jueves, 26 de abril de 2012

Euskal Memoria: "500 urteko memoria"

   Gaur, apirilaren 26a, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena. 1512an bezala, bortxa, mina, manipulazioa, isilaraztea. Itxi gabeko zauria. Hona hemen Euskal Memoria aldizkarirako idatzi dudan artikulua, 2012ko apirilaren 5. zenbakian argiratua.

1512-2012 Nafarroa Bizirik
500 URTEKO MEMORIA


Euskal Memoria aldizkaria, 2012ko apirila, 5. zka.

2012ko uztailean Nafarroaren konkista abiatu zuen inbasio militarrak 500 urte beteko ditu.  Prozesu luzea izan zen hura: batetik, 300 urte lehenago Gaztelak mendebaldeko lurralde nafarrak konkistatu baitzituen; bestetik, inbasio horrek hogei urteko gatazka krudela eragin baitzuen. Nafarroa Garaiko lurraldeak konkistatuta, ipar lurraldeek independente biziraun zuten 1620an Frantziar Koroaren menpe gelditu arte. Gertakari horien ondorioz, Herri oso batek galdu zuen subiranotasuna, bertako jendearen borondatearen aurka.
Botereak Historian egin dituen manipulazioak oso ohikoak izan dira eta badira. Gure Historia ez da salbuespena izan, irabazleek idatzi dute, gu garaitu gintuztenek edota gu menderatzen lagundu zutenek. Haiek ordaintzen dituzte kronistak, biltzar akademikoak finantzatzen dituzte, eta testu liburuetan zer agertu eta zer ez agertu behar den erabakitzen dute.
Espainiar historiografiak ezkutatu arren, konkista eta ondorengo garaia gogorra izan zen, kezka handikoa, eta ez baketsua. Honek kontraesanean jartzen du “berdinen arteko hitzarmena” izan zela dioen bertsioa. “Bat egite zoriontsua” asmo txarreko interpretazio historikoa da, azken batean, egungo Nafarroaren egoera legezkotzat eman nahi baitu.
Memoria historikoa funtzio sozial garrantzitsu bat betetzen ari da: erregimen zapaltzaileen biktimen oroimena bizirik iraunaraztea, eta zentzu honetan, ikusezin izatera kondenatutako taldeen oroimen historikoaren berreraikitzea, bai emakumeena, bai langileen klaseena, bai konkistatutako zein kolonizatutako Herriena. Gure kasuan, Herri oso baten esperientzia, Nafarroarena, mendeetan eskubide osoz Estatu gisa bizi izan zena. Konkista prozesu luze batek, eta horrek eragin zion mendekotasun soziala, politikoa eta ekonomikoa, Historiaren trenetik jaitsarazi zuen.
Oroimen historikoa berreskuratu behar dugula diogunean, herri zapaldu honek historikoki pairatu behar izan duen ikusezin bihurtzeko prozesua gainditu beharra dagoela esan nahi dugu. Lehenik eta behin, benetan gertatutakoa argitu, konkista bat izan zela argi utzi, bortizki herri honek subiranotasuna galdu zuela baieztatu. Eta horrekin batera, garaituen memoria berreskuratzea, hau da, anonimatutik atera izen abizen horiek guztiak, inbaditzailearen aurrean ez makurtzeagatik pairatutako esperientzia traumatikoak: Murilloko Pedro de Rada, 1512ko udazkenean hil arte torturatua, Garaziko Gazteluko buru Joanicot kapitaina, 1521ean eraildakoa, Pedro Marixala, 1522an Simancaseko Gartzelan hildakoa, Belaz Madrano eta Luis bere semea, Iruñeko espetxean pozoinduak, Martin Bertiz… zein sorginkeria-prozesuak jasan behar izan zituzten emakume guztiak, haien ohiko bizimoduari eusteagatik: Juana Botin, Joana Bereterra, Graciana Iribarren, Joana Garro…
Garai hartatik datozkigu bertakoek pairatutako torturen inguruko lehenengo berriak, beti ere informazio politikoa lortzeko. Agramondarrek konspiratzen zuten bitartean, erregeordeak eman zuen nafar batzuen atxiloketaren berri: “tras habérseles dado tormento confesaron actos en deservicio de su Majestad”. Eta XVI. mende hartan ere, Iruñeko Gotorlekua eraiki zen, lehenengo polizia-etxe handia. Pirinioak zaintzeaz gain, “para sujetar la voluntad de los naturales”, idatzita utzi zuten bezala. Konkistak ezarritako erregeordeak, hiru eta lau mende beranduago Buru Politikoak eta Gobernadore Zibilak izango ziren, egun Gobernu ordezkariak, betidanik susmagarri izan diren nafar lurraldeak menperatzeko. Eta bost mende luzetan, etengabeko belaunaldi-odoleztea, milaka gaztek alde egin behar izan baitute derrigorrezko zerbitzu militarretara ez joateko.
Jazarpen-egoera horren ondorio zuzena da egun pairatzen dugun akulturazio prozesua, zeinek inposatutako kultura besarkatzera bultzatu eta behartzen gaituen. Gure oroitzapen historikoa deuseztatzean, euskal herritar askok ez dute Nafarroaren historia aintzat hartzen. Horregatik, hain zuzen ere, akulturazio hori gelditzeko, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenean bat egin dugu eragile asko, irakaskuntza- eta ikerkuntza-arlokook zein oroitzapen historikoa aldarrikatzen dugun herri mugimenduok. Egun milaka pertsonak eta ehunka eragilek egin dute bat ekimenarekin, baita 90 udalek ere. 2012ko uztailean bostehun urte beteko dira gogorarazteko. 2012. urtean espainiarren aldetik jaso genuen konkistak bost mende beteko ditu. 500 urte askatasunik gabe, estaturik gabe, indarrez okupatuta, gure buruarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko aukerarik gabe. Bost mende, finean, konkistaturik. Bost mende hauetan zehar menperatu nahi izan gaituzte, gure nortasuna deuseztatzen saiatu dira, zer ginen eta zer garen ezkutatu nahian. Indarra erabili zuten eta erabiltzen dute gure buruaren jabe izan ez gaitezen.
Ezin dugu konkistarik ospatu. Konkistak salatu beharko dira, konkistan gertatutakoa zabaldu eta argi eta garbi aldarrikatu tragedia bat izan zela estaturik gabe gelditu izana. Memoria historikoaz ari garenean, hurbila nahiz mende batzuk atzera joaten, gure kasuan gertatzen den bezala, itxi gabeko prozesu batetaz ari gara. Ordain mota baten zain dago, oraindik odoletan dagoen zauri bat da. Egiaren berreskuratzeaz ari gara, biktimei lapurtutako duintasuna berrezarri, nahiz eta pertsona horiek orain dela bost edo zortzi mende bizi, maitatu, eta sufritu izana. Gure talde oroimenetik ezabatu nahi izan dute Estatu independentea, Iruñea edota Nafarroa izenekoa, izan ginela, espainiar eta frantziar errege-erreginek deuseztatua. Zoritxarrez, gure oroimenaren kontra egindako erasoengatik, nafar asko ez dute Nafarroa beraien Historiaren zati gisa. Arrotzat jotzen dute, ezberdina. Berriz, Euskal Herriko garapen politikoa, juridikoa, ekonomikoa eta kulturala ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da Nafarroako erresumaren barruan bizi izan zen esperientzia historikoa aintzat hartzea.
Beste prozesu historikoetan gertatzen den antzera, amnistia lege faltsuak ez ditugu nahi, ahanzturaren kontrako lan iraunkorra da gurea. Aurten, 1512ko konkistaren bosgarren mendeurrenean, gure iraganaren oroimena berreskuratzeko ariketa praktiko paregabea egiten ari gara. Gure historiaren ispiluan begiratzeari beldur diotenen aurrean, menperaturik ez den Nafarroarentzat, askatasunik gabeko 500 urte izan dira, Estaturik gabe, basatiki okupatuak, eta gure etorkizuna erabakitzeko aukerarik gabe. Bost mende konkistatuak, alegia. Menderatu nahi izan gaituzte, gure nortasuna lapurtzen ahalegindu, eta zer izan garen eta garen estaltzen saiatu dira. Ezin dugu konkista bat ospatu, are gutxiago gurea baldin bada. Konkistak salatu behar dira, benetan gertatutakoa zabalduz, eta gure Estatua galtzeak izugarrizko zorigaitza ekarri zuela ozen oihukatuz. Gaur, XXI. mendean, orain dela 500 urte lapurtu ziguten burujabetasuna burutik kendu ezin dugulako, ekainaren 16an garrantzi handiko hitzordua dugu Iruñean. Nafar Herria, Euskal Herria bizirik dagoela egiaztatzeko ariketa praktiko paregabea.


No hay comentarios: