jueves, 5 de octubre de 2017

Arrotxapea, memorian iltzatua: Julieta Itoiz eta Fermin Valencia

Nork ez ditu Julieta Itoiz, La Chula Potra, eta Fermin Valencia ezagutzen? Biak beren burua musikari gisa definitzen ez duten abeslariak, biak politikari izan gabe musika politika egiteko baliabide gisa erabiltzen duten kantautoreak. Honetan, Ezkabako orrialdeetara ekarri nahi izan ditugu Ion Orzaiz kazetariak Berria egunkarian egindako elkarrizketaren hainbat atal, rap abeslari arrotxapearrak zein Getzeko kantautoreak gure auzoarekin duten loturaren berri ematen baitigute. Txopera etxea, barrikada menderakaitzak, El Porrón, eltze solidarioak... Egia ote bizipen horiek guztiak, langile auzo batenak, galdu izan direla? Egia al da ahaztu egin ditugula?

Argazki Press, Berria

Ion Orzaiz: Etxean ez bazen politikaz hitz egiten, nondik datorkizu kontzientzia sozial eta politikoa?1
J. I.: Tira, nik kontzientzia soziala eta politikoa gazte-gaztetatik garatu nuen. Agian ez modu kontziente edo intelektual batean, baina hortxe izan dut ia betidanik. Arrotxapea auzo langilean hazi izanak izugarrizko marka utzi zidan. Txopera etxekoa naiz ni, etxeek izenak zituzten garaikoa. Greba egunak, adibidez, itzelak ziren auzoko haurrondako. Guk ez genuen oso ongi ulertzen gertatzen ari zena, baina auzo osoa karrikan ikusten genuen, eta, guretzat, jolas baten gisakoa zen. Harrapaketan ibiltzen ginen, polizia eta lapurren jolasean... baina benetako poliziak ziren auzoa inguratzen zutenak. Memorian iltzatua geratu zitzaidan giro hori, bizi osorako.
F. V.: Han egiten genituen ORTko bilerak ere. El Porron tabernan.
J.I.: Bada, hantxe bizi nintzen ni ere! Porronen, barrikadak jartzen zituzten tokian.
F.V.: Hortxe gertatzen zen dena, aldirietako auzoetan: Sanduzelai, Txantrea, baina, batez ere, Arrotxapea. Klase kontzientzia izugarria nabari zen. Eta hango apaizak ere halakoxeak ziren: langileak, intelektualak, komunistak... Berebiziko elkartasuna eta konplizitatea sumatzen ziren. Manifestazioak antolatzen genituen, eta, zomorroien [polizien] furgonetak sirenak piztuta azaltzen ziren unean, etxeetako atariak zabaldu, eta barruan ezkutatzen gintuzten bizilagunek. Potasasen egin genuen itxialdietako batean, janaria ere eman ziguten. Zeukaten guztia ematen zuten borrokan ari zirenen alde.
J.I.: Egia da, bai. Greba edo manifestazio bat antolatzen zen aldiro, gure bizilagun batek bi eltzekada prestatzen zituen sistematikoki: txitxirioak, babarrunak, barraskiloak saltsan... Jakin bazekien etxea jendez beteko zitzaiola, eta hor gelditu beharko zutela Poliziak alde egin arte.
F.V.: Langile auzo bat zen, finean. Pena da hori guztia galdu izana.

Testua: Patxi Abasolo López
Argazkia: Argazki Press, Berria
Ezkaba aldizkaria, 248. zka., 2017ko urria.


1Berria, 2017ko irailaren 3a.


No hay comentarios: