viernes, 9 de marzo de 2012

Nestor Basterretxearekin solasaldia

   Eskultura "oso Euskal Herrikoa" dela dio Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924), eta eskultore gisa da gehienbat ezaguna, arte molde ia guztiak landu arren. Lanean jarraitzen du, bere zahartzaroari forma eta espazioa, eta denbora ere, eman nahian. Hona hemen Berriako "Igandea" gehigarrian Irune Lasak egindako elkarriketa.


"Sorkuntzak defenditzen nau heriotzan gehiegi pentsatzetik"


 
Argazkia: Alfredo Aldai, Berria.
- [...]
- Lanean?
- Ezin naiz egon ezer egin gabe; nire adinean gehiegi pentsatzen da heriotzan, eta horretaz sorkuntzak defenditzen nau gehien. Orain, Bilboko Arte Ederren museoan egingo dudan erakusketa antologikoa prestatzen ari naiz [2013ko maiatzean egitekoa].
- [...]
- Zuk ere euskal espiritua abiapuntu izan duzu.
- Nik ere ahal nuena egiten nuen gure euskal sustraitik abiatuta. Konturatu nintzen nire tokia hor zegoela: euskal lurretik mundura zabaltzean. Niretzat garrantzitsuak ziren bi kontzeptu biltzen ziren hor: munduko gizon izatea, zentzu intelektualean, baina atzean utzi gabe, antzinakoak izanagatik ere, Euskal Herriaren esperientzia, istorio magiko guztiak. Horregatik egin nuen nik euskal kosmogonia seriea. Inork ez zuen gure iragan magikoa hartu eta artelan moderno kategoria eman. Ekarpen interesgarria iruditzen zait, zilegi bazait hori esatea.
- Zerbait berria behar zen.
- Sorkuntza behar zen. Sorkuntzarik gabe ez dago aurrerapenik. Euskal makina geldituko zen, eta gauzak folklorismoan geldituko lirateke. Jakina, folkloreak ere balio du, egon behar du desberdintasunik, bestela berdin dio euskalduna edo errumaniarra edo dena delakoa izatea. Baina gure etsaiek, etsai politikoek, hori ukatu egiten dute, ez dutelako hori sentitzen. Eta hori sentitzen ez dutenez, ez dute gurearekiko errespeturik ere sentitzen. Errespetatu egin behar dira gure antzinatasuna, gure legeak, euskara...! Ze kalte egiten dugu, bada, horrekin? Eskerrak badagoen kontzientzia berri bat hainbat sektoretan. Hau ez da galduko. Ez da galduko.
- [...]
- Arte modernoa zaila da.
- Arte modernoa oso jende gutxik ulertzen du. Nire kasuan, heroitasuna hau egitea da [mahai gaineko marrazkia erakutsiz], jakinda ez dela ulertzen. Baina ni konturatzen naiz, hemen badagoelako modernitaterako jauzi bat, aurrerapen bat dela. Eta sekula ez naiz jartzen pentsatzen salduko den edo zenbat balio duen.
- [...]
- Txillida eta Oteizaren besarkada hura zer iruditu zitzaizun?
- Aurpegiratu nion Jorgeri zer arraio egin zuen. "Engainatu egin ninduten", bai zera engainatuko zintuzten zu! Argazkia egin eta hamar egunera izan genuen eztabaida hori. "Traizioa izan da, Jorge", aurpegiratu nion, "zurekin geunden guztiak nola utzi gaituzu?". Paragrafo bat bidali zidan gero: "Putaseme falangista hau", eta abar... Esan nion: "Hori nik bakarrik entzuten dut, eta besarkadaren ergelkeria hori milaka pertsonak ikusi dute". Ez zen batere ausarta Jorge... batere ausarta.
- Zergatik egin zuen?
- Txillida fama galtzen ari zen momentu hartan, eta Jorgerena hazten. Orduan hark [Txillidaren emazte Pilar Belzunzek] gutun bat bidali zion Jorgeri, "zergatik ez besarkada bat, biak hemengoak izanda...". Gutuna erakutsi zidan Jorgek, "begira zer dion emakume honek. Nola pentsa dezake hori egingo nukeenik!". Eta gero onartu egin zuen! Jorge oso zaila zen. Kontraesanez betea. Eta ezin gara izan gizon kontraesankor baten oso-oso laguna. Adiskide ona izan naiz harena, baina... Berak errazegi baztertzen zintuen.
- Hainbat teknika eta molde landu dituzu artean. Baina eskultore moduan ezagutzen zaituzte herritarrek.
- Eskulturak kalean daudelako. Eskulturak indar berezia du Euskal Herrian, oso gurea da. Kolorea, adibidez, katalanagoa da, mediterraneoagoa. Gu hieratikoagoak gara, sendoagoak, neurritsuagoak, irauteko pentsatuak bagina bezala. Egia da gauza asko landu ditudala. Nik ideia bakoitzarentzat arte, molde, teknika bat dagoela pentsatu dut beti.
- Hasierara itzuliko gara? Sorkuntza heriotzaren aurka.
- Heriotza. Heriotza nire erabateko ausentzia gisa... Ze nik ez dut sinesten beste bizitza batean... Orain dela gutxi hil zait seme bat [Txabi Basterretxea zinemagilea]. Jakina, nik ez dut honi buruz hitz egin nahi emaztearekin, baina... betiko hil da. Akabo Txabi...
...Eta jakitea betiko desagertuko zarela... Halako larritasuna sortzen zait... Galdetzen diot neure buruari: mundu honetako igarotzea, bizitza, behar bezala baliatzeko adina sentsibilitate izan ote dut edo denbora asko galdu dut?
- [...]
- Zahartzaroa.
- Zahartzaroa bai. Zaharra naiz. Azkenean 88 urterekin, zenbat gehiago biziko naiz? Hiru urte zorte askorekin? Ezinegon handiarekin pasa ditut hainbat gau. Ohetik altxa, eta marrazten edo zerbaitetan hasi behar dut... Asko sufritu dut, eta orain gehixeago menderatzen ari naiz kontua. Horrelakoak menderatu egin behar dituzu...
Tira... Dena bukatzen zaizu. Emakumea; emakumea elementu erotiko moduan, diot. Ene... Ze artistak badu erakargarritasun berezia emakumeentzat, irudimentsuak garelako edo... ez dakit.
Hori bai, emaztea izugarri maite dut. Asko maite dugu elkar. Egia esan, beti izan naiz samurra, samurtasun zalea. Seme alabekin eta orain bilobekin eta... Egia da hori ere: ongi osatutako familia baten garaipena ere bizi dut.

No hay comentarios: