diktaduraren azken urteetan zein Erreformaren prozesu osoan ere, errepresioa presente izan zen une oro: torturak, salbuespen egoerak (1967 eta 1971 bitartean bost ezarri zituzten), bereizi gabeko atxiloketa sistematikoak, inkontrolatuen erasoak, fusilamentuak. Azken hauen bidez ikus zitekeen hildakoen gainean sortutako erregimen politikoak hildakoekin amaitzeko asmoa zuela, eta horrela egin zuen 1975. urteko irailaren 27an ETAko Txiki eta Otaegi zein FRAPeko Baena, Garcia Sanz eta Sanchez Bravo fusilatu zituenean. Azken salbuespen egoera 1975. urteko apirilaren 26an ezarri zuten, nahiz eta neurri hori jada instituzionalizatu egin zen Ordena Publikoaren Legearekin.
Abuztuaren 27an Otaegi eta Garmendiaren aurka egin zen Gerra Kontseiluak bi greba orokor eragin zituen; abuztuaren 28 eta 29an, eta irailaren 1 eta 4 bitartean. ETAmk, ETA pmk, ETA VI-LCRk, MCk, ORTk, Karlistek, Euskadiko PCk, PSOEk eta PTk deitu zituzten. Baionan eta Hendaian ere izan ziren protestaldiak. Irailaren 19an, bestalde, Juan Paredes Manot Txikiren aurkako Gerra Kontseilua izan zen. Ondorioz, hilaren 28 eta 30 bitartean hirugarren greba orokorra izan zen Hego Euskal Herri osoan. Frankismoaren aurkako jarrera ez ezik, herri bateko kideak izatearen sentimendua ere hedatu zen euskal langileen artean.
Protestak mundu osora zabaldu ziren. Espainiar enbaxada askori eraso zieten eta Mexikok Nazio Batuen Erakundetik botatzeko eskatu zuen. Espainiar oposizioa batzeko ere balio izan zuen, lehenengo aldiz batera sinatu baitzuten agiri bat Junta Demokratikoak eta Bateratze Demokratikoa Plataformak.
Franco diktadorea hiltzear zegoenean, Euskal Herrian errepresioaren biktimen kopurua inoiz baino handiagoa zen. 1969. urtean, 1.953 atxilotu eta 342 erbesteratu zein iheslari izan ziren, eta 1975. urtean, berriz, 4.265 atxilotu eta 518 erbesteratu zein iheslari. Osotara, azken zazpi urte horietan 8.043 lagun atxilotu zituzten, horien artean 2.074 kartzelatu, eta 1.026 lagunek Euskal Herria utzi behar izan zuten. Torturari dagokionez, 1959-1977 epean, 3.000 torturatu inguru izan zirela uste da, nahiz eta garai hartan ia ez zegoen, kasu gehienetan, tratu txarren inguruan salaketa judizialak edo publikoak egiteko aukerarik.
1975. urteko azaroaren 20an Franco hil zen. Azaroaren 22an eta Ondoretza Legeak agindu bezala, Juan Carlosek zin egin zituen Mugimendu frankistaren printzipio eta legeak. Hori eginda, errege izendatu zuten. Diktadurak gidatu zuen errepresioa, ordea, ez zen desagertu, lehendik betetzen zuen funtzio politikoari eutsiz. Testuinguru horretan kokatu behar ditugu kontrolik gabekoen erasoak, Gasteizen 1976. urteko martxoaren 3an izandako sarraskia, Jurramendin karlisten aurkako ekintzak, edo 1978. urtean Sanferminetan Espainiako poliziak sortutako zorigaiztoko gertakariak. Haustura demokratikoa aldarrikatzen zuen sektore borrokalarientzako abisu gordinak izan ziren horiek guztiak.
Urte horietan emandako urratsak garrantzi handikoak izan ziren eta erabat baldintzatu zuten diktaduratik sortutako erregimen politiko berria. Abian ezarritako hauteskunde-prozesuak erreforma politikoari zilegitasuna eman bazion ere, Euskal Herrian sektore zabal batek haustura demokratikoari eutsi zion. Nafarroa Garaian ere, amildegia hasi zen eraikitzen instituzio politikoen eta gizarte-sektore dinamikoenen artean. Azken finean eta neurri handi batean, hauek aintzat hartu gabe bideratuko baitzuten aipatutako prozesua.

Testua: Patxi Abasolo López


* Iruñea frankismopean [IX]:



No hay comentarios: