sábado, 10 de noviembre de 2018

Iruñea frankismopean [II]: Errepublika garaian ezkerra ezinean


En Pamplona, como en Navarra, la derecha resultó vencedora en los distintos procesos electorales vividos durante la II República española. En esta ocasión vamos a sacar una foto a la Pamplona de 1936, que contaba en Arrotxapea con su Círculo Carlista y su Centro de Trabajadores Ferroviarios en el barrio de la Estación.

Grupo de Margaritas con la bandera rojigualda en Pamplona,
 19 de julio de 1936
Kedatsa sufrearen aurkako, Ongiak Gaizkiari aurre,
Kristautasunaren gurutzatuek Kainen bilobei aitzi.
Gorriak akabatu beharra dago, gorriek Espainia
akabatu baino lehen: ederki eta bapo bizi dira presoak,
maisuek apaizei lekua kendu diete eskoletan,
gizasemeak bailiran bozkatzen dute emakumeek,
dibortzioak zikindu egiten du ezkontza sakratua,
nekazaritza erreformak mehatxu degio lurren gaineko
Elizaren jabeari...

Eduardo Galeano, Ispiluak

Espainiako II. Errepublika sortu zenetik, herrialde honetan eskuina atera zen garaile espainiar Estatuko Hauteskunde Orokorretan, 1936an espainiar Estatuan Herri Fronteak irabazi zuenean ere. Emaitza horiek ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da aztertzea nolakoa zen Nafarroako gizartea eta zeintzuk ziren bere kezka nagusiak. Nekazal gizartea baitzen, oso tradizionala, non erlijioak eragin handia zuen. Aurreko hamarkadetan, festa, mobilizazio eta debozio erlijiosoek nafar identitate katoliko militante berri baten oinarriak ezarri zituzten; identitate horrek etengabeko fede-erakustaldia exijitzen zuen etsaien aurrean, eta oposizio sendoa erakutsi zion 1931ko Konstituzio espainolaren 26. artikuluari, sekularizazio bultzatu zuenari, hain zuzen. Eskuinak, nekazal burgesia handiak, oso ongi aprobetxatu zuen herrialde horietako pentsaera tradizionala. Nekazari nafar xume askok jende zintzoaren garaipenaren aurrean zeudela uste zuten.
Herrialdearen kontrola bermatzea zen eskuinaren kezka nagusia, eta horretarako prest zegoen diktaduraren alde egiteko. Izan ere, ustezko euskal gobernu zentralizatu batek zein errepublikazaleen Nekazaritza Erreformak Diputazioari esker mantentzen zuen kontrol politiko eta ekonomikoa kolokan jar zezaketen. Hori zela eta, nafar nortasuna defendatzearen aitzakiarekin, aldarrikapen karlista forala aldatu eta euskal nazionalismoarekiko gorroto bihurtu egin zuen. Horrela, karlisten ideologian oinarrituz eta ideologia horren alderdirik atzerakoienak kontrajarriz, eskuindarrek Espainiaren aldeko defentsa sutsuaren bidez kontrol politiko eta ekonomikoa mantentzea lortu zuten. Lau hamarkada horietan etengabe ikus daiteke abizen ekonomikoen eta botere politikoen arteko lotura estua.

1936ko hauteskundeak
Una muchedumbre celebra la llegada de la II. República
 en la plaza del Ayuntamiento, abril de 1931. Fondo: AMP
Arestian esan bezala, 1936ko hauteskunde orokorretan ere eskuindarrak izan ziren Nafarroa Garaiari zegozkion zazpi diputatuak, eta horietako lau karlistak ziren, bi zedistak (CEDA alderdikoak) eta independente bat. Unión Republicana, Acción Nacionalista Vasca, UGT, Izquierda Republicana, Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista eta azken hiru alderdi hauen gazteen erakundeek osatu zuten Nafarroako Herri Frontea.
Atera diezaiogun argazkitxoa garai honetako Iruñeari. Indar eskuindarrei dagokienez Gazteluko plazan topatuko genuke Zirkulu Karlista egoitza. 1936Ko martxoaren 2an inauguratu zen Arrotxapeko Zirkulua. Karlistekin batera Zirkulu Integristak eta Falange Espainolak osatzen zuten hiriburuaren eskuina. Lizarrako Julio Ruiz de Aldak ekarria, falangistek honako buruzagi hauek zituzten: Jose Moreno, Alfonso Casanova, Angel Arriaga eta Jose Escribano. Haien lehen egoitza Karlos III.ean zegoen, eta Kale Nagusian azkena, Herri Fronteak itxiarazia 1936ko otsailean. Iruñean ez ezik, Tutera, San Adrian, Peralta eta Mendavian ere sortu ziren taldetxoak. 1936an 640 kide ziren herrialde osoan.
Indar ezkertiarrei dagokienez, alderdi sozialista, UGT eta haien Casa del Pueblo Merced kaleko 5. zenbakian ikusiko genuke, Arrotxapeko langileen eta trenbideko langileen zentroa, Xabier aldapan CNT eta Tejeria kalean Federación Anarquista Ibérica. Errepublikazaleek Bergamin kalean ireki zuten lokala, Gazteluko plazan Ezkerra Errepublikanoak (Azañaren aldekoak), eta San Ignazio kaleko 11. zenbakian Alderdi Errepublikano Autonomoak (PRRS). Komunistek ere bazuten bere taldetxoa Iruñean.
Eta azkenik, EAJk Zapateria kalean zuen Eusko-etxea, Gazteluko plazan Euskal Gazteriak, eta Sarasate Pasealekuan STVk (Sindicato de Trabajadores Vascos).
Iruñean eskuindarrek gehiengoa eskuratu zuten 11.963 botorekin. Ezkertiarrek 5.967 boto lortu zituzten, eta abertzaleek 2.416. Estatuko Parlamentuan Herri Fronteak irabazi zuen, eta berehala sortu ziren tirabirak Diputazioaren eta indar ezkertiarren artean, hauek eskatzen baitzioten Madrilgo Gobernuari Gestora berri bat izendatzeko. 1934ko gertaeren ondorioz, eta batez ere Erriberan 32 udal gobernu indargabetu edo ordezkatu egin zituztenez, Herri Fronteak aldaketa eskatzen zuen.

Ezkerra ezinean
Helburu horrekin, martxoaren 6an hogeita hamar militante ezkertiarrek, Jesus Monzon komunista buru, Foru Diputazioaren eraikina okupatu zuten. Ordu batzuk igaro eta borondatez atera ziren, haien eskaera aintzat hartuko zutelakoan. Ez zen horrela izan, ordea. Hori zela eta, Jesus Monzon bera joan zen Madrilera, bidenabar erreketeen eta militarren mugimenduen berri ematera. Espainiako Gobernuak, hala ere, ez zuen Monzonek esandakoa aintzat hartu.
Garrantzi handia zuen Diputazioak. Udalen erabakiak baliogabetzeko eskumena zeukan, eta bere ardura zen Nekazaritza Erreforma indarrean ezartzea, zeinak herrietan gatazka asko eragin baitzituen. Indar eskuindarren diskurtso politikoaren atzean (foruaren zein erlijioaren defentsa sutsuak), interes ekonomikoak ezkutatzen ziren, lurraren jabetzaren defentsa besteak beste. Ricardo Zabalzak eta Federación Nacional de Trabajadores de la Tierrak gizarte mugimendu indartsua jarri zuten martxan. Horregatik, nekazarientzat Gestora haien etsai handiena zen.
Herri-ondasunen inguruko lege-proiektuari buruzko eztabaida ekainaren amaieran eman zen Madrilen. Uztailaren 1etik 10era bitarteko sesioetan, lur jabeak haserre bizian agertu ziren, Herri Fronteko Gobernua Nekazaritza Erreforma indarrean jartzen hasi zelako poliki-poliki. Iraultzarik ez zen, legeak betearazi besterik ez. Baina Errepublikaren aurka jotzeko nahikoa izan zen.

Patxi Abasolo López
Ezkaba aldizkaria, 259. zka., 2018ko azaroa.



* Iruñea frankismopean [I]: "40 urte luze, ilun eta latzen historia"


No hay comentarios: