domingo, 24 de marzo de 2019

Iruñea frankismopean [VI]: Iruñeko udala


La nueva Gestora nombrada por el Gobernador Civil vino acompañada de fusilamientos y purgas contra concejales y trabajadoras de la administración municipal. Hubo que esperar hasta los años sesenta para que la aparición de los concejales sociales rompiera con la hegemonía del régimen franquista en el Ayuntamiento de la ciudad.

Eraildako zinegotziei Udalak eskainitako plaka
1936ko uztailaren 24an udal Gestora osatu zuen Gobernadore Zibilak: Mata alkatea, Azcarate, Arribillaga, Zabalza, Arilla, Arraiza, Beriain, E. Arraiza, Armisen, Aldaba, Turrilas, Sola, Pueyo, Mugica, Astiz eta Reta. Altxamenduari atxikimendua adierazi ondoren, berehala ekin zion udal arauak aldatzeari: eskoletan gurutzea eta Udal Batzar-aretoan Jesusen Bihotza berrezarri zituzten; bandera errepublikazalea hori-gorriarekin ordezkatu zuen; Santiago eguna jai -eguna izendatu zuen; Langileentzako laguntzaren aldeko Batzordea zein dibortzio legea bertan behera utzi zituen. Herrialdeko beste herrietara zabaldu ziren azkar batean neurri horiek guztiak.
Errepresioa jarraian heldu zen; ondorioz, zazpi zinegotzi erail egin zituzten. 2017ko apirilaren 14an Udalak berritu egin zuen eraildako zinegotzi horien omenez 2012an ezarritako plaka; horrela dio hitzez hitz:
Iruñeko Udalak eta Hiriak eskainia, Espainiako II. Errepublikari leial irauteagatik hil ziren Florencio Alfaro Zabalegui, Gregorio Angulo Martinena, Corpus Dorronsoro Arteta, Victorino García Enciso, José Roa García, Mariano Sáez Morilla, Amadeo Urla Aramburu udal-zinegotziak eta beste udal-langileak oroitu eta omentzeko”.
Lehenengo asteetan izandako errepresioaz gain, Gobernadore Zibilak abuztuaren 21ean zabaldutako dekretuarekin purga edo garbiketa prozesua hasi zen ofizialki instituzioetan. Horren bidez, Oscoz, Alfaro, Donazar, Dorronsoro, Garcia, Larrache, Anso, Goñi, Llamazares eta Garcia Fresca zinegotzi ezkertiarren kargu-uztea dekretatu zuten, baita Demetrio Garraldarena ere, lehen irakasle kanporatua izan zena.
1937ko maiatzaren 18an bigarren purga hasi zen, ikerketa prozesua amaitutzat eman ondoren. 40 langile kanporatu eta 53 zigortu zituzten. Azken hauek ondasunaren laurden bat galdu zuten hiru hilabete eta hiru urte bitartean. Bi funtzionariori derrigorrezko erretiro ezarri zieten. Lanpostuen arabera, udaltzainak izan ziren zigortuenak. Afiliazio politikoari dagokionez, berriz, errepresaliatu gehienak Izquierda Republicanako militanteak izan ziren, eta ondoren sozialistak.
1937ko otsailean osatutako udal batzordean, 18 zinegotzitik 15 karlistak izan ziren. 1944ko apirilean, 14 zinegotzi karlistak eta 4 falangistak osatu zuten udalbatza berria, Jose Garran alkate. Gutxiengo falangista eroso zegoen gobernu postuetan. Karlismoaren baitan, ordea, etengabeko zatiketa gertatu zen. Hasiera batean, bere oinarriei eustearen aldekoen eta frankismoaren aldekoen artean. Geroago, eta gizartean ematen ari zen aldaketarekin bat eginez, diktaduraren hainbat elementurekin kritikoak izatetik askatasun demokratikoak aldarrikatzera iritsi ziren sektoreak agertu ziren eszenatoki politikoan.
Gobernadore Zibilak udalaren izaera bateratzailea zein zentralista bermatzen zuen, eta etengabe zapuztu zuen udal autonomia. 1949ko Toki-erregimenaren Legeak agintzen duen moduan, udalak printzipio organikoen arabera hautatzen ziren: laurden bat familia buruak ziren, beste laurden bat ordezkaritza sindikala, eta gainerakoa erakunde ekonomiko, kultural eta profesionaletako ordezkariekin osatzen zen. Azken bi laurdenak hautatzean Gobernadoreak zuzenean eragiten zuen. Irizpide hauek indarrean iraun zuten 1979ko hauteskundeak iritsi ziren arte.

Zinegotzi sozialak
 Erice Cano, eserita bostgarrena.
Hirurogeigarren hamarkadan, Iruñean zinegotzi talde bat hasi zen tertzio sistema horrek zabaltzen zituen zirrikituak erabiltzen, sektore karlista irekienen eta HOAC kristauen babesarekin; poliki poliki indarra hartzen joan ziren eta gobernuarekin gero eta tentsio gehiago sortzen. Miguel Angel Muez, López Cristóbal, Zufira, Auxilio Goñi, Joaquín Saez eta Jesús Velasco bezalako zinegotzi sozialek hiri justuago eta urbanismo jasangarriago baten aldeko ekimenak bultzatu zituzten, beti ere soldatarik kobratu gabe.
Francisco Javier Erice Cano izan zen Gobernadore Zibilak hautatu ez zuen lehenengo alkatea. Diktaduraren azken udalbatza horretan, 1976ko apirilaren 7an, honako zinegotzi hauek izan ziren hautatuak:
Miguel Echaniz Sagues, Auxilio Goñi Donazar, Jesus Maria Velasco Iriarte, Miguel Angel Muez, Jacinto Martinez Alegria eta Juan Manuel Perez Balda familia-buruen taldean; Joaquin Saez Arguiñano, Jesus Maria Ibañez Ardanaz, Tomas Caballero Pastor, Miguel Javier Urmeneta Ajarnaute, Segundo Valimaña Setuain, Jose Maria Etayo Aznar eta Juan Frommknecht Samper ordezkari sindikalen taldean; eta Julio Moran Garces, Javier Rouzaut Garbayo, Leopoldo Abalos Almenara, Javier Arruiz Pagola, Jesus Ignacio Ibañez Uribarri eta Joaquin Arraiza Goñi erakunde ekonomiko, kultural eta profesionaletako ordezkarien taldean.
1977ko urtarilean, Ericek ikurrina ezarri zuen ofizialki Udaletxean, non haizearen eraginez dantza egin zuen harik eta 1981. urtean udalbatzaren erabaki berri batek eraitsi zuen arte.


Testua: Patxi Abasolo López


* Iruñea frankismopean [V]: "Diputazioa ereinozduna"

No hay comentarios: