jueves, 16 de febrero de 2012

Arrotxapeako Egunkaria / El Diario de la Rotxa (20)

   Hogeita bi egun joan zaizkigu gure Egunkari honetan azken kronika idatzi genuenetik. Hori bai, guk idatzi ez arren, Arrotxapeako auzokideek, hormek, zuhaitzek eta harriek mila kontu eta istorio kontatzen jarraitzen dute etengabe. Zoritxarrez, krisiak ez du atseden hartzen; zorionez, aldarrikapenek ere ez, behar baino apalagoak badira ere. Hona hemen urtarrilaren 1ean non-nahi itsatsita topatu genituen orriskak:

Argazkia: Patxi Abasolo Lopez.

   Hori bai, ezin diegu soilik goikoei bere jarrera suntsitzailea aurpegiratu. Begiratu, bestela, nola topatu genituen, urtarrilaren 25ean, Curtidores zubian loturik ziren bi txirrindula horiek:

Argazkia: Patxi Abasolo Lopez.

   Auzokide askok, bestetik, urte berria ospatu dute; bai, urtarrilaren 23an eta hurrengo bi asteetan, Arrotxapea ezertaz konturatu gabe. Txinatik etorritako lagunek agur esan diote Untxia urteari, eta ongi etorri eskaini Herensugeari. Ilargiaren egutegiaren arabera, 4.710. urtean sartu gara.

"Euskal Herria" txineraz.

   Istorio bitxiak ere badira, beitu zuhaitz tronpetari hau, otsailaren 1ean harrapatu banuen ere, badirudi tronpeta jotzen darraiela egun hauetan ere:

Argazkia: Patxi Abasolo Lopez.
    Eta istorio luzeak, kilometrotan gutxienez. Otsailaren 4an, preso diren Txetxu eta German auzokideon lagun eta familiak Errotaberri elkartean elkartu ziren haien urtebetetzeak ospatzeko. Batzuk, ordea, ezin hurbildu, kotxea hartu eta ordu txikietan etxetik atera behar baizuten espetxeetara garaiz ailegatu ahal izateko. Ni Zigor Ruiz ikustera joan nintzen aste buru horretan. 1.276 kilometro, elurra, izotza… 40 minutu lagun batekin egon ahal izateko, beti ere kristalezko hormak banandua. Ongi da Zigor, nahiz eta hobe egon beharko. Azken bolada honetan, funtzionarioak zirikatzen ari dira eta egunero mila oztopo jartzen: berogailua, arropa, liburuak… Gaur goizean irakurri dut Honduraseko espetxeko sarreran diren hitzak: “Hagase justicia / aunque perezca el mundo” Con la tragedia que medio mundo de ahí ha acabado pereciendo (357 presos muertos de un total de 800), precisamente a causa de esa justicia.

Herrrera de la Manchako Espetxean.
Argazkia: Patxi Abasolo Lopez.
   Arrotxapea eta euskara maiz topatzen ditugu eskutik helduta. Urtarrilaren 26an asanblea informatiboa egin zen auzoko euskaltegiari buruz hitz egiteko. Iaz bi talde osatu ziren. Otsailaren 3an, Arrotxapeako EHEk deialdia zabaldu zuen UPNren egoitzaren aurrean “Euskaraz bizi nahi dugulako, eskola euskaldun burujabe!” leloarekin, gure auzoak ere 0-3 Haur Eskola eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxea behar dituelako, euskaraz jakina!. Otsailaren 13an aurrematrikulazio kanpaina bukatu da, osotara 3 urteko 6.800 ume nafarri zuzendua. Iaz %18k egin zuen euskarazko ereduaren alde. Ea aurten kopuru hori gainditzen den.
   Ez ditzagun ahatz festa eta parranda, aldarrikapena eta jaia txanpon bereko bi aldeak baitira. Santa Ageda egunean oso jende gutxi atera bazen ere (hotz izugarria bazegoen), aste honetako ihauterietan, otsailaren 18an, bigarren aukera dugu kalera atera eta lagunen artean disfrutatzeko. Aurten, gainera, Ihauteriek mozorroak, historia eta memoriak uztartuko ditu, mundiala! Ongi pasa!



* Entrada anterior:

No hay comentarios: